Amstel Gold Race. Garagardoa eta bizikleta

amstel_2009Asko izan dira Gasteizen alkohol tasa altuarekin bizikletaz ibiltzeagatik multa jarri dietenak. Badirudi bateragarriak ez direla bizikleta eta alkohola, baina Holanda aldean zentzua hartuko du binomio honek bihar jokatuko baita Amstel Gold Race klasiko ospetsua.

258,6 kmtako ibilbidea bete beharko dute txirrindulariek, Maastricht-etik Valkenburg-era. Ibilbidea zirkuitu ezberdinetan banatua da eta zenbait lekutatik hirutan ere pasa beharko dute. 31 igoera egin beharko dituzte, zenbait estu xamarrak, eta kontuan hartzeko izango da helmuga maldan amaitzen dela. Zalantzarik ez jarraitzaile ugari bilduko dela bide bazterrean garagardoa eskuan txirrindulariak animatzera. Guk ere ETB1-etik jarraitzeko aukera izango dugu 15:50tatik aurrera.

24 talde izango dira errepideetan, 192 txirrindulari. Faborito nagusiak Cunego, iazko garailea, eta Frank Schleck dira. Hala ere beraiekin batera Gesink eta Dekker holandarrak, Valverde, Samuel Sanchez, Wegmann, Rebellin, Nuyens eta Gilbert kontutan hartzekoak izango dira.

Euskal txirrindulariei dagokienez 10 txirrindulari izango dira Holandako errepideetan: Jose Luis Arrieta (Ag2R), Bingen Fernandez (Cofidis), Iñaki Isasi (Euskaltel-Euskadi), Iñigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi), Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi), Juanjo Oroz (Euskaltel-Euskadi), Alan Perez (Euskaltel-Euskadi), Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi), Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi) eta Iker Camaño (Fuji-Servetto). Nahiko nukeen arren, ez zait iruditzen garaipenaren lehian ikusiko ditugunik euskal txirrindulariak.

Udaberriko klasikek, ordea, biharkoaren ondoren jarraipena izango dute aste honetan. Asteazkenean Flecha Valona jokatuko da eta hurrengo igandean Lieja-Bastogne-Lieja lasterketa belgikarra.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.