Greipelen bigarrena esprintean

Greipel. 2009ko Vueltako 5. etapa garaileAurreratu bezala, gaur Vinarosen amaitu den etapa ere esprintean amaitu da. Bigarrengo aldiz, eta oraingo honetan esprinter nagusiak etapa garaipenaren esprintean sartuta, Greipelek bere Vueltako bigarren garaipena lortu du jarraian Boonen eta Bennatiren aurretik. Honenbestez, bi garaipenek emandako gain sariei esker, Vueltako lider jarri da Columbia-HTCko txirrindularia. Taldearentzat, berriz, hirugarren garaipena.

Gaurko etapak esperotako gidoia jarraitu du. Beno, esperotakoa baino motelagoa. Izan ere antolatzaileen aurre ikuspenik motelenak ere azkar geratu dira gaurko etapan, eta Greipelek helmuga zeharkatu duenean 18:00ak gertu ziren. Beharbada jasan behar izan duten beroak bere eragina utzi du tropelean.

Lehen kilometroetan eguneko ihesaldia sortu da. Tropeltxoan Aitor Hernandez txirrindulariaz gain Lopez Gil, El Fares, Sanchez Pimienta, Pronk eta Serafín Martinez bildu dira. Hauek azken 20 kilometroetara iritsi arte ihesaldian jarraitu dute, baina une oro tropelak kontrolpean izan du aurreko tropeltxoa. Hori bai, Aitor Hernandez ermuarrak etekina atera dio ihesaldiari eta Boom-i mendiko maillota kendu dio lortutako puntuei esker. Gai izango al da maillot horri eusteko? Beharbada igandera arte bai, baina hortik aurrera…

Vinarosera iritsi aurretik, antolatzaileek helmugatik 8 kilometrotara gaintxo bat zuten prestatua. Bigarren mailako bide batetik joan dira Ermitako gaina igotzeko eta hor De la Fuentek lehenik eta gero Gilbertek erasoa jo dute. Espainiarraren saiakera ez da behar besteko gogorra izan, baina bai belgikarrarena.

Silence-Lottoko txirrindularia tropelari tartea 20 segundoko tartea ateratzen zion 4 kilometroren faltan. Etapa garaipena eskuratzen bazuen lasterketako lider ere jarriko zen Greipelek egin duen bezala. Bazirudien ondo zihoala, baina atzetik tropelak ez du barkatu eta Gilbertek, ustu-ustu eginda, amore eman behar izan du. Esprinta jokatu behar zen.

Gaurkoan esprinter faborito guztiak aurrean ziren baina azken bihurgunean Ciolek erori egin da. Ez dirudi ezer larririk izan duenik baina etapa garaipenaren lehiatik kanpo geratu da. Azkenean, esan bezala, nagusitasunez lortu du garaipena Greipelek Boonen eta Bennatiren aurretik.

Aitor Hernandez bidoi eramailea

Ez dakit etapa ikusteko aukera izan duzuen, baina ikustekoa izan da. Tropelean ohiko “gregarioek” beren taldeetatik ur bidoiak hartzen aritu dira gainontzeko taldekideei emateko, esan bezala bero baitzen Tarragona aldean. Helmugarako 40 kilometro inguru falta zirela, eguneko ihesaldia aurretik zela, tropeltxoak minutu bateko errenta zuen. Euskaltel-Euskadiko zuzendariak ihesaldiaren amaiera iristen ari zela edo pentsatuko zuen (besterik ez zait bururatzen), eta Aitor Hernandezi banatu beharreko bidoi guztiak eman dizkie! Barkatu, baina nik ez dut oso ondo ulertu. Gizajoak gutxienez 8 bidoi izango zituen soinean. Delgado eta De Andresek arrazoi ezberdinak eman dituzte gertaera ulertzeko, baina bukaeran txiste eta guzti egiten aritu dira. Eta ez zen gutxirako! Mandoa baino kargatuago (zer, 2-3kgr soinean?) hor ari zen erreleboak ematen.

Noski, tropelak ez zuen nahi ihesaldia oraindik amaitzerik (ohikoa den bezala) eta ihesaldiak beste 20 kilometrotako bizia izan du. Ordurako Aitorrek zituen bidoi guztiak gainontzeko ihes-kideen artean banatu ditu. Seguru adiskide gehiago egin dituela keinu honekin. Ikustekoa, benetan.

Ciolek gaur esprinterrik azkarrena

Ciolek. Vueltako 2. etapan garaipena

Espero bezala, gaurko etapa esprintean erabaki da. Guztiok begiak Boonen edo Farrar-i begira genituen etapa amaierako gain sariei esker hauek baitziren Cancellarari maillota ken ziezaioketen bakarrak. Azkenean, suitzarraren pozerako, Ciolek-ek eskuratu du etapa garaipena. Sabatini gertu izan du eta hirugarren, atzerago, Hammond sailkatu da.

Etaparen hasieran ihesaldi bat osatu da. Tropeltxoa Martinez Perez, Leezer, Roels, Garcia Da Pena eta Westra txirrindulariek osatu dute. Txirrindulari hauetatik sailkapenean aurreratuena Westra izanik eta 4 minutu t’erdiko tartea izateraino iritsi direlarik, bera izan da etaparen une askotan lasterketako lider birtuala.

Esprinterrek ezin zuten aukera galtzen utzi, batez ere Boonen eta Farrar-ek, esan bezala, liderraren maillota eskuratzeko aukerak baitzituzten gaurkoan. Garmin eta Quick Step-eko ihesaldia kontrolpean izan dute eta helmugarako 15 kilometroren faltan, tropelak ihesaldia irentsi du.

Vacansoleil taldeak atzo Mourisekin itxura ona eman bazuten, gaur Westrak protagonismoa bereganatu nahi izan du. Dirudienez 26 urteko txirrindulariak etapan zehar behin behineko lider izateak indarrak eman dizkio, eta azken kilometroetan beste saiakera bati ekin dio. Tropeletik ihes egin du egunean bigarren aldiz, eta tropelaren baimenarekin, 50 segundoko errenta izateraino iritsi da. Hala esprinterren taldeek kontrolpean izan dute saiakera hori eta helmugarako hamar kilometroren falta berriro harrapatu dute. Esprinta, beraz, bermatua zen azken kilometroetan.

Esprinterren taldeek beren espezialistak bideratzen izan dira. Hauetan lehena saiatzen Boonen izan da, baina azkarregi ekin dio (urrezko maillotak itsututa edo) eta bukaerarako indarrik gabe geratu da. Azkarrena, berriz, Ciolek izan da. Bigarren Sabatini italiarra, askok Bennatirekin nahastu dutena, eta hirugarren Hammond.

Erorikoa azken kilometroetan

Helmugatik 3,2 km ingurura eroriko bat izan eta horrek tropelean mozketa eragin du. Mozketak zenbait faboritori eragin die, Cunego, Samuel Sanchez, Vinokourov eta Tondo besteak beste. Moztutako taldea 18 segundora helmugaratu da eta nola erorikoa azken 3 km-etatik kanpo izan den, atzerapenek eragin egingo du gaurko sailkapenean.

Euskaltel-Euskadik Madariagak esan duenez errekurtsoa aurkeztu du gertakari honen aurrean denbora tartea kontutan hartu ez zedin, baina arauzko 3 km-etatik kanpo izan denez, errekurtsoa bertan behera geratu da. Talde laranjari, beraz, 18 segundo galdu izanak sailkapen nagusian min egin diola dirudi.

Gerizpeko sprinterra

Mattia GavazziBada tropelean garaipen ugari lortzen ari den txirrindulari italiar bat, baina eginak egin, inor gutxik hitz egiten du berataz. Mattia Gavazzi sprinter italiarrari buruz ari naiz.

Denboraldi hasiera oparoa darama Iseon jaiotako txirrindulari txiki (1,70m, sprinterra izateko gutxi) baina ausart honek. Argentinako San Luiseko Tourrean ireki zuen garaipenen kutxa, Haedo anaiak gaindituz, eta Langkawiko Tour exotikoan lehen 3 etapak irabazi ostean, dagoeneko garaipen pokerra darama. Egia da ez dagoela inondik inora konparatzerik lasterketa horietako bat Europako ia edozein lasterketarekin, baina kontuak kontu, talde batentzat, eta Pro Tourrekoa ez bada are gehiago oraindik, garaipenak pilatzea ezinbestekoa da, han edo hemen, handiagoak edo xumeagoak.

Diquigiovanni-Androni ez da dagoen talderik xumeena, bere lerroetan Gilberto Simoni bezalako izen handi bat ezagutu izan baitu, nahiz eta baldintza batzuk medio iritsi zen talde honetara. Baina, Mattia Gavazziren txirrindulari bizitzan pausu handi bat izan da, inolako zalantzarik gabe, Italiako Giroan parte hartzeko parada izango baitu. Italiarra izaki, eta gainera sprinterra, Corsa Rosako “volatta” handietan Benatti, Petacchi eta McEwen bezalako izen handiekin lehiatzea egi bihurtutako amets izango da ia-ia.

Continue reading “Gerizpeko sprinterra”

Gogor dator Koldo!!!

Koldo Fernandez de LarreaEuskaltel-Euskadiko Koldo Fernadez de Larreak irabazi zuen atzokoan Gaztela eta Leongo itzuliko azken etapa, Guardon hasi eta Riañon bukatu da 158 kilometroko luzera eduki duen etapa. 3 ordu, 58 minutu eta 28 segunduko denbora behar izan du helmuga gurutzatzeko eta denboraldiko bere bigarren garaipena lortu du.

Ventosok jo zuen azken metroetako lahen erasoa baina katea atera zaio eta bazirudien etapa Dekker eta Kolodren artean erabakiko zela. Baina Koldok sasoiko dela erakutsi du eta etapa bereganatu zuen.

Dirudienez Koldo Fernandez de Larrea etapak irabazteko gogoarekin dago. Atzokoan ikusi zenez azken metroetan indarrak aprobetxatzeko gai da eta Euskal Herriko Itzulira joateko sasoian dagoela uste dut. Ea sprint-eko beste etaparen bat irabazten duen eta pozen bat ematen diguten Euskaltel-Euskadikoek!!

Telebistaz etaparen amaiera ikusten ari nintzela gauza batek txunditu
ninduen, edo beharbada gaizki ikusi dut… Thomas Dekker amore ematen!? Agian Koldo asko hobetu da baina Dekkerren gandik gehiago espero nuen. Ea Koldok progresio honekin jarraitzen duen eta itzuli handiren batetan garaipenen bat eskuratzen duen! Aupa Koldo!

BOSTGARREN ETAPAKO HIRU LEHEN POSTUAK HAUEK IZAN DIRA
1. Koldo Fernández (EUS/Euskaltel) 3:58:28.
2. Thomas Dekker (HOL/Rabobank) d.b.
3. Francisco Ventoso (ESP/Andalucia) d.b.

Argazkia: www.eitb24.com

13. etapa: Miramas – Montpellier

Etapa benetan laua Miramas eta Montpellier lotzen dituena. Etaparen profilari begiratu ezkero esprinterrentzat aproposa dela pentsarazi diezaguke, eta logika jarraitu ezkero hala izan beharko luke, hala ere badaude 2 arrazoi esprinta ekidingo duen ihesaldi bat helmugara iritsi daitekeela esaten dizkigutenak, alde batetik tropela osatzen duten txirrindularien indarrak xahutzen hasiak daudela eta batez ere, Tom Boonen belgikarrak Tourra utzi duenez, Quick Step taldearen lanik ez dela izango tropel buruan. Honek Davitamon-Lotto taldea bakarrik utzi dezake lan horretan, Credit Agricole taldekoei helmugan zenbat eta puntu gutxiago jokoan egotea komeni baitzaie, Thor Hushovd-ek soinean duen maillot berdea Paris artean mantendu ahal izateko. Quick Step ezezik, lagungarria izan zitezkeen Ag2R eta Domina Vacanzeren laguntzarik ere ez dute jasoko, bai Jean Patrick Nazon, bai Angelo Furlan ere Tourretik joanak baitira.

Saiatu daiteke Davitamon-Lotto taldea txirrindulari gutxiz osaturiko ihesaldi bat baimentzen, 5-6 txirrindularitik gorako ihesaldia behera botatzeko lan ikaragarria suposatu baitakioke. Borroka polita ikus genezake etapa hasieran, ihesaldia sortu nahi dutenen eta Davitamon-Lotto taldearen artean. Azkar antzemango zaio ia ihesaldia helmugara iristeko moduan den edo ez, ihesaldian nor sartu diren eta batez ere zenbat sartu diren ikusi orduko.

Beraz, etapa laua eta esprinterrentzat aproposa bai, baina horretarako egin behar den lanerako talde gutxi. Zenbat txirrindulariko ihesaldia sortzen den jakitean dago gakoa.

Azkenean esprinta izan ezkero hautagai bakarra egon daiteke, Robbie McEwen australiarra, inguruan Hushovd, O”Grady eta Eisel izan ditzakelarik. Tour hasieran Tom Boonenek larri hartu zuen, nahiz eta pertsonalki australiarra azkarragoa dela kontsideratu. Orain, belgikarraren faltan bere nagusitasuna nabarmen geldituko denaren susmoa daukat.