2010eko taldeen analisia (VIII): Liquigas, Italiako “forza”!

LiquigasZalantzarik gabe Italiako talde nagusia Liquigas dugu. Taldekide ikaragarriz osatua dago eta iazkoa hobetzea erraza izango ez zaien arren, horretan saiatuko dira Amadioren txirrindulariak. Aldaketa gutxi izan dira taldean eta horrek aurtengo urterako on egingo diela esango nuke.

2009an Bassoren etorrira izan zen. Dopin auziagatik zigortua izan zen eta Liquigas taldeak egin zion lekua. Tourrean lehiatzen ez zioten utzi, baina denboraldi txukuna egin zuela esango nuke. Trentinoko Giroa irabazteaz gain, Giroan eta Vueltan 4. sailkatu zen. Ez dago aurtengoan Tourrean lehiatzerik izango duen, baina ala bada, ikuskina handiagotuko duen txirrindularia izango da.

Pellizotti. Iazko Giroan Bassoren aurretik sailkatu zen sailkapen nagusian. Maila bikaina eman zuen Giroan, eta gorputzaldiari eutsiz, Tourrean mendiko maillotaz jabetu zen. Askok espero genuena baino hobeto ibili zen. Aurtengoan gutxiago ez dela izango uste dut.

Ahaztu ezineko beste bi txirrindulari Nibali eta Kreuziger dira. Biak Tourrean lehen hamarretan sailkatu ziren, 7 eta 9. postuetan hain zuzen ere. Txekiar gazteak iazko Romandiako Tourra irabazi zuen bigarren aldiz eta gogoratuko zarete nola Donostiako Klasikoan bigarren helmugaratu zen. Aurten 24 urte beteko ditu eta ederki ari da progresioan.

Nibali ere, aipatu bezala, bikain ibili zen. Tourreko parte hartze bikainaz gain Italiako pare bat itzuli irabazi zituen. Aurtengo urteari ere garaipenekin ekin dio, San Louis-eko Tourrean hain justu ere.

Lau hauek osatuko dute Liquigasen bizkar hezurra. Berauekin batera Bennati esprinter ezaguna izango da taldean. Aurtengoan hobeto aritu beharko du garaipenak eskuratzeari berrekin nahi badio.

Ez nuke amaitu nahi bi txirrindulariren izenak aipatu gabe. Bata Finetto da. Navigare taldean aritu zen iaz eta Turkiako Tourrean bi etapa garaipen lortu zituen eta sailkapen nagusian 6. amaitu zuen. Bestea, berriz, Koren esloveniar gaztea da. Iazko gazteen Giroa irabazi zuen eta berarekin batera bi etapa.

Talde interesgarria Liquigas 2010ari dagokionez.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.