Tourra hasi dela!!

Contador. 15, etapan garaipena eta lidergoaAurtengo Tourra gaur hasi dela diodanean gehienak ados izango zaretela pentsatzen dut. Bazen ordua! Pirinioetako aho gustu kaxkarra alde batera utzi (nork usteko zuen Nocentinik aste osoan maillot horiari eutsiko zionik Astanakoak hain segundo gutxitara izanda?) eta gaur bai, gaur lehia ikusi dugu.

Eguneko ihesaldia osatu da tartean Mikel Astarloza eta Moncoutie bezalako txirrindulariekin, baina espero genuen gaurkoan etapa amaiera goian izanik ez zietela utziko aurreko egunetan ez bezala. 4 minutu t’erditik gorako tartea izateraino iritsi da ihesaldia eta ondorioz etapan zehar Mikel Astarloza lasterketako lider birtuala izan da. Azken mendatea igotzen hastearekin batera, ordea, tropelak ihesaldiko kide guztiak irentsi ditu.

Saxo Bankek Schleck anaiak lanean jarri aurretik indartsu luzatu du tropel nagusia. Saxo Bankeko kideek, Cancellara barne, tropela luze luze jartzeko ahalegin guztiekin amaitzean, Frank izanda lasterketa mugitzen hasi dena eta berarekin faborito nagusiak eraman ditu. Gaurko lehiaren lehen testa izan da hau, izan ere beranduago Contadorrek lasterketa eraso gogor bat egin du, inork erantzuteko gai izan ez dena. Andy Schleck saiatu da eta atzetik atera zaio baina ez da gauza izan Pintoko txirrindulariarengana hurbiltzeko. Hori ikusita, helmugaraino bere erritmoan igotzea erabaki du Schleck anaietan gazteenak.

Atzealdean Sastre hasieran geratu egin da baina bere erritmoan han hurbildu zaie faboritoen tropeltxoari ohiko gisan. Armstrong ahal zuen eran tropeltxo nagusiari eusten saiatu da Klödenen laguntzarekin. Baina harritu gaituena tropeltxoan tiraka Klöden izan dela da. Horrek galdera bat dakarkigu gogora: nor da Astanako talde burua?

Frank Schlekek beste eraso bat jotzea erabaki du eta orduan Armstrong geratu egin da erritmoari jarraitzeko gauza ez zela. Aldamenean Klöden geratu zaio eta gainontzekoek aurrera egin dute.

Sastre, Nibali, Wiggins, Frank Schleck eta Evansek elkarrekin egin dute helmugarainoko bidea eta atzetik iritsi dira Armstrong eta Klöden. Garaile erraztasun handiz Contador izan da eta atzetik 43 segundotara Andy Schleck.

Gaurkoan taldeko liderra Contador bera dela erakutsi du Pintoko gazteak. Badirudi Texaseko txirrindulariak onartu duela (kostata) bera baino indartsuagoa dela, eta bigarren postuarekin konforme izango dela. Azken astean ikusi beharko dugu ia amerikarra gai den postuari eusteko.

Gainontzekoei dagokienez, Andy bikain aritu da eta oraindik lasterketa erabaki gabe dagoela dio eta Alpeak hasi besterik ez direla egin. Nola ez, Frank anaia ere oso ondo. Garbi dago bi anaiek sailkapen nagusiaren lehia estuan izango direla.

Liquigas-i dagokionez, Nibali maila oso ona eman du eta Kreuziger taldekidea, beharbada, espero baino okerrago. Sastre, aurrez esan bezala, bere ohiko moduan faboritoen artean izan da. Evansi, berriz, espero baino gehiago kosta zaio aurrealdean izatea.

Ikaragarri ibili dena Wiggins izan da, bere taldean Wiggo bezala ezagutzen duten txirrindulari ingelesa. Bagenekien Giroan ondo ibili zela eta mendian asko hobetu duela, baina gaurko bezalako etapa batean eman duen maila ikaragarria izan da. Bere Vande Velde taldekidea bera baino hobeto sailkatu da eta momentuan podiumeko postuetan aurkitzen da. Gogoan izan ostegunean erlojupekoa jokatzen dela eta sailkapenean Armstrongekiko duen denbora hobetzeko balio izango diola.

Asteazkeneko etaparen zain geratzen gara biharko atseden eguna pasa zain. Pozten gara Tourra hasi delako, berandu bada ere. Ia zer eskaintzen digun azken aste honek!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.