Cunegoren garaipena Aitanan

Cunego. 2009ko Vueltako 8. etapan garaipenaCunegok azken kilometroetan erakustaldi itzela eman du. Orain arte galduta zuen denborari esker faboritoek ez diote italiarrari jarraitu eta abiadura azkarrean egin du aurrera. Horri eskerrak Moncoutie harrapatu du azken kilometroetan eta helmugarako bidea erraz egin du garaipena eskuratuz. Moncoutie azkenean bigarren eta Gesink hirugarren helmugan.

Gaurko etaparen zain ginen. Bagenekien faboritoek nola dauden ikusteko etapa izango zela eta hala izan da.

Etaparen jarraipena telebistaz ikusten ari nintzela jaso dut lehen berri garrantzitsua: Andy Schleck-ek Vuelta utzi du (Tropelean %12,9ak aukeratutako faboritoa). Espero genuen Schlecktarrek Vuelta ez zutela lehiatuko baina ez nuen uste hain azkar utziko zuenik. Berarekin batera lasterketa Jerome eta Bernaudeuk utzi dute.

Taaramae izan da lehen ihesten saiatu den txirrindularia baina 20 segundoko tartea lortu badu ere bere abentura denbora gutxi iraun du. Benetako ihesaldia Bonnet, Voss, Hoogerland, Weening, Moncoutie eta Hinaultek osatu dute.
Tropeltxo honek bai, honek lortu du tropel nagusitik ihes egitea eta eguneko ihesaldia izan da. Tropeltxo honek lortu duen denbora tarterik handiena ia 13 minututakoa izan da eta ia-ia etapa irabazlea ere izan du.

Aitanako gaina igo aurretik, 3. mailako 4 mendate eta 2. mailako bi igo behar zituzten. Ihesaldiko txirrindularien helburu nagusia, beraz, etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain mendiko maillota eskuratzea izan da. Moncoutie frantziarra izan zen iazko Vueltan mendiko sari nagusiko garailea eta aurten ere bide horri ekin dio. Ihesaldian bildu dituen puntu guztiei esker berak eramango du bihar maillot hori. Iheskide izan dituen Weening eta Hoogerlandek ezin izan dute behar beste puntu bildu eta 2. eta 3. postuetan aurkitzen dira une honetan.

Caisse D’Epargne izan da tropel nagusian erantzukizuna hartu duena. Bazekiten Valverdek etapa garaipena edo lehen hiru postuetan sartuko balitzateke lidergoa eskuratuko zuela eta ez zioten aukera horri muzin egin nahi. Horretarako ihesaldia bertan behera utzi behar zuten. Erritmo bizia jarri dute eta tropelean zatiketak sortu dira. Horien artean Cancellara liderra izan da geratzen hasi dena. Suitzarrak bazekien gaur hala izango zela.

Oker ez banaiz, tropel nagusia Tudonsetik behera jaisten hasi direnean Samuel Sanchezek eroriko bat izan du. Caisse D’Epargnek egoera horretaz jabetuta erritmoa bizitu du eta asturiarrak gain esfortzu bat egin behar izan du  bat egiteko. Esfortzu horri esker Aitanaren igoera hasi aurretik bat egitea lortu du Sanchezek.

Aurrealdean mugimenduak hasi dira Aitana igotzen hasi direnean. Lehena erasotzen Hoogerland izan da baina Moncoutie ez zegoen etapa garaipenaren lehia uzteko prest. Biak aurrera egin dute eta atzealdean Cuesta eta De la Fuentek tropel nagusitik aurrera egin dute. Gero Marchante bera ere saiatu da baina bi saiakera hauek alferrik ziren Caissek lasterketaren lidergoa eskuratu nahi baitzuen gaurko etapan. Tropel nagusiaren atzealdean, berriz, Vinokourov eta David Herrero ezinean ikusi ditugu. Kale egin duen faboritoetako bat gaur kazakhstandarra izan da eta sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo geratu da.

Tropel nagusia pixkanaka pixkanaka ihesaldiko txirrindulariak irensten joan da baina aurrealdean ziren Moncoutie eta Hoogerland. Frantziarrak, ordea, erritmo aldaketa bat egin du eta Hoogerland atzean uzteko gauza izan da. Moncoutiek etapa garaipena nahi zuen eta hala izango zen Cunegok aurrera egingo ez bazuen.

Tropel nagusian eraso ezberdinak izan dira. Szmyd-ek tropelari erritmoa jarri dio gero Bassok erasoa jo zezan. Aitortu behar da italiarra saiatu saiatu dela, baina ezin izan du atzo galdutako denbora berreskuratzeko ezer egin. Erasoa jo duena eta libre joan dena Cunego izan da. Bizi-bizi egin du aurrera Lampreko italiarrak.

206 kilometroko etapa izaki eta ihesaldian egin duen esfortzuaren ondorioz, Moncoutiek etapa garaipena eskura izan badu ere, atzetik Cunego indartsu zetorren. Frantziarra azken kilometroan sartu denean garaipena eskura zuela pentsatu dugun arren, Lampreko liderrak ezarritako erritmoak Cofidiseko txirrindularia harrapatu eta pasatzerainokoa izan da. Esan bezala, beraz, Cunegok etapa garaipena.

Atzealdean eraso ezberdinak izan dira. Gesinkek bere saiakera egin eta aurrera egitea lortu du eta hirugarren helmugaratu da. Valverdek ere bere saiakera egin du, baina Evans eta Sanchezek ederki eutsi diote eta azkenean Evansek eskuratu du lidergoa.

Gori-gori dago sailkapen nagusia gaurkoaren ondoren. Evans da lider berria eta Valverde eta Sanchez 2. eta 3. dira 2 eta 8 segundotara. Lehen esan bezala, faboritoetatik asko atzeratu dena Vinokourov izan da.

Kazakhstandarraren atzerapena ikusita ez dakit Astana taldeak zein estrategia hartuko duen. Momentu honetan taldekiderik aurreratuena Haimar Zubeldia dute, 8. postuan Evansengandik 1’37”ra. Bigarrena Navarro 2’12”ra. Haimar Zubeldia izango al da taldeko lider berria? Euskaltel-Euskadi taldean izandako ibilbidea kontutan hartu beharko bagenu logikoena hala izatea deritzot. Hala ere ikusi egin behar Haimarrek nola eusten dion biharko etapari. Nire iritziz Haimar sailkapen nagusian lehen hamar postuetan sailkatzeko moduko txirrindularia da eta ahalegin horri ekin beharko lioke. Zer deritzozue?

Amstel Gold Race. Garagardoa eta bizikleta

amstel_2009Asko izan dira Gasteizen alkohol tasa altuarekin bizikletaz ibiltzeagatik multa jarri dietenak. Badirudi bateragarriak ez direla bizikleta eta alkohola, baina Holanda aldean zentzua hartuko du binomio honek bihar jokatuko baita Amstel Gold Race klasiko ospetsua.

258,6 kmtako ibilbidea bete beharko dute txirrindulariek, Maastricht-etik Valkenburg-era. Ibilbidea zirkuitu ezberdinetan banatua da eta zenbait lekutatik hirutan ere pasa beharko dute. 31 igoera egin beharko dituzte, zenbait estu xamarrak, eta kontuan hartzeko izango da helmuga maldan amaitzen dela. Zalantzarik ez jarraitzaile ugari bilduko dela bide bazterrean garagardoa eskuan txirrindulariak animatzera. Guk ere ETB1-etik jarraitzeko aukera izango dugu 15:50tatik aurrera. Continue reading “Amstel Gold Race. Garagardoa eta bizikleta”

Joan da euskal astea!

Joan da Aste Santua eta baita txirrindularitzaren euskal astea ere! Gure artean izan ditugu tropeleko ziklista indartsuenetako asko eta asko, batez ere, itzuli handietan lehiatzen ibiltzen direnak. Klasikozaleak, nola ez, udaberriko klasiko entzutetsuenetan (Flandes, Paris-Roubaix, Gante-Wevelgem…) dabiltza.

Egoi Martinez eta Gorka VerdugoEuskal Herriko Itzulian, hemengo proba nagusian, iazko Tourreko garaileak, Alberto Contadorrek, ez du aurkaririk izan. Beste guztiak baino koska bat gorago dago. Bai mendiko etapan (Arraten), bai erlojupekoan ere bera izan zen indartsuena, eta azken unera arte emozioa egon bada, ibilbidean oilarren arteko borrokarako aukera gehiago ez delako izan dela deritzot. Beharbada, azkenaurreko etapan liderra estutasunean jartzeko aukerarik bazen baina eguraldi txakurrak beste aurkariak ere kikildu egin zituela uste dut. Gainera, Astana taldeak egun horretan bere liderraren mesedetan egin zuten lanak eragin zuzena izan zuen oilarren artean izan zen barealdian.

Eguraldia oso kaxkarra izanagatik, ez dut ulertzen nolatan erretiratu daitekeen tropel erdia etapa bakarrean? Ezina ala beste probetarako indarrak gordetzen? Eskerrak profesionalak diren!!

Contadorrez gain espainiarrak nagusitu direla ere esan genezake. Lehen bost postuetan lau espainiar txirrindulari izan ditugu, tartean Cadel Evans australiarra 4.postuan sartuta. Continue reading “Joan da euskal astea!”

Contador jaun eta jabe Zallan

Alberto ContadorEspero bezala, Contadorrek erraz poltsikoratu du Euskal Herriko aurtengo itzulia. Itzulia eta bigarren etapa garaipena, bigarrenez jarraian. Eskerrak Samuelek erlojupeko txukuna egin duen ze bestela aurreratu egingo baizukeen. Maldan gora eta behera ziztu bizian joan da eta azkenean bigarren sailkatuari, Colomi, 30 segunduko errentarekin gailendu zaio sailkapen nagusian. Hori bai, aipatzekoa Colomek egindako erlojupekoa, Contadorrek mallorkiarra itzalean utzi badu ere, merezitako bigarren postua lortu baitu, bai etapan baita sailkapen nagusian ere. Samuelek podium egitea lortu du eta ez da gutxi izan (galtzerdietako eraztun olinpikoek lagundu al diote?). Evansek, berriz, espero baino maila baxuagoa eman du eta podiumetik kanpora geratu da ondorioz. Continue reading “Contador jaun eta jabe Zallan”

Contadorrek poltsikoan du itzulia

Gaurko etaparen ondoren, Contador da hautagai nagusia itzulia irabazteko. Zapatuko Zallako erlojupekoan (24 km) erabakiko da podiuma, eta lehia horretarako zazpi lagun daude: Contador, Samuel Sanchez (8 segundora), Evans (8 seg.), Colom (8 seg.), Cunego (27), Gesink (32) eta Luis Leon Sanchez (35). Izan ere, Kreuziger, Nibali, Casar eta Joaquim Rodriguezek 54 segundoko atzerapena dute eta Rogersek 1:11koa. Horiek ez dute zereginik podiumerako lehian.

2008_giro_d_italia_stage10_time_trial_alberto_contador_astanaAurten, hainbat erlojupeko izan dituzte jokoan. Paris-Nizako lehen etapan (9,3 km) Contador bera nagusitu zen; Luis Leon Sanchez 3.a izan zen (9 seg.), Colom 8.a (19 seg.), Evans 19.a (31 seg.) eta Samuel Sanchez 25.a (38 seg.). Algarven, 4. etapan 33,7 kilometroko erlojupekoa izan zuten eta hura ere Contadorrek irabazi zuen; Colom 10.a izan zen (1:27ra) eta Cunego 36.a (3:11ra). Gaztela eta Leonen, 2. etapan 28,2 kilometroko erlojupekoa izan zen eta Contador 2.a izan zen, irabazle Leipheimerrengandik 16 segundora. Tirrenon, 5. etapan 30 kilometroko erlojupekoan, Gesink 6.a izan zen, irabazle Klödenengandik 40 segundora. Kalifornian, Gesink 13.a izan zen, irabazle Leipheimerrengandik 1:15era.

dv293224Nire iritziz, Contador-Evans-Samuel Sanchez izango da podiuma, eta Colomek eta Luis Leon Sanchezek dena eman beharko dute podiumera inguratu gura badute. Cunegok eta Gesinkek, berriz, lehenengo hamarren artean sailkatzearekin nahikoa izango dute. 32 minutu inguruan ibiliko da erlojupekoaren irabazlea.

Argazkiak: Sirottti eta AFP Photo.