Gerizpeko sprinterra

Mattia GavazziBada tropelean garaipen ugari lortzen ari den txirrindulari italiar bat, baina eginak egin, inor gutxik hitz egiten du berataz. Mattia Gavazzi sprinter italiarrari buruz ari naiz.

Denboraldi hasiera oparoa darama Iseon jaiotako txirrindulari txiki (1,70m, sprinterra izateko gutxi) baina ausart honek. Argentinako San Luiseko Tourrean ireki zuen garaipenen kutxa, Haedo anaiak gaindituz, eta Langkawiko Tour exotikoan lehen 3 etapak irabazi ostean, dagoeneko garaipen pokerra darama. Egia da ez dagoela inondik inora konparatzerik lasterketa horietako bat Europako ia edozein lasterketarekin, baina kontuak kontu, talde batentzat, eta Pro Tourrekoa ez bada are gehiago oraindik, garaipenak pilatzea ezinbestekoa da, han edo hemen, handiagoak edo xumeagoak.

Diquigiovanni-Androni ez da dagoen talderik xumeena, bere lerroetan Gilberto Simoni bezalako izen handi bat ezagutu izan baitu, nahiz eta baldintza batzuk medio iritsi zen talde honetara. Baina, Mattia Gavazziren txirrindulari bizitzan pausu handi bat izan da, inolako zalantzarik gabe, Italiako Giroan parte hartzeko parada izango baitu. Italiarra izaki, eta gainera sprinterra, Corsa Rosako “volatta” handietan Benatti, Petacchi eta McEwen bezalako izen handiekin lehiatzea egi bihurtutako amets izango da ia-ia.

Orain bai, nolabait esateko “ezaguna” den talde batean dago, baina bidea ez da izan erraza 25 urteko txirrindulariarentzat. 2006an debutatu zuen Amore & Vita – McDonald’s taldearen eskutik. Batek baino gehiagok ezagutuko duzue, Jesús Manzano txirrindulari polemikoa talde hontara joana baitzen, eskandalu guztia armatu aurretik. Talde hau UNICEF antzerako zerbait da, mundu guztiko txirrindulariekin, eta berezi xamarra. Talde txikia denez, ez zuen egutegiko lasterketa handietan parte hartzen, eta lehen urtean lortu zuen postu garrantzitsuena Esloveniako Itzuliko etapa batean 2. postua izan zen.

Hurrengo urtean Kio Ene – Tonazzo – DMT taldera pasatu zen. Hainbeste sponsor dituen talde batek ere ez dirudi Frantziako Tourrean parte hartzeko posibilitate asko dituenik. Dena den, 2007an bere izena ezagutzera ematen hasi zen. Bost garaipen (Jadranska Magistralan 2 etapa eta Normandiako Itzulian 3) eta autopropaganda pixka bat, apurka-apurka eskailerak igotzen hasteko Pro-Tourrera bidean.

2008an Pretti-Mangini taldera pasatu zen. Ez da oso talde ezaguna, baina Fabio Sacchi, Serhiy Honchar edo Salvatore Commessorekin pasatu zuen urtea, eta gainera taldeko txirrindulari gazteena zen. Dudarik gabe, maisuz inguratuta egoteak kalterik ez zion egingo. Iazko urtean Toscanako Giroan baino ez zituen besoak jaso, baina postu on asko lortzeak Diquigiovanniko zuzendariaren begirada erakartzea suposatu zuen.

Esan bezala, denboraldi hasiera honetan besoak sarri altxa ditu, noski, baina oraintxe hasten da bere benetako potentziala erakusteko unea. Europara bueltan tropeleko otso guztiak izango ditu inguruan, maila oneko lasterketetan, eta sarri ikusi beharko ditu bizikleta ugari bere aurretik. Baina Mattia Gavazziren eboluzioak aurrera darrai. Helburua: Pro Tourra. Ikusiko dugu noraino heltzen den Mattia.