2010eko Euskal Herriko Itzuliari begira

Samuel SanchezAurtengo EH Itzulian faltan izango denaren inguruan Gure Adituak jakinaren gainean jarri gintuen. Egia da Contadorrek izan duen egutegi aldaketak ez diola mesede askorik egiten lasterketari. Egia da UCIko lasterketa izanik ez duela larritzeko motiborik oraingoz, baina ez da denbora asko pasa Euskal Bizikleta desagertu zela. Gogoratzea baino ez nuen nahi.

Interes gehien dutenen artean Euskaltel-Euskadi taldea izango da. Galdeanok etxeko lasterketak eta Tourra jarri zituen helburu bezala eta Contador izango ez dela kontutan izanda, Samuel Sanchezekin ahalegin berezia egingo dutelakoan naiz.

Ez dakit Caisse D’Epargnetik zein izango diren lasterketan, baina Paris-Nizako podiumeko bikotea, Luis Leon Sanchez eta Valverde izango direla dirudi. Irabazteko lehian izango dira. Cobo ere ez ahaztu Caisse D’Epargnen dela eta 2007an lasterketa bereganatu zuela ezustean.

Blog honetan Liquigaseko talde buruez ere aritu zarete. Kreuziger izango da taldeburu nagusia zalantzarik gabe, baina Nibali ere sasoiko dago Milano-San Remon ikusi genuen bezala. Biak ere lasterketaren garaipenaren lehian arituko diren txirrindulariak iruditzen zaizkit.

Ez nuke zerrenda gehiegi luzatzerik nahi, baina aipatutakoez gain Evans, Schleck anaiak eta Cunego gehituko nituzke. Izen gehiago bere baditut buruan bueltaka, baina oraindik dortsalen zerrenda izan gabe hauekin geratuko nintzateke.

2010eko taldeen analisia (VIII): Liquigas, Italiako “forza”!

LiquigasZalantzarik gabe Italiako talde nagusia Liquigas dugu. Taldekide ikaragarriz osatua dago eta iazkoa hobetzea erraza izango ez zaien arren, horretan saiatuko dira Amadioren txirrindulariak. Aldaketa gutxi izan dira taldean eta horrek aurtengo urterako on egingo diela esango nuke.

2009an Bassoren etorrira izan zen. Dopin auziagatik zigortua izan zen eta Liquigas taldeak egin zion lekua. Tourrean lehiatzen ez zioten utzi, baina denboraldi txukuna egin zuela esango nuke. Trentinoko Giroa irabazteaz gain, Giroan eta Vueltan 4. sailkatu zen. Ez dago aurtengoan Tourrean lehiatzerik izango duen, baina ala bada, ikuskina handiagotuko duen txirrindularia izango da.

Pellizotti. Iazko Giroan Bassoren aurretik sailkatu zen sailkapen nagusian. Maila bikaina eman zuen Giroan, eta gorputzaldiari eutsiz, Tourrean mendiko maillotaz jabetu zen. Askok espero genuena baino hobeto ibili zen. Aurtengoan gutxiago ez dela izango uste dut.

Ahaztu ezineko beste bi txirrindulari Nibali eta Kreuziger dira. Biak Tourrean lehen hamarretan sailkatu ziren, 7 eta 9. postuetan hain zuzen ere. Txekiar gazteak iazko Romandiako Tourra irabazi zuen bigarren aldiz eta gogoratuko zarete nola Donostiako Klasikoan bigarren helmugaratu zen. Aurten 24 urte beteko ditu eta ederki ari da progresioan.

Nibali ere, aipatu bezala, bikain ibili zen. Tourreko parte hartze bikainaz gain Italiako pare bat itzuli irabazi zituen. Aurtengo urteari ere garaipenekin ekin dio, San Louis-eko Tourrean hain justu ere.

Lau hauek osatuko dute Liquigasen bizkar hezurra. Berauekin batera Bennati esprinter ezaguna izango da taldean. Aurtengoan hobeto aritu beharko du garaipenak eskuratzeari berrekin nahi badio.

Ez nuke amaitu nahi bi txirrindulariren izenak aipatu gabe. Bata Finetto da. Navigare taldean aritu zen iaz eta Turkiako Tourrean bi etapa garaipen lortu zituen eta sailkapen nagusian 6. amaitu zuen. Bestea, berriz, Koren esloveniar gaztea da. Iazko gazteen Giroa irabazi zuen eta berarekin batera bi etapa.

Talde interesgarria Liquigas 2010ari dagokionez.

Tourra hasi dela!!

Contador. 15, etapan garaipena eta lidergoaAurtengo Tourra gaur hasi dela diodanean gehienak ados izango zaretela pentsatzen dut. Bazen ordua! Pirinioetako aho gustu kaxkarra alde batera utzi (nork usteko zuen Nocentinik aste osoan maillot horiari eutsiko zionik Astanakoak hain segundo gutxitara izanda?) eta gaur bai, gaur lehia ikusi dugu.

Eguneko ihesaldia osatu da tartean Mikel Astarloza eta Moncoutie bezalako txirrindulariekin, baina espero genuen gaurkoan etapa amaiera goian izanik ez zietela utziko aurreko egunetan ez bezala. 4 minutu t’erditik gorako tartea izateraino iritsi da ihesaldia eta ondorioz etapan zehar Mikel Astarloza lasterketako lider birtuala izan da. Azken mendatea igotzen hastearekin batera, ordea, tropelak ihesaldiko kide guztiak irentsi ditu.

Saxo Bankek Schleck anaiak lanean jarri aurretik indartsu luzatu du tropel nagusia. Saxo Bankeko kideek, Cancellara barne, tropela luze luze jartzeko ahalegin guztiekin amaitzean, Frank izanda lasterketa mugitzen hasi dena eta berarekin faborito nagusiak eraman ditu. Gaurko lehiaren lehen testa izan da hau, izan ere beranduago Contadorrek lasterketa eraso gogor bat egin du, inork erantzuteko gai izan ez dena. Andy Schleck saiatu da eta atzetik atera zaio baina ez da gauza izan Pintoko txirrindulariarengana hurbiltzeko. Hori ikusita, helmugaraino bere erritmoan igotzea erabaki du Schleck anaietan gazteenak.

Atzealdean Sastre hasieran geratu egin da baina bere erritmoan han hurbildu zaie faboritoen tropeltxoari ohiko gisan. Armstrong ahal zuen eran tropeltxo nagusiari eusten saiatu da Klödenen laguntzarekin. Baina harritu gaituena tropeltxoan tiraka Klöden izan dela da. Horrek galdera bat dakarkigu gogora: nor da Astanako talde burua?

Frank Schlekek beste eraso bat jotzea erabaki du eta orduan Armstrong geratu egin da erritmoari jarraitzeko gauza ez zela. Aldamenean Klöden geratu zaio eta gainontzekoek aurrera egin dute.

Sastre, Nibali, Wiggins, Frank Schleck eta Evansek elkarrekin egin dute helmugarainoko bidea eta atzetik iritsi dira Armstrong eta Klöden. Garaile erraztasun handiz Contador izan da eta atzetik 43 segundotara Andy Schleck.

Gaurkoan taldeko liderra Contador bera dela erakutsi du Pintoko gazteak. Badirudi Texaseko txirrindulariak onartu duela (kostata) bera baino indartsuagoa dela, eta bigarren postuarekin konforme izango dela. Azken astean ikusi beharko dugu ia amerikarra gai den postuari eusteko.

Gainontzekoei dagokienez, Andy bikain aritu da eta oraindik lasterketa erabaki gabe dagoela dio eta Alpeak hasi besterik ez direla egin. Nola ez, Frank anaia ere oso ondo. Garbi dago bi anaiek sailkapen nagusiaren lehia estuan izango direla.

Liquigas-i dagokionez, Nibali maila oso ona eman du eta Kreuziger taldekidea, beharbada, espero baino okerrago. Sastre, aurrez esan bezala, bere ohiko moduan faboritoen artean izan da. Evansi, berriz, espero baino gehiago kosta zaio aurrealdean izatea.

Ikaragarri ibili dena Wiggins izan da, bere taldean Wiggo bezala ezagutzen duten txirrindulari ingelesa. Bagenekien Giroan ondo ibili zela eta mendian asko hobetu duela, baina gaurko bezalako etapa batean eman duen maila ikaragarria izan da. Bere Vande Velde taldekidea bera baino hobeto sailkatu da eta momentuan podiumeko postuetan aurkitzen da. Gogoan izan ostegunean erlojupekoa jokatzen dela eta sailkapenean Armstrongekiko duen denbora hobetzeko balio izango diola.

Asteazkeneko etaparen zain geratzen gara biharko atseden eguna pasa zain. Pozten gara Tourra hasi delako, berandu bada ere. Ia zer eskaintzen digun azken aste honek!

Multzoen azterketa (III). Besteak

Denetarik dago azken multzo honetan: igotzaileak, gizon azkarrak, erlojupekoan ondo moldatzen direnak, ihesaldietan sartuzaleak… Sailkapen nagusiari begira ere izen batzuk aipatuko ditut, jakinda azken eguneko erlojupekoak erabakiko duela, seguruenik, itzuliaren irabazlea.

SAILKAPEN NAGUSIARI BEGIRA

1579-default-portraitLehenengo atalean agertzen dira itzulia irabazteko hautagai nagusiak. Hortaz, hasiera baten, behintzat, ondoren aipatuko ditudan izenak bigarren mailan leudeke. Baina nork daki…

Monfort (COLUMBIA): Paris-Nizan 12.a izan zen eta Nazioarteko Kriteriumean 4. egin zuen. Hura ere sasoiko dago. Gainera, iazko Euskal Herriko Itzulian 5. sailkatu zen belgikarra.

Zabriskie (GARMIN): sasoian dago. Kaliforniako itzulian 2.a izan zen eta Gaztela eta Leongoan 3. sailkatu zen. Kontuan hartuta azken egunean erlojupekoa dagoela –espezialista da–, oso lan egin dezake estatubatuarrak.

Arroyo (CAISSE): taldeko buru izango da Giroan. Iaz Urkiolan irabazi zuen, baita Espainiako Itzuliko 19. etapa ere. Oso ziklista erregularra da toledoarra. Continue reading “Multzoen azterketa (III). Besteak”

Beltran, Beltran

Liquigas eta Beltranen positiboaAskok morboa sustatzearen errudun joko nauzue, baina ezin dut utzi albo batera atzo jaso genuen berri hau. Gainera niri ematen didate amorrurik gehien holako gertaerek, inguruko askok tribialki jotzen baitituzte txirrindulari guztiak “dopatzailetzat”. Eta horrek sutu egiten nau.

Hau esanda, Jaengo 37 urteko ziklistaren positiboak izango dituen ondorioak aipatu nahi nituzke. Hasteko, dakizuen bezala Beltranek EPOarekin positiboa eman zuen A laginarekin. Gogoratu gero zein tirabira izaten diren B laginekin, baina oraingoz lehenengoak positiboa eman du. Ondorioz, Pozzato eta bere taldekideek (Kreuziger, Nibali,…) lasterketan jarrai dezaten Beltran taldetik alboratu dute. Beraz, oraingoz, Liquigasek lasterketan jarraitu ahal izango du. Continue reading “Beltran, Beltran”