Beste bat dirudi Elia Viviani italiarrak. Baina bera ez da aldatu, soilik taldea aldatu du. Skyren maillota erantzi eta Quick Stepena jantzi duenetik biziberrituta dabil Isola della Scala herrian jaiotakoa txirrindularia. Duen abilezia agerian utzi du sasoi hasieran eman dioten konfiantza eskertzeko. Pistan lorturiko emaitza paregabeak errepidean berdintzeko gogorik ez zaio falta.

Patrick Leveferek zuzentzen duen taldeak Vivianiren talentuari erreparatu eta merezi duen aukera eman dio. Pistan Fernando Gaviriarekin parez pare ibili da azkenaldian. Orain, talde berean daude eta biek dute lekua. Quick Stepek txirrindulari bizkorren ahalmena zaindu eta lantzen du. Marcel Kittel hankaluzearen hutsunea betetzeko fitxatu zuten Viviani, eta momentuz ezin hobeto atera zaie.

Australiako Santos Tour Down Under itzulian lortu zuen denboraldiko lehen garaipena Caleb Ewan eta Peter Sagan azkarren aurretik, besteak beste. Cadel Evans Great Ocean Race egun bakarreko klasikoan bigarren geratu zen. Dubaiko itzulian lortu du sasoi hasierako balentria. Bi etapa, sailkapen nagusia eta erregulartasunaren maillota irabazi ditu. Erakustaldiak emanez, gainera. Kittelen lekua hartu du palmaresean ere.

Lehen mailako esprinterrekin lehiatu da Dubain, beste batzuetan erakutsi duen mailarekin. Alboan izan dituen kideak, ordea, beste batzuk dira eta asko erraztu diote lana. Bigarren etapan bere azkartasuna erakutsi zuen. Hatta Dam-eko muinoan, aldiz, argi geratu zen beste ezaugarri batzuk dituen txirrindularia dela, seigarren sailkatuta. Aldapak gainditzeaz gain muinoetarako lehergaia du. Bosgarren eta azken etapan egindako esprinta, berriz, beldurgarria izan zen. Atzetik etorri eta guztiei diru-zorroa lapurtu zien.

Quick Step taldearekin klasiko batzuetan, astebeteko lasterketetan eta hiru asteko itzuliren batean ere esprinter titularra izateko aukera izango du. 2015 urtea mugarri izan zen berarentzako, batez ere, Italiako Giroan etapa irabazi zuelako. Orain 29 urte ditu eta pistan maila ona ematen jarraitzearekin batera, errepidean gauza bera egin nahiko du. Ziurrenik bere ibilbideko talde egokiena topatu du.