Tourreko multzoen azterketa: euskaldunak

Egoi MartinezAurtengoan 14 euskaldun izango ditugu Tourreko irteeran. Gehienak txirrindulari zailduak ditugu Frantziako errepideetan: Juanma Garate, Haimar Zubeldia, Xabier Zandio edo Egoi Martinez bezalako txirrindularientzat lasterketa honek ez du sekreturik. Hirurek esperientzia galanta dute, baina euren luzimenturako baino, morroi lanetarako erabiliko dute.

Juanma Garate inoiz ez bezala iristen da uztailera, Sierra Nevada eta Alpeetan taldearekin kontzentrazio luzeak egin ondoren. Gesink dute lider argia Rabobank taldean eta Juanma bere itzala izango da Parisko podiuma lortzeko helburu horretan. Dena dela, Mount Ventoux-en garaipena lortu duen txirrindulari batengatik edozer espero daiteke. Gaitasuna ez zaio falta eta sasoia dirudienez ere ez. Antzerako egoeran dago Egoi Martinez ere, baina kasu honetan, Euskaltel-Euskadiko lider Samuel Sanchez gizon zaildua izanik, bere kapitain baino konfidantzako gizon izango da. Egoik ez du frantzian garaipenik, baina etapa pare bat hurbil izan ditu eta ihesaldi onak harrapatzen abilezia berezia duela erakutsi digu behin eta berriro. Xabier Zandio, aldiz, Wiggins-en mesedetan arituko da Sky taldean.

Haimar Zubeldia, bere aldetik, zenbait urtetan sailkapen orokorraren lehian ibili ondoren, Radioshack indartsuarekin egongo da Tourrean, Markel Irizar bezalaxe. Teorian, Brajkovic gazteak behar luke Bruyneel-en apustua, baina edozeinek egiten du apustu bere alde Horner, Kloden eta Leipheimer “zaharrek” aurten erakutsi duten sasoiarekin! Norentzat lan egin argi ez eduki arren, beharra ez zaie faltako bi gipuzkoarrei.

Movistar taldean ere 2 euskaldun izango ditugu: Imanol Erviti nafarra eta Beñat Intxausti gernikarra. Garaipen orokorrari begira lider gabe doaz, baina Giroan egin bezala, oso talde sendoarekin etapa guztiak lehiatzeko talde indartsuarekin. Ervitik etapa lauetan izan dezake aukera eta Espainiako Vueltan bi etapa ez dituela kasualitatez irabazi erakutsi nahiko du Parisera bidean. Iaz parte hartu zuen lehen aldiz tourrean eta horixe egingo du aurten Intxaustik. Oso sendo iritsiko da fisikoki, urte hasieratik dabil lasterketa hau prestatzen, baina azken asteetan Tondoren heriotzaren lekuko izanak nola eragingo dion ikusteko dago. Ikaragarrizko klasea du, baina orain arte ez diogu itzuli handietan esperotako mailan ikusi.

Gehienak, nola ez Euskaltel-Euskadi taldearekin doaz. Tartean Amets Txurruka nekaezina, errepidea gorantz jartzen den momentuoro aurrean ikusiko duguna. Zerbait berezia badu bizkaitarrak, Tourrean transformatu egiten baita bere gorputz txikia eta nekaezina bihurtu. Alan Perez, Ruben Perez, Gorka Verdugo eta Iban Velasco laukotea, aldiz, zaila izango da hainbestetan ikustea. Ezkutuko lan franko egingo dute baina bakarkako lanean baino taldearen mesedetan gehiago ikusiko ditugu. Gorka mendiko etapetan saiatuko da urrutitik ihesaldiak hartzen eta Ruben perez-ek talde txikiren batetan iritsiz gero bere abiadura aprobetxatu dezake izen gehiagoko askori susto bat emateko. Azkenik, Tourra ezagutzen ez duen bikote bat dugu talde laranjan: Pablo Urtasun eta Gorka Izagirre. Urtasunen ezaugarriak Ruben Perez-en antzerakoak izan daitezke eta aukerak ere antzeko terrenoetan izan ditzake. Nafarra seguraski esplosiboagoa da, baina azkenaldian izan duen bilakaera sprintetatik ihesaldietara izan da eta sprinter handien aurrean aukerarik ez duela jakitun, ihesaldiak edo sprint nahasiak aprobetxatzen saiatuko da Samuel Sanchez babesteak indarrik uzten badio. Erlojuaren kontra ere abila da eta taldekako erlojuaren kontrako frogan garrantzitsua izan daiteke Euskaltel-Euskadi taldearentzat.

Gorka Izagirre aldiz, euskal txirrindularitzaren azken harribitxia dugu. Horrelako txirrindulariak lasterketa handietara eraman behar dira eta pozgarria da kasu honetan Igor Gonzalez de Galdeanoren erabakia. Lehen denboraldian beragan konfidantza handirik erakutsi ez bazuten ere, aurten Frantziara daramate. Helburuak xumea behar luke: datozen urteetarako lasterketa ezagutzea, baina harribitxiek edozein unetan atera dezakete barruko diztira eta ormaiztegiarra ez da inoren aurrean kikilduko. Indarrek laguntzen badiote, bere garaile senak laranjei emaitza onak ekar dakizkieke.