Joan da euskal astea!

Joan da Aste Santua eta baita txirrindularitzaren euskal astea ere! Gure artean izan ditugu tropeleko ziklista indartsuenetako asko eta asko, batez ere, itzuli handietan lehiatzen ibiltzen direnak. Klasikozaleak, nola ez, udaberriko klasiko entzutetsuenetan (Flandes, Paris-Roubaix, Gante-Wevelgem…) dabiltza.

Egoi Martinez eta Gorka VerdugoEuskal Herriko Itzulian, hemengo proba nagusian, iazko Tourreko garaileak, Alberto Contadorrek, ez du aurkaririk izan. Beste guztiak baino koska bat gorago dago. Bai mendiko etapan (Arraten), bai erlojupekoan ere bera izan zen indartsuena, eta azken unera arte emozioa egon bada, ibilbidean oilarren arteko borrokarako aukera gehiago ez delako izan dela deritzot. Beharbada, azkenaurreko etapan liderra estutasunean jartzeko aukerarik bazen baina eguraldi txakurrak beste aurkariak ere kikildu egin zituela uste dut. Gainera, Astana taldeak egun horretan bere liderraren mesedetan egin zuten lanak eragin zuzena izan zuen oilarren artean izan zen barealdian.

Eguraldia oso kaxkarra izanagatik, ez dut ulertzen nolatan erretiratu daitekeen tropel erdia etapa bakarrean? Ezina ala beste probetarako indarrak gordetzen? Eskerrak profesionalak diren!!

Contadorrez gain espainiarrak nagusitu direla ere esan genezake. Lehen bost postuetan lau espainiar txirrindulari izan ditugu, tartean Cadel Evans australiarra 4.postuan sartuta. Etapa irabazleei dagokionez ere, maila handiko txirrindulariak izan ditugu garaile. Contadorren bi etapez gain, lehen etapan indartsuen taldetxoan Luis Leon Sanchez nagusitu zen eta beste hiru etapetan ihesaldi batek iristea lortu zuen. Irabazleak, a ze nolako hiru txirrindulari: Yury Trofimov (Bouygues), Michael Albasini (Columbia) eta Marco Pinotti (Columbia).

Euskal txirrindulariei dagokionez, ihesaldietan sartu dira eta aurpegia eman dutela esan behar dugu baina gehienak beraien taldeetako liderrentzat morrontza lanetan jardun behar izan dute. Azken sailkapenean, David Lopez izan da euskaldunik onena 13. postuan eta bere atzetik Egoi Martinez  sailkatu zen. Azken honek gainera, ihesaldi bati esker, tarteko helmugetako sailkapena ere bereganatu zuen. Taldekako sailkapenak segundo bakarragatik ihes egin zion Euskaltel-Euskadiri, beraz, Samuelen podiumarekin lan txukuna egin dutela esan daiteke.

Valverde ZornotzanEtxeko beste probei begiratu bat emanez gero espainiarren nagusitasuna erabatekoa izan dela esan dezakegu. Lehen proban, Laudion Euskaltel-Euskaldi taldeko Samuel Sanchez asturiarra nagusitu zen, Indurainen Sari Nagusian David De la Fuentek (Fuji-Servetto) ezustekoa eman zuen azken igoeratxoan tropelaren buru sartuz eta asteburu honetan Zornotzan, Alejandro Valverdek (Caisse d’Epargne) berriz ere erakutsi zigun amaiera bikaina duela.

Gozatu ederra hartu dugu eta tropeleko izarrak berriz ere gure lurretan ikusteko Donostiako Klasikoaren zain geratu beharko dugu. Bitartean, telebistaz jarraitu beharko ditugu txirrindularien pausuak.

Argazkiak: Susanne Goetze /www.cyclinginside.com