2010eko Euskal Herriko Itzuliari begira

Samuel SanchezAurtengo EH Itzulian faltan izango denaren inguruan Gure Adituak jakinaren gainean jarri gintuen. Egia da Contadorrek izan duen egutegi aldaketak ez diola mesede askorik egiten lasterketari. Egia da UCIko lasterketa izanik ez duela larritzeko motiborik oraingoz, baina ez da denbora asko pasa Euskal Bizikleta desagertu zela. Gogoratzea baino ez nuen nahi.

Interes gehien dutenen artean Euskaltel-Euskadi taldea izango da. Galdeanok etxeko lasterketak eta Tourra jarri zituen helburu bezala eta Contador izango ez dela kontutan izanda, Samuel Sanchezekin ahalegin berezia egingo dutelakoan naiz.

Ez dakit Caisse D’Epargnetik zein izango diren lasterketan, baina Paris-Nizako podiumeko bikotea, Luis Leon Sanchez eta Valverde izango direla dirudi. Irabazteko lehian izango dira. Cobo ere ez ahaztu Caisse D’Epargnen dela eta 2007an lasterketa bereganatu zuela ezustean.

Blog honetan Liquigaseko talde buruez ere aritu zarete. Kreuziger izango da taldeburu nagusia zalantzarik gabe, baina Nibali ere sasoiko dago Milano-San Remon ikusi genuen bezala. Biak ere lasterketaren garaipenaren lehian arituko diren txirrindulariak iruditzen zaizkit.

Ez nuke zerrenda gehiegi luzatzerik nahi, baina aipatutakoez gain Evans, Schleck anaiak eta Cunego gehituko nituzke. Izen gehiago bere baditut buruan bueltaka, baina oraindik dortsalen zerrenda izan gabe hauekin geratuko nintzateke.

Paris-Niza 2010 lan erditan?

Contador lider berria Paris-NizanNire iritzian, gaur hasi da Paris-Niza irabazteko lehia. Ez nuen oso garbi gizonik indartsuenak zeintzuk izango ziren Contador salbu. Gaurkoan Contadorrek lasterketa irabazi nahi duela argi utzi du eta orain arte genituen zalantza batzuk argitzen doaz.

Igandeko erlojupekoan Boomek ezustekoa emanda irabazi zuen eta lidergoa lortu. Berak ere hala aitortu zuen. Voigtek era lasterketaren lehian aritzeko zantzuak eman zituen egun hartan, eta garaipenaren lehia horretan, atzoko etapan lidergoa eskuratzea lortu zuen Boomen kaltetan.

Asteleheneko etapa Hendersonek irabazi zuen mozketa baten ondoren esprintean. Sky taldeko txirrindulariak esprinter onenen artean izateko gai dela erakutsi digu.

Asteartean beste esprint bat jokatu zen. Oraingoan tropelean jokatu zen, baina faboritoen artean Greipel, Bozic edo Haussler bagenituen, Bonnet frantziarra izan zen ezustekoa eman zuena. Continue reading “Paris-Niza 2010 lan erditan?”

Belaunaldi aldaketa amaitzear dagoen ziklokros denboraldian

Igandean ospatuko da Tabor (Txekian) 2010ko Munduko Ziklokros Txapelketa eta bertako herritar bat, Zdenek Stybar, izango da irabazteko hautagai nagusietako bat. Niels Albert flandriarra izango da bere aurkari handiena. Biak izan dira azken egunerarte Munduko Kopan lehian ibili direnak. Azken froga Albert-ek irabazi zuen baina ez zuen nahikoa izan sailkapen orokorra irabazteko. Stybarrek 2. postuarekin eutsi zion Munduko Kopako lidergoari. Igorren irabazle ikusi genuen Stybar abenduan eta irabazle izan zen Tabor bertan ospatu zen Txekiako txapelketan ere. Ongi ezagutzen du bada ibilbidea eta herritarren babesean, faborito nagusitzat joko nuke.

larri1Gazteak dira biak (1986koa flandriarra eta 1985koa txekiarra), baina jada nagusi dira txirrindularitzaren neguko diziplinan. Sven Nys, azken urteetan ziklokrosean goitik behera nagusitu den gizona, aurrean izan dute denboraldi osoan eta halaxe izango dute igandean. Munduko txapelketak ez dira baina bere froga kuttuna izan eta 2005an soilik jantzi zuen ortzadar maillota. Aurten izan dezake azken aukera eta argi ibili daitezela gazteak, oraindik sua baitauka 33 urteko Nysek zangoetan.

Gure artean ere, belaunaldi aldaketa ematen ari da. David Seco guztiz desagertu da aurreko postuetatik eta baita bizpahiru urtetan aurrean ibili zen Unai Yus ere. Javier Ruiz de Ruiz de Larrinaga Amezagako mutilak iazko nagusitasuna sendotu du, nahiz eta tituluei erreparatuta iaztik pixka bat jaitsi dela dirudien. Euskadiko Txapelketan huts egin zuen, gehien kostatzen zaion zirkuitu mota lokaztu eta gogor batean. Dena dela, bigarren urtez jarraian irabazi ditu Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa eta denboraldiko lasterketa garrantzitsuetan karrera ikusteko eta planteatzeko erakutsi duen gaitasunak gainontzeko txirrindulariak baino puntu bat goraxeago ibili dela erakusten du. Aurtengo sorpresa Egoitz Murgoitio izan da, Larrinagari aurrea hartuz Euskadiko Txapelketa irabazi zuena Iraetan.

Biak izango dira igandean Tabor-ko irteeran. Ez daukate lan erraza, baina 30 lehenengoetan sartzea emaitza ona litzateke bientzat. Aurreikuspenen arabera hotz egingo du eta ibilbide izoztu eta azkar bat topa dezakete bertan.

Argazkia: http://ruizdelarrinaga.com/

Meyer anaiak Australiako txapeldunak

Travis eta Cameron Meyer anaiakGaur goizaldera jokatu da Buninyong Australiako herrian elite mailako gizonezkoen aurtengo errepideko txapelketa. Bertan garaipena Travis Meyer gazteak lortu du, Meyer anaietan gazteenak. Asteazkenean jokatu zen, berriz, erlojuaren aurkako saioa eta bertan Cameron anaia zaharra gailendu zen. Bi anaiak nagusi 2010eko Australiako txapelketetan.

Txapelketa honetan dagoeneko parte hartu duten txirrindulariek denboraldi berriari dagozkien maillotak eraman dituzte. Hori izan da Travis-en kasua ere, bere 20 urteekin Garminen arituko baita lehen aldiz bere anaia Cameron-ekin batera. Travisek izugarrizko poza erakutsi du, izan ere bi txapeldunen maillotak talde berean izateaz gain, familia berean geratu baitira.

Ikusten duzuen bezala, dagoeneko 2010eko denboraldiari dagozkien errepideko txirrindulariak lanean hasi dira. Hurrengo hitzordua ere Australian izango da, Tour Down Under lasterketa hain zuzen ere. Hori hurrengo urtarrilaren 17tik aurrera izango da.

Argazkia: www.cameronandtravismeyer.com.au

2009ko urteari errepasoa

Urtea amaitzen ari da eta aurtengo urteak txirrindularitza munduan eman dizkigunak errepasatu nahi nituzke. Horretarako atal edo arlo ezberdinen inguruan iritzia ematea pentsatu dut. Noski, zuek atal horien inguruan duzuen iritzia eman dezakezue. Hona hemen atalak eta nire iritzia:

Contador eta ArmstrongIkusmin gehien sortu duen txirrindularia: iritzi ezberdin asko izango da honen inguruan, baina medioetan izandako eraginagatik, niretzat Armstrong izan da ikusmin gehien eragin duen txirrindularia. 2008 amaieran bere itzulera adierazi zuenetik komunikabide gehienak bere atzetik izan dira. Gainera ikusmina areagotu egin zen Contadorren talde berean arituko zela jakin zenean.

Juanma Garateren etapa garaipena 2009ko TourreanTxirrindularirik onena: merituak ikusita Contador. Tourra irabazteaz gain, Euskal Herriko Itzulia eta Algarvekoa irabazi ditu. Tartean beste etapa batzuk ere bai, eta UCIren sailkapenean lehen postuan amaitu du.

Euskal txirrindularirik onena: garaipenak ikusita, Juanma Garate izan da niretzat aurtengo euskal txirrindularirik onena. Segur aski beste zenbaitek ere lan bikaina egin dute, baina emaitza zuzenei begira jarrita, ikaragarria izan zen Mont Ventouxen Juanmak lortu zuen garaipena Toni Martinekin izandako lehia hartan.

Talderik onena: uste dut atal honetan gehienok ados izango zaretela. Columbia HTC taldeak ikaragarrizko denboraldia egin du eta gizonezko elite taldeak 86 garaipen lortu ditu. Gizonezkoena nioen, izan ere emakumezko taldea ere badute eta hauek ere marka egin dute 46 garaipen eskuratuta. Ez, zalantza gutxi talderik onena aukeratzerakoan.

Mikel Astarloza prentsa aurrekoan errugabetasuna defendatzenGertaerarik tamalgarriena: zalantzarik gabe Mikel Astarlozaren positiboa. Denbora asko pasa zen euskaldun batek ez zuela etapa garaipenik lortzen Tourrean. Gero Mont Ventouxen Juanma Garatek lortu zuen; lehorte luzearen ondoren, bi euskaldunek garaipena ekitaldi berean. Poza zabaldu zen gure artean, baina denbora gutxira, Tourra amaitu eta berehala, positiboak itzalean utzi zituen egun batzuk lehenago izandako pozak.

Ezustekorik handiena: burura hiru etortzen zaizkit, baina bakarra jartzeko asmotan nabilenez, Wigginsen Tourreko laugarren postua aipatuko nuke. Gutxik espero zuten Wiggins hain ondo ibiliko zenik Tourrean eta ezustekoa eman zuela zalantzarik ez dago.

Esan bezala, zenbait ados izango zarete eta beste askok beste iritziren bat izango duzue. Nola ikusi duzue urtea zuek?