Sentitzen dut gaur arte Vueltaren inguruko berririk ez idatzi izana. Beharbada espero baino ikuskizun gutxiago eman zuten mendietako etapek eta horrek Vueltaren inguruan idazteko gogoa kendu zidan. Egia esan gustura idatzi nuen Romain Sicarden garaipenaz eta espero dut askok nahiago zenutela horren berri izan.
Gaurkoan iheslarien etapa izan zitekeela pentsatzen bagenuen ere, esprinta jokatu da Puertollanon eta Columbia-HTCko azkarrenak ez du barkatu.
Gaur sofan jarri eta telebistari begira jartzea pentsatu dut. Etxera iristerako irratian entzun dut nola Rosendo ihes eginda zioan 8 minutu inguruko tartearekin, beraz, loak ez hartzea izango nuela helburu.
Bide zabalak, tropeleko esprinterrak denbora jateko lanetan eta Andalucia CajaSurreko txirrindularia ihesaldian ahalik eta gehien irauteko lehian. Hain txirrindulari zalea ez banintz bataz-besteko abiadura zein zen entzun, erlojuari begiratu eta beste zerbait egitera joango nintzateke arratsaldeko 6ak arte.
Eztabaidagai jar genezake tropelak eta ordutegi ofizialaren arteko desfase ikaragarria. Ez dakit zeinek duen errua, tropelak ala antolatzaileek, baina eskerrak irailean udara den bestela ilunpetan iritsiko balirateke txirrindulariak helmugara.
Tropelak helmugarako 18 kilometro ingururen faltan harrapatu du Rosendo. Sevillarrak 140 kilometro egin omen ditu bakarrik ihes eginda eta ez da marka makala.
Guztiak ziren prest esprinterako batez ere Farrar eta Boonen falta zirela kontutan izanda aukerak handitzen baitzitzaizkien lasterketan diharduten esprinterrei. Abiadura bizian ziren azken 4 kilometro inguruan Puertollanoko kaleetan eta eroriko ikusgarria izan da. Lau txirrindulari izan dira erori direnak eta hauetatik bi esprinter, Dean eta Weylandt. Deanek jaiki eta helmugaraino iristea lortu du bere taldekide baten laguntzaz eta Weylandtek, zauri larriagoz, beranduago lortu du helmugaratzea. Quick Stepeko belgikarrak mikro austura bat duela jakin araziko dute eta bihar erabakiko dute irteera hartu ala ez.
Esan bezala nabarmen lanean Columbia-HTC taldea ari zen eta Greipelek nagusitasun handiz lortu du garaipena. Atzetik Bonnet eta Bennati izan ditu. Honenbestez Greipelek 3. garaipena du 2009ko Vueltan. Liège eta Vinaroseko garaipenen ostean, gaur Puertollanon. Horretaz gain, puntuetako sailkapenean ere lider jarri da taldean zalaparta sortu duen erabaki batek puntuak kendu arazi baitzizkion Valverderen mesedetan.
Txirrindulari gisa bidea egiteko balio ez zuela ikusita, Lefevere azkarrak bandoz aldatu eta zuzendari zein manager lanetara pasa zen. Honela, 90ko hamarkadan denok ondo ezagutzen dugun Mapei (1993-2002) talde arrakastatsuan erakutsi zuen bere benetako balioa kirol zuzendari bezala. Egun bakarreko lasterketetan ez zegoen talde hura bezalakorik. Musseuw, Bartoli, Ballerini, Bettini, Tafi, Bugno, Peeters, Camenzind, Bortolami, Steels handiak, Vandenbroucke, Merckx, Garzelli eta Freire gazteak (garai hartan) edota gure Abraham Olano aipa genitzake. Itzuli handietan ere zerbait lortu zuten, batez ere Rominger eta Tonkov errusiarrari esker. Lefevere aztiaren urrezko garaia izan zen. Denboraldi bakoitzean 50 garaipenetik gora lortzen zituen taldeak eta urte batean izan ezik, beste guztietan Mapei UCI rankineko lehenengoa izan zen. Nostalgikoentzat, talde honek hainbat abizen izan zituen bere kirol bizitzan: Clas, GB, Bricobi eta QuickStep.
Iparraldeko Kanpainaren aurreneko asteak historia belikoaren orriak elikatu ditu. Garaileak eta garaituak izan ziren La Pango hiru egunetan eta, batez ere, Flandesko Tourrean. Muinoetan gertatutako guduak ikustekoak izan ziren, eta azkenean Devolder Quick Step dibisioko flandestarrak bere eskutan zuen morteroa hartu eta geratzen zitzaion azkeneko lehergaia piztu zuen. Bai eta helburuan bete-betean asmatu ere. Boonen kapitainaren laguntzak ere izan zuen zerikusirik bere garaipenean.
Dutxa ederra hartu dut eguerdi aldera. Bestondo pittin bat dudalakoan nago, baina, zorionez, ez dut gurasoen begirada zelatari-salatarien dopin kontrolik pasa behar izan. Irratiari adi, entzumenari men… kirol orduari dagokion sintoniaren esperoan; esatariaren hitz jario landua, perfekzioa aurkitu nahiaren saiakera labaindua, antzua…