Astarlozak ustez EPOa hartu du

Mikel Astarlozak ustez EPOarekin positibo eman duHori da berria. Gordin gordin jarri nahi izan dut zalantzarik izan ez dadin. Aurtengo Tourrean etapa garaipena lortu zuen Pasaiatarrak lehiaketaz kanpo egindako kontrol batean (ekainak 26an hain juxtu), EPOaren zantzuak antzeman dizkiote. Iñigo Landaluzeren kasuaren ondoren, kontra analisiak baieztatzen badu, Euskaltel-Euskadiko bigarren txirrindularia izango litzateke hilabete baten barruan dopinarengatik zigortutakoa.

Aste t’erdi besterik ez da pasa Mikel Astarlozak Alpeetan etapa garaipen ikusgarri hura lortu zuenetik. Azken urteetan Tourrean ez dugu izan garaipenik eskuratu duen  euskal txirrindularirik eta Mikelek poza eta euskal txirrindularitzaren berpiztea erakusten zigun. Baina pozak gutxi iraun digu. Ekaina bukaera aldera zurrumurruren bat iritsi zitzaidan Mikelen inguruan horrelako berriren bat izan zitekeelakoan, baina ez nion sinesgarritasunik eman nahi izan batez ere txirrindularien errugabetasunean sinesteko joera dudalako. Gaur UCIk ekainak 26an egindako kontrol batean EPOa aurkitu dutela argitaratu dute eta zurrumurru haiek egi bihurtu dira tamalez. Iñigo Landaluzeren kasuan ez bezala, Pasaiatarrak bere errugabetasunari eusten dio eta kontra analisia eskatuko duela aurreratu du. Talde laranjak ere atera berri duen komunikatuan Mikel Astarlozaren errugabetasunean sinisten duela (barneko kontrol guztiak gainditu omen ditu Pasaiatarrak) adierazi du eta taldean jarraituko duela. Horrekin batera, B laginak justizia egingo duenaren itxaropena dutela. Hala ere, taldean jarraituko badu ere, Espainiako Federazioak lehiaketetatik kanpo utzi du Mikel Astarloza, beraz, bihar ez da Donostiako Klasikoan izango.

Orbain beltz berri bat euskal txirrindularitzarentzat berria konfirmatzen bada, eta bereziki Euskaltel-Euskadi taldearentzat, hilabete batean bi kasu izan baititu talde barruan.

Oraindik gogoan dut Mayoren auzia orain 2 urte eta orain hau.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.