Txirrindularitzaren garapenak eta profesionalizazioak gauza on eta ez hain onak ekarri ditu. Ontasunen artean bada bat azpimarratzekoa dena. Munduko txoko desberdinetan lehiatzen diren lasterketa gero eta gehiago ezagutzen ditugu. Horren ondorio da Ruandako itzuliak izandako oihartzuna. Kigaliko aldapatzarrari esker egin da, batez ere, ezaguna. Roubaixeko harbideak Anglirun jarriko balira, Kigaliko hormaren antza izango luke.

Joseph Areruya (Dimension Data for Qhubeka) gaztea izan zen itzuliko irabazlea. Halere, hamaikagarren sailkatu zen Kigaliko aldapan. Beste gazte bat izan lehena helmugan; Valens Ndayisenga, 2016ko sailkapen nagusia eskuratu zuena. Areruyaren lorpena ez zen oharkabean igaro. Izan ere, hilabete batzuk lehenago 23 urtez azpiko Italiako Giroan garaipen historikoa lortu zuen.

22 urte beteta denboraldiari hasiera bikaina eman dio. Urtarrilean Gaboneko La Tropicale Amissa Bongo itzulia bereganatu zuen, laugarren etapa irabaztearekin batera. Aldi berean, Camerunen bukatu berri den 23 urtez azpiko Munduko Kopako L’Espoir itzulian onena izan da. Ezaugarri bereizgarririk ez du, eremu guztietan ondo moldatzen dela erakutsi duelako. Aldapa gora, behera zein ordekan. Oinarri onak dira horiek.


Etorkizuneko txirrindularia dela diote Afrikako txirrindularitza egutegia jarraitu dutenek. Europan ere hasi da bere talentua erakusten, eta soilik 22 urte ditu. Ondo bidean, Dimension Data talde profesionalarekin jauzia emateko aukera izango du. Baina hori, lehenik, talentu handiko Areruya gaztearen esku dago.