2021ean lehiaketa hauek izatea espero dugu

Badoaz egunak aurrera urte berrian eta konturatu ordurako lehen lehiaketak bertan izango ditugu. Ondo bidean, Martxoan ekingo diogu 17. denboraldiari, ohi moduan Strade Blanche klasiko ikusgarriarekin.

Ondorengo lehiaketa hauek dira denboraldi honetan izate espero ditugunak:


Martxoa (6)

  • Strade Bianche (🚺) 2021-03-06
  • Strade Bianche (🚹) 2021-03-06
  • Paris-Niza 2021-03-07 / 2021-03-14
  • Tirreno-Adriatikoa 2021-03-10 / 2021-03-16
  • Milan-Sanremo 2021-03-20
  • Kataluniako Volta 2021-03-22 / 2021-03-28

Apirila (8)

  • Flandriako Tourra (🚺) 2021-04-04
  • Flandriako Tourra (🚹) 2021-04-04
  • Euskal Herriko Itzulia 2021-04-05 / 2021-04-10
  • Paris-Roubaix (🚺) 2021-04-11
  • Paris-Roubaix (🚹) 2021-04-11
  • Ardenetako Hirukoa (🚺) 2021-04-18 / 2021-04-21 / 2021-04-25
  • Ardenetako Hirukoa (🚹) 2021-04-18 / 2021-04-21 / 2021-04-25
  • Romandiako Tourra 2021-04-27 / 2021-05-02

Maiatza (2)

  • Italiako Giroa 2021-05-08 / 2021-05-30
  • Itzulia Women 2021-05-14 / 2021-05-16
  • Vuelta a Burgos Féminas 2021-05-20 / 2021-05-23

Ekaina (3)

  • Dauphine Kriteriuma 2021-05-30 / 2021-06-06
  • Suitzako Tourra 2021-06-06 / 2021-06-13
  • La Course 2021-06-27

Uztaila (5)

  • Frantziako Tourra 2021-06-26 / 2021-07-18
  • Giro Rosa 2021-07-02 / 2021-07-11
  • Donostiako Klasikoa (🚺) 2021-07-31
  • Donostiako Klasikoa (🚹) 2021-07-31
  • Tokio 2020 errepidekoa (🚹) 2021-07-24 eta 2021-07-28
  • Tokio 2020 errepidekoa (🚺) 2021-07-25 eta 2021-07-28

Abuztua (1)

  • Espainiako Vuelta 2021-08-14 / 2021-09-05

Iraila (2)

  • Munduko Txapelketak (🚺) 2021-09-19 / 2021-09-26
  • Munduko Txapelketak (🚹) 2021-09-20 / 2021-09-25

Urria (1)

  • Lombardia 2021-10-09

Guztira, emakumezko zein gizonezkoenak batuta, 28 lehiaketa izango lirateke 2021erako aurreikusten ditugunak.

Jabetuko zineten moduan, Itzulia Women gehitua genuen gure zerrendan baina atzo bertan Julian Eraso OCETAko presidentearen esanak bildu ditu Diario Vasco egunkariak, non Itzulia Women estreinatuko ez dela ziurtatu duen. Ez hori bakarrik, Itzulia bera ere kolokan jarri du Jaurlaritzatik iaz moduan pandemia kontrolpean izateko neurri zorrotzak izango balira.

Pena, horrenbestez Itzulia Women ez dela jokatuko ikusita, batez ere antolakuntzak haren berri orain 5 hilabete eskas inguru eman ondoren baitator, uztaila amaieran hain zuzen ere. Gogoratu lasterketa hau emakumezkoen Donostiako Klasikoa ordezkatzera zetorrela, beraz, 2021ean bederen, OCETAren eskutik ez da emakumezkoen lasterketarik izango.

Edonola ere emakumezkoen lasterketen aldeko apustua Tropelatik sendoa da ikusten duzuen moduan. Hori dela eta, Vuelta a Burgos Féminas gehituko dugu egutegi itxuroso bat osatuz.

Oraindik ez dugu guztiz finkatu egutegia pandemiak eraginda aldaketak izan baitaitezke. Horretaz gain, zuen iradokizunak ere gustura hartuko ditugu, beraz, eskura dituzuen komunikatzeko bideak erabilita jo dezakezue gugana: post honen ondoren iruzkinak jarrita, sare sozialen bidez, Telegrameko kanalaren bidez nahiz email bidez.

Denboraldi egokituari ekiteko prest!

Eguneratua 2020/05/25: La Course eta emakunezkoen Paris-Roubaix Tropelan izango dira ondo bidean.

Pandemiaren eragina arlo guztietan nabaritu dugu, baita ondo dakizuen moduan Tropelan bertan ere. Denboraldi hasieran lasterketak bertan behera utzi zituzten, Paris-Nizaren amaieran ere eragin zuelarik.

Orain aste batzuk UCIk lasterketen egutegi berria kaleratu zuen. Bertan abuztuaren 1ean berrekingo zaiela lasterketei adierazten da. Strade Biancheren bi lasterketak jokatuko lirateke egun horretan, emakumezko zein gizonezkoenak. Azkena, aldiz, Espainiako Vueltaren azken etapak izango lirateke, azaroaren 8an amaitzea aurreikusten baita. Hiru hilabete baino zertxobait gehiagotan ospatuko lirateke, horrenbestez, denboraldi honetan gure egutegiko lehiaketak, falta diren 18 lehiaketak eta aurten gehitzea erabaki dugun emakumezkoen Paris-Roubaix klasikoa.

Aurten jokatuko ez direnak Itzulia, Donostiako Klasikoak – emakumezko zein gizonezko -, Volta, Romandiako Tourra, Suitzako Itzulia eta hurrengo urtera atzeratu diren Olinpiar Jokoak.

Egutegi honek aurrera egiten badu bederen, uztailaren 24ean irekiko genuke Strade Biancheko kinielak egiteko epea. Gogoratu orain artekoak ezabatu egingo ditugula eta berria egin beharko dugula. Izan ere, parte-hartzaile eta taldeak desberdinak izan daitezkeenez, multzoen antolaketa berria egin beharko ditugu.

Edozein aldaketa edo berri gure Telegrameko kanalean, Twitterren nahiz Facebooken aurkituko duzu.

Ea ba urtearen bigarren zatian txirrindularitzaz gozatzeko aukera izaten dugun!

Tropelako lehiaketak 2017an

2017ko lehiaketak Tropelan

 

Hitz eman genizuen moduan, 2017ko denboraldian Tropelan izango dugun egutegia publiko egiteko ordua iritsia da!

Aurtengoan 23 lehiaketa izango dira martxoa hasieratik abiatu eta urrira bitartean. Ohi bezala Paris-Niza lasterketarekin hasiko gara eta amaiera Lombardiak emango dio aurtengo denboraldiari.

Lehiaketa berriak eta moldaketa bat izango dira aurtengo berrikuntzak. Egin genuen galdeketa kontutan hartuta – ezin ahaztu ia 700 erantzun jaso genituela! -, Romandia (apirilean) eta Eneco Tour (abuztuan) gehitu ditugu.

Emakumezkoei dagokionez Ardenetako Hirukoa izango dugu aurtengoan gizonezkoenarekin batera. Hau da, emakumezkoen Ardenetako Hirukoa eta gizonezkoena. Gizonezkoen formatua orain arte izan den bezala izango da, hau da, kiniela batekin Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lehiatuko ditugu. Aurten emakumezkoen klasikoak ere izango direnez, berdin izango da emakumezkoen lehiaketa, kiniela bat hiru klasikoetarako.

Egutegiari dagokionez aipatu aurtengoan Emakumeen Bira maiatzean jokatuko dela – iaz apirilean izan zen.

Espero dugu aurtengorako prestatu dugun denboraldiaren egutegia gustukoa izatea nahiz eta galdeketan denetariko erantzunak jaso ditugun. Uste dugu egutegi hau neurrikoa dela eta guztion gustukoa izateko modukoa.

Edonolako iruzkin edo aipamenik baduzue, gehitu post honen ondoren. Izan ere gustura hartzen ditugu zuen iritziak eta orain arte moduan egin bezala etorkizuneko erabakietan ere kontutan hartuko ditugu.

Eskerrik asko guztioi eta ea denboraldi borobil batez gozatzeko aukera dugu Tropelaren 13. denboraldi honetan!

Laster emango dugu ezagutzera 2017ko lasterketen egutegia

Ikusiko zenuten moduan, galdeketa bat jarri genuen martxan 2017ko denboraldiko lasterketen egutegia zehazteko zuen iritzia galdetuz. Lau galderez osatutako galdeketa izan da eta zuen erantzun bikainarekin pozik gaude, izan ere ia 700 lagunek erantzun baituzue. Eskerrik asko!

Orain galdeketaren emaitzak aztertzeko tartea hartuko dugu eta laster emango ditugu ezagutzera bai aurtengo lasterketen egutegia eta baita galdeketaren inguruko analisia, izan ere erantzun interesgarri batzuk jaso baititugu.

Adi, beraz, hurrengo egunei 2017ko Tropelaren egutegia plazaratuko baitugu!

Tropela 2014: aldaketa esanguratsuak datoz


Duela ia 9 urte sortu zen Tropela.net proiektua eta baita berau elikatzen duen Tropela Elkartea ere. Euskal Herrian txirrindularitza proben inguruan dagoen afizioa probestuz, sarean euskarari txoko berri bat sortzeko asmoz ekin genion lanari. Hiru ardatz biltzen zituen proiektuak: EUSKARA, TXIRRINDULARITZA eta TEKNOLOGIA. Eta horrela, lagun askoren borondatezko lanari esker, kalitatezko zerbitzu bat eskainiz, milaka kide biltzen dituen Tropela osatu dugu. Eta zuon eskaerei kasu eginez Tropelaren zerbitzua ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara.

Lan asko eta esfortzu handia eskatzen du honelako proiektu bat aurrera eramateak eta denbora luze bateko hausnarketa eta eztabaidaren ondoren, Tropelak bere bidea egiten jarrai dezan urrats esanguratsu batzuk ematea erabaki du. Urratsak urtero eman ditugu baina aurtengoa jauzia da, eta ez nolanahikoa.

1) Eleaniztasuna

Proiektuak Euskal Herrian duen arrakasta ikusita, beti izan dugu buruan euskaraz ez dakitenei ere parte hartzeko aukera eskaintzea eta Tropela mundu osora zabaltzea. Jakin badakigu beste herrialdeetako partaideak jada baditugula. Badakigu baita ere, badela sarean norbaitek sortutako laguntza-hiztegirik, bertan, Tropelako hitzak gaztelaniara itzulita dituena lagunei Tropelan parte hartzea errazteko. Continue reading “Tropela 2014: aldaketa esanguratsuak datoz”