Mendien osteko esprintean Greipel nagusi

Greipel. 2009ko Vueltako 16. etapan garaipenaSentitzen dut gaur arte Vueltaren inguruko berririk ez idatzi izana. Beharbada espero baino ikuskizun gutxiago eman zuten mendietako etapek eta horrek Vueltaren inguruan idazteko gogoa kendu zidan. Egia esan gustura idatzi nuen Romain Sicarden garaipenaz eta espero dut askok nahiago zenutela horren berri izan.

Gaurkoan iheslarien etapa izan zitekeela pentsatzen bagenuen ere, esprinta jokatu da Puertollanon eta Columbia-HTCko azkarrenak ez du barkatu.

Gaur sofan jarri eta telebistari begira jartzea pentsatu dut. Etxera iristerako irratian entzun dut nola Rosendo ihes eginda zioan 8 minutu inguruko tartearekin, beraz, loak ez hartzea izango nuela helburu.

Bide zabalak, tropeleko esprinterrak denbora jateko lanetan eta Andalucia CajaSurreko txirrindularia ihesaldian ahalik eta gehien irauteko lehian. Hain txirrindulari zalea ez banintz bataz-besteko abiadura zein zen entzun, erlojuari begiratu eta beste zerbait egitera joango nintzateke arratsaldeko 6ak arte.

Eztabaidagai jar genezake tropelak eta ordutegi ofizialaren arteko desfase ikaragarria. Ez dakit zeinek duen errua, tropelak ala antolatzaileek, baina eskerrak irailean udara den bestela ilunpetan iritsiko balirateke txirrindulariak helmugara.

Tropelak helmugarako 18 kilometro ingururen faltan harrapatu du Rosendo. Sevillarrak 140 kilometro egin omen ditu bakarrik ihes eginda eta ez da marka makala.

Guztiak ziren prest esprinterako batez ere Farrar eta Boonen falta zirela kontutan izanda aukerak handitzen baitzitzaizkien lasterketan diharduten esprinterrei. Abiadura bizian ziren azken 4 kilometro inguruan Puertollanoko kaleetan eta eroriko ikusgarria izan da. Lau txirrindulari izan dira erori direnak eta hauetatik bi esprinter, Dean eta Weylandt. Deanek jaiki eta helmugaraino iristea lortu du bere taldekide baten laguntzaz eta Weylandtek, zauri larriagoz, beranduago lortu du helmugaratzea. Quick Stepeko belgikarrak mikro austura bat duela jakin araziko dute eta bihar erabakiko dute irteera hartu ala ez.

Esan bezala nabarmen lanean Columbia-HTC taldea ari zen eta Greipelek nagusitasun handiz lortu du garaipena. Atzetik Bonnet eta Bennati izan ditu. Honenbestez Greipelek 3. garaipena du 2009ko Vueltan. Liège eta Vinaroseko garaipenen ostean, gaur Puertollanon. Horretaz gain, puntuetako sailkapenean ere lider jarri da taldean zalaparta sortu duen erabaki batek puntuak kendu arazi baitzizkion Valverderen mesedetan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.