Datorren astean zehar jokatuko dira aurtengo Munduko Txapelketako lasterketa ezberdinak. Hitzordua Kopenhagenen da aurten. Tropelako lehiaketan iaz bezala elite mailako erlojuaren kontrako saioa eta errepidekoa jokatuko dira. Lehena asteazkenean jokatuko da eguerdiko 12:30etatik aurrera eta bigarrena, errepidekoa, igandean goizeko 10:00etatik aurrera.
Ohi bezala bai erlojuren kontrako saioan bai errepidekoan, lehen 25 txirrindulariei banatuko zaizkie puntuak gure arauetan agertzen dugun moduan. Lehen euskaldunari dagokionez, ordea, erlojuaren kontrako saioan ez dira 50 puntuak banatuko euskaldun bakarra arituko baita, Jonathan Castroviejo.
Errepideko lasterketan bai, igandean lehen sailkatzen den euskaldunari 50 puntu emango dizkiogu. Gogoratu bi izango ditugula lehian, Imanol Erviti eta Juanma Garate.
Zorte on guztioi eta gozatu Kopenhageneko Munduko Txapelketaz!!
Aurtengoan 14 euskaldun izango ditugu Tourreko irteeran. Gehienak txirrindulari zailduak ditugu Frantziako errepideetan: Juanma Garate, Haimar Zubeldia, Xabier Zandio edo Egoi Martinez bezalako txirrindularientzat lasterketa honek ez du sekreturik. Hirurek esperientzia galanta dute, baina euren luzimenturako baino, morroi lanetarako erabiliko dute.
Gustura izango da Eusebio Unzue. Igandean David Lopezek etapa garaipen bikaina lortu bazuen, gaurkoan Imanol Ervitik lortutakoa ez da gutxiagorako.
10 etapa jokatu dira aurtengo Espainiako Vueltan eta horietako hiru euskaldunek irabazi dituzte. Gainera gaur arte Igor Anton lasterketako lider izan da, baina tarteko helmugako gain sariei esker, Puritok liderraren maillota kendu dio.
Esan bezala, gaur Imanol Ervitiren garaipenarekin 3. euskal garaipena aurtengo Espainiako Vueltan. Gehiago izango direlakoan naiz. Zorionak guztiei!
Talde aski ezaguna da Caisse d’Epargne, eta tropelean sustrairik zaharrenetakoak dauzkan egitura, 1980an profesionaletan estreinatu zen Reynolds taldearen oinordekoa baita. Eta oraindik orain, bere hastapenetako filosofia eta izan berdinak dauzka: itzuli handietan erreferentzia izatea.
Horixe berretsi baino ez du egiten euren buru eta izar handia den Alejandro Valverde hiru asteko gizon izatera bultzatzeak. Iazkoan azkenik Espainiako Itzulian gailentzea lortu zuela, aurten Paris-en podiuma zapaltzeko asmo betean da. Zale asko eta asko dira murtziarrarentzat helburu zailegia dela pentsatzen dutenak (ni neu euren artean), baina egia da bestalde palmaresa ederki loditurik duela, huts egiteak horrenbeste kalterik egingo ez liokeela.
Alabaina, bere aurreneko koxka, gogorrena akaso, ez du Rotterdam-eko atariarekin izango espainiarrak, ez eta aurreko lasterketekin egin beharreko prestakuntzan, oraindik Puerto Operazioarekin izan zuen ustezko loturak justiziaren aurrera deklaratzera eraman duen auziagatik baizik. Eta epaiaren zain, espainiarraz gain, talde osoa egongo da, zalantzarik gabe. Horri gainera multzoaren etorkizuna kolokan egotea gehitu behar zaio, orain egun gutxi jakin baitzen ofizialki euren babesle nagusiak ez duela eurekin jarraituko.
Ez da justua taldea Valverde-rekin hasteaz batera bukatu egiten dela esatea, nazioarteko multzorik sendoenetakoa baita Caisse d’Epargne, baina zutabe aldaezina da euren liderra, zalantza izpirik gabe, eta bere inguruan altxatzen da gainerako egitura; euren mesedetan jardun ahal izateaz gain espainiarraren alde lan egin ohi duten txirrindulariz josia dago talde nafarra. Salbuespenetako bat, beren bigarren erreferentzia den Luis León Sánchez da. Eta kasu honetan ere, bere indarrak eta lasterketan azaldutako jokaerak besterik iradoki balezakete ere (berriki lehiatutako Down Under-eko Tourrean erdietsitako etapa garaipena horren lekuko), hiru astetako gizon bilakatzeko asmotan dira Eusebio Unzue eta konpainia. Txirrindulari ausart bezain ikusgarria; ikusteke da oraindik sabaia non ote duen.
Eta ia horrarte ailegatzen da Caisse d’Epargne-k bete lezakeen espektroa. Taldeak askoz gehiago dauka, baina itzulietan maila ematen duen profila betetzen duena ia bere osotasunean. Batzuk talde buru izateko aukeraren batekin, beste batzuek ia bat bera ere ez. Hurrengo mailan, progresioagatik baino ez bada ere, Rigoberto Uran kolonbiar gazte dohatsua aurki genezake, oraindik nazioarteko erreferentzia izan gabe, izar handia izateko ezaugarriak izan badituena. Mauricio Soler herkidea ere Giroan gizon garrantzitsu izateko fitxatuko zuten seguru asko, eta berarekin batera, ondo bidean Juanjo Cobo-k ere, bere talentuari erreparatuz gero behintzat, behar luke leku batean edo bestean lider izateko aukerarik. Italian beste buru bat David Arroyo izango dela pentsa liteke, azkeneko urteotako ohiturari jarraiki, nahiz eta gerora bestelako eginkizunak ezarriko dizkioten.
Aurrez aipatutako batzuk (Uran eta Rojas kasu) ere oraindik gazteak badira ere, alor honetan zailtze bidean diren beste gizon batzuk ere aipatu behar dira. Hauen artean, Rui Costa portugaldarra da esanguratsuena, iazkoan ezertan bereziki nabarmendu gabe eremu guztietan ongi molda daitekeela erakutsi zuena. Gizon indartsua izateaz gain, erlojuaren aurkakoan sendoa, mendian gora ez da gaizki moldatzen, hortaz aurten derrigorrean jarraitu beharreko gizonetako bat dugu. Costa Ricako Andrey Amador-ek ere hasiera batean antzeko txirrindularia dirudi, nahiz eta bere garapenak motelagoa dirudien, Ãngel Madrazo espainiarrarekin gertatzen den bezalaxe.
Esan bezala, tropeleko talderik indartsuenetakoa da Caisse d’Epargne, bai banan-banan zein talde gisa hartuta. Alabaina, Martxoa aldera jakingo den epaiak esango du taldeak bide beretik jarraituko duen, multzo handi xamarra Valverde-ren eginkizunetara kateaturik dela, edo guzti horiek beren aukerak jorratzeko modurik izango duten. Bigarren kasu honetan, epaiak Valverde errudun joko balu alegia, Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno jada taldean ez izatea, Oscar Pereiro-z gain, antzemango lukete seguru asko, kataluniarraren kasuan batik-bat. Badaezpada, iazko Espainiako Itzuliko garailea denboraldi hasieran ohikoa baino gehiago lehiatuko dela dirudi. Hortik aurrerakoak, ikusi behar. Edozein kasutan ere, Unzue-renek ez dute lo hartzerik, ez inongo gertakariren zain egoterik, egiturak bere horretan jarraituko badu.
Galdera ikur ugari beraz aurtengoan taldearen inguruan. Erantzunak, datozen hilabeteotan.