Mendien osteko esprintean Greipel nagusi

Greipel. 2009ko Vueltako 16. etapan garaipenaSentitzen dut gaur arte Vueltaren inguruko berririk ez idatzi izana. Beharbada espero baino ikuskizun gutxiago eman zuten mendietako etapek eta horrek Vueltaren inguruan idazteko gogoa kendu zidan. Egia esan gustura idatzi nuen Romain Sicarden garaipenaz eta espero dut askok nahiago zenutela horren berri izan.

Gaurkoan iheslarien etapa izan zitekeela pentsatzen bagenuen ere, esprinta jokatu da Puertollanon eta Columbia-HTCko azkarrenak ez du barkatu.

Gaur sofan jarri eta telebistari begira jartzea pentsatu dut. Etxera iristerako irratian entzun dut nola Rosendo ihes eginda zioan 8 minutu inguruko tartearekin, beraz, loak ez hartzea izango nuela helburu.

Bide zabalak, tropeleko esprinterrak denbora jateko lanetan eta Andalucia CajaSurreko txirrindularia ihesaldian ahalik eta gehien irauteko lehian. Hain txirrindulari zalea ez banintz bataz-besteko abiadura zein zen entzun, erlojuari begiratu eta beste zerbait egitera joango nintzateke arratsaldeko 6ak arte.

Eztabaidagai jar genezake tropelak eta ordutegi ofizialaren arteko desfase ikaragarria. Ez dakit zeinek duen errua, tropelak ala antolatzaileek, baina eskerrak irailean udara den bestela ilunpetan iritsiko balirateke txirrindulariak helmugara.

Tropelak helmugarako 18 kilometro ingururen faltan harrapatu du Rosendo. Sevillarrak 140 kilometro egin omen ditu bakarrik ihes eginda eta ez da marka makala.

Guztiak ziren prest esprinterako batez ere Farrar eta Boonen falta zirela kontutan izanda aukerak handitzen baitzitzaizkien lasterketan diharduten esprinterrei. Abiadura bizian ziren azken 4 kilometro inguruan Puertollanoko kaleetan eta eroriko ikusgarria izan da. Lau txirrindulari izan dira erori direnak eta hauetatik bi esprinter, Dean eta Weylandt. Deanek jaiki eta helmugaraino iristea lortu du bere taldekide baten laguntzaz eta Weylandtek, zauri larriagoz, beranduago lortu du helmugaratzea. Quick Stepeko belgikarrak mikro austura bat duela jakin araziko dute eta bihar erabakiko dute irteera hartu ala ez.

Esan bezala nabarmen lanean Columbia-HTC taldea ari zen eta Greipelek nagusitasun handiz lortu du garaipena. Atzetik Bonnet eta Bennati izan ditu. Honenbestez Greipelek 3. garaipena du 2009ko Vueltan. Liège eta Vinaroseko garaipenen ostean, gaur Puertollanon. Horretaz gain, puntuetako sailkapenean ere lider jarri da taldean zalaparta sortu duen erabaki batek puntuak kendu arazi baitzizkion Valverderen mesedetan.

Bai, azkarrena Bozic

Bozic. 2009ko Vueltan 6. etapan garaipenaSorpresa izan da beharbada, baina abisua ere eman zigun Bozic txirrindulari esloveniarrak 3. etapan. Orduan garaipena eskura izan zuela pentsatu genuen, baina indarrez ondo ez zen ibili eta Hendersonek garaipena kendu zion. Gaur ez. Gaurkoan urrutitik jo du erasoa eta erritmoari ederki eutsi dio. Merezitako garaipena.

Esprinterrei gaurko etapa ere esprintean bukatzea komeni zitzaien bihar (erlojuaren kontra), etzi (Aitanako gaina) eta astelehenean (Xorret de Cati) aukerarik ez baitute izango ibilbidea ikusita. Lan gogotik egin behar izan dute esprinterren taldeek batez ere azken kilometroetan baina helburua lortu dute.

Eguneko ihesaldia izan dugu gaurkoan ere. Protagonista izan direna iheslariak Bingen Fernandez eta Aitor Perez Arrieta euskaldunak izan ditugu eta beraiekin tropeltxoa osatzen Pronk eta Lopez Gil. Azken bi hauek atzoko ihesaldian ere sartu ziren eta gaur errepikatu egin dute. Lopez Gilek Euskaltel-Euskadiren onespena izan du ihesaldian sartzeko, eta igandera arte izango bada ere, Aitor Hernandezek atzo lortutako maillota bereganatzea lortu du. Etekina behintzat atera dio Andalucia CajaSur-eko txirrindulariak ihesaldiari.

Helmugara iristeko 24 kilometro ingurura Benjamineko gaina zuten. Ordurako tropelak tarteak murriztu ditu aurreko tropeltxoarekiko. Lehenik Pronkek eta beranduago Aitor Perez Arrietak ezinak jota aurreko taldetxoa utzi eta tropelak irentsi du. Aurrean oraindik Bingen Fernandez bere iheskideekin ari zen etapa garaipena eskuratzeko lehian.

Tropeletik Tiralongok aurrera jo eta iheslariekin bat egite lortu du eta aurrekoekin bat egitea lortu du. Hirukotea aurrera zioan eta ibilbidearen baldintzei esker, tropelari tartea mantentzeko gauza izan dira, baina ez denbora luzez. Tropelak abiadura hartu du eta 19 kilometro ingururen falta ihesaldiarekin amaitzea lortu du.

Atzokoan bezala, etapari zirrara eragin asmoz edo, esprinterren taldeei tropela kontrolatuta mantentzea zain egin zaie ibilbideak zail jarri baitie. Horretaz lehenik Ballan eta gero Breschel-ek aurrera egin dute. Biak elkarrekin eta zein ziren kontutan izanda, ihesaldiak aukera asko zituela pentsatu dugu. Hauek aurrean zirela, atzo bezala De la Fuentek eta Gilbertek berriro beste saiakera bat egin dute eta ez zaie batere gaizki atera. Aurrekoekin bat egitea lortu eta laukote arriskutsua osatu dute.

Bennatik ere esprinta nahi zuen eta Liquigas tiraka hasi da. Hortxe bukatu da laukotearen abentura. Oraindik bazen indarrak probatu nahi zituenik. Saiatu diren beste txirrindulariak Moncoutie eta Hoogerland izan dira, baina hauenak ere gutxi iraun du.

Azken kilometroan esprinter nagusiak azken zuzenerako prestatu dira. Aurrean Bozic bera jarri da eta gaurkoan erritmo biziarekin eta gogor eutsiz, Farrar eta Bennatiren aurretik etapa garaipena lortu du. Vacansoileko esprinterrak merezitako garaipena, beraz, baita taldeak berak ere. Garaipen honek ez du sailkapen nagusian aldaketarik eragin.

Bingen Fernandezen agurra

Bingen Fernandezek aurtengo denboraldiarekin txirrindularitza profesionalari agur esango dio. Abenduan 37 urte beteko ditu bermeotarrak eta txirrindularitza profesionalari etapa garaipenen batekin egin nahi dio agur. Bingen Euskadi (1996-1997), Euskaltel-Euskadi (1997-2001) eta azken 7 urtean Cofidis taldean eman ditu etapa garaipenik lortu gabe. Gaur ihesaldian sartuta saiatu da baina ez da posible izan. Baina izan seguru berriro ere saiatuko dela. Ea zortea duen eta hainbeste desira duen etapa garaipen hori lortzen duen. Animo Bingen!!

Gaurko esprintean beste esprinter bat garaile: Henderson

Henderson. Vueltako 3. etapan garaipena

Ez da izan Cavendish. Ohituak gaude Columbia-HTCko esprinterren batek irabazten duenean Cavendish dela pentsatzen, argazkia jarri izan ditugun askoren antzekoa baita, baina ingelesa ez da Vueltan. Hori bai, Columbia-HTCk gaurkoan argi utzi du esprinter on bat baino gehiago dituela taldean.

Espero bezala gaurko etapako irabazlea ere esprintean erabaki da. Askok Boonen, Farrar, Ciolek edo Bennatiren urrezko maillotaren goseak garaipena hauen artean izango zela pentsatu dugu, baina ezustekoa emanda, Hendersonek eskuratu du garaipena.

Etapa hasieran hirukote batek osatu du gaurko ihesaldia: Rosendo, Hoogerland eta Boomek. Bi holandar eta espainiarrek kilometro askotan ihes eginda izan dira, baina gaur ere tropela ez zegoen ihesaldirik onartzeko. 30 km-ren faltan begi bistan izan du tropelak hirukotea eta horretaz ohartuta, Boomek amore ematea erabaki du. Rosendok, berriz, ez zuen amore emateko asmorik eta hasieran Hoogerland berarekin zuela eta beranduago bakarrik, 15 km inguru egin ditu tropelaren aurretik. Ahalegindu da Anducia CajaSur-eko txirrindularia, baina alferrik zen.

Gaurkoan ere abiadura handia hartu du tropelak, baina atzokoan ez bezala, txirrindulariek zuhurtzia gehiagoz hartu dutelako edo, ez da erorikorik izan. Azken metroetan bazirudien Vacansoleil taldeak Bozic-i garaipena eskura jarri diola, baina ez da gauza izan abiadura mantentzeko eta Hendersonek aurre hartuaz etapa garaipena eskuratu du. Gaurkoan Freire hobeto ibili da eta hirugarren sailkatu da.

Garbi dago esprintetan ez dagoela faborito garbirik (Cavendish falta delako behar bada?). Zalantzarik gabe, egoera honek mesede gehien Cancellarari berari egiten dio, helmugan diren gain-sariak txirrindulari ezberdinen artean banatzen ari baitira eta horrela ez dira gauza lidergoa kentzeko. Horrenbestez, hirugarren egunez jarraian Cancellarak lasterketako lider jarraitzen du pronostiko askoren kontra.

Biharko etapan lasterketa Holandatik Belgikara pasako da. Bi herrialde hauetan zehar egin behar duten ibilbidean 4. mailako hiru mendate igaro beharko dituzte. Horrek etapa ehiztariei txanda etor dakiekeela pentsa arazten digu. Hala eta guztiz ere, ikusi beharko da esprinterren taldeek zein jarrera hartzen duten.