Tropelako lehiaketak 2017an

2017ko lehiaketak Tropelan

 

Hitz eman genizuen moduan, 2017ko denboraldian Tropelan izango dugun egutegia publiko egiteko ordua iritsia da!

Aurtengoan 23 lehiaketa izango dira martxoa hasieratik abiatu eta urrira bitartean. Ohi bezala Paris-Niza lasterketarekin hasiko gara eta amaiera Lombardiak emango dio aurtengo denboraldiari.

Lehiaketa berriak eta moldaketa bat izango dira aurtengo berrikuntzak. Egin genuen galdeketa kontutan hartuta – ezin ahaztu ia 700 erantzun jaso genituela! -, Romandia (apirilean) eta Eneco Tour (abuztuan) gehitu ditugu.

Emakumezkoei dagokionez Ardenetako Hirukoa izango dugu aurtengoan gizonezkoenarekin batera. Hau da, emakumezkoen Ardenetako Hirukoa eta gizonezkoena. Gizonezkoen formatua orain arte izan den bezala izango da, hau da, kiniela batekin Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lehiatuko ditugu. Aurten emakumezkoen klasikoak ere izango direnez, berdin izango da emakumezkoen lehiaketa, kiniela bat hiru klasikoetarako.

Egutegiari dagokionez aipatu aurtengoan Emakumeen Bira maiatzean jokatuko dela – iaz apirilean izan zen.

Espero dugu aurtengorako prestatu dugun denboraldiaren egutegia gustukoa izatea nahiz eta galdeketan denetariko erantzunak jaso ditugun. Uste dugu egutegi hau neurrikoa dela eta guztion gustukoa izateko modukoa.

Edonolako iruzkin edo aipamenik baduzue, gehitu post honen ondoren. Izan ere gustura hartzen ditugu zuen iritziak eta orain arte moduan egin bezala etorkizuneko erabakietan ere kontutan hartuko ditugu.

Eskerrik asko guztioi eta ea denboraldi borobil batez gozatzeko aukera dugu Tropelaren 13. denboraldi honetan!

Zer nolako egutegia nahiko zenuke 2017rako?

Urte bukaera eta berriaren hasiera honetan lanean gabiltza 2017ko denboraldia prestatzen. Prestaketa horretan, ordea, zuen iritzia jakin nahi dugu eta horretarako ondorenko galdeketa hau prestatu dugu. Lasai, minutu bateko kontua izango da.

Screen Shot 2016-12-31 at 18.30.50

Eskerrik asko aldez aurretik eta urte berri on guztioi!!!!

Tropelak ere bultzada eman dio euskarari gailurrera bidean

Hemen duzue Puntu Eus fundazioak berriki kaleratu duen bideoa. Bertan euskararen ibilbidea sarean errepasatzen da 1994az geroztik. Buber’s basque page webgunetik hasita, euskal postak, Kaixo.com, Sustatu.com, euskarazko Wikipedia, software librea euskaratzen dabilen Librezale lantaldea, Blogari.net, Blogak.com… eta Tropela!

Asko poztu gara geu ere ibilbide honetan euskararen presentzia sarean indartzen laguntzeaz, eta nola ez, bideo honetako parte izatea gure txirrindulari bereziak ordezkatuta. Izan ere asko eta asko dira euskararen presentzia sarean ere bermatzeko lanean dihardutenak nahiz eta bideoan ez azaldu. Hori bai, guztion elkarlana beharrezkoa izango da aurrean ditugun mendietan gora egiten jarraitzeko. Ea ba euskaldun on moduan mendi hauek ere menderatzeko gai garen!

Kinielen “arrisku maila”

Kinielen arrisku mailaAsteburu honetan konturatuko zineten nola ikur berri bat agertu zaizuen “Nire Tropela” atalean. Beno, “Nire Tropela” atalean eta baita kinielatan bertan ere irudietan erakusten dizuegun moduan. Bada ikur berri hori zuen kinielen arrisku maila da. Baina zer esan nahi du horrek?

Oraindik Beta fasean dagoela esan genezake izan ere doitze prozesu bat burutu nahi dugu zuei erakusten dizuegun zenbaki horrek izatea nahi dugun esanahia egoki adierazi dezan. Eta funtsean erraza da kontzeptua: kinielaren arrisku maila kiniela horrek gainontzeko kiniela guztiekiko duen arriskatze maila adierazten du. Continue reading “Kinielen “arrisku maila””

Tropelako portzentajeak kontutan har ditzake UCIren ranking berriak [inozentada]

Espezialisten txostenaDakizuen moduan UCIk sailkapen unibertsal berri bat proposatu du azken asteetan. Orain arte WorldTour lasterketetako puntuak bakarrik hartzen ziren kontuan sailkapena osatzeko, baina Cooksonek egindako lehen proposamenean kategoria baxuagoko lasterketak ere puntuagarri izatea nahi da.

Zenbait aditu eta matematikari, ordea, arduratuta agertu dira berria jakin dutenean. Beraien esanetan puntu gehiago banatzeak kontrakora pentsatzera bagaramatza ere, txirrindulari gehiagok lortuko lituzkete puntuak eta ondorioz berdinketak izateko aukera nabarmenagoa izango dela adierazi dute 156 orrialdetako txostenean. Hori dela eta, faktore zuzentzaile baten beharra dagoela azpimarratzen dute aipatutako txostenean berdinketa posible horiek ekiditeko. Dioten moduan, aukera desberdinak aztertu ondoren, egokiena Tropelan txirrindulariek lehiaketatan izaten dituzten portzentajeak kontutan hartzea dela ondorioztatzen dute sakon landutako txostenean.

Faktore berri hori #ucifaktorea bezala izendatzen dute txostenean, orain arte ezaguna den #tropelafaktorea-rekin ez nahasteko. Dakizuen moduan #tropelafaktorea-k dagoeneko badu bere esanahia eta hori bere horretan uztea ezinbestekotzat ikusten dute adituek.

Oraindik Cooksonek ez du adierazpenik egin gaiaren inguruan. Aitortu du eskuetan duela txostena eta eskertzen duela horrelako aditu talde batek egin duen lana, kontutan hartuko dutela alegia azken erabakia hartzerako. Gainera Tropelaren 10 urteko ibilbideak faktore zuzentzaileari bermea ematen diola baieztatu du UCIko presidenteak.

Hurrengo egunetan espero da UCIren ranking berriaren behin betiko araudia argitaratzea eta orduan jakingo dugu #ucifaktorea zertan geratzen den.


Eguneraketa: inozentada

Atzoko inozentaden eguna izanik, guk gurean hauxe argitaratzea pentsatu genuen. Egia da UCIk sailkapen berri bat jarriko duela martxan baina ez dago ez adituen txostenik ezta #ucifaktorea edo antzekorik, ondo uste zenuten moduan. Espero dugu barretxo batzuk behintzat eragin izana ;-)