4 urtetako lanaren fruituak

Tropela Elkartea duela 4 urte hasi zen Euskal Herriko Itzuliaren webgunea garatu eta sare sozialak kudeatzen. Kudeaketa honen ezaugarrietako bat Itzulia marka edo izenaren zentralitatea izan da.

Horren arrazoia ez da bakarra izan. Alde batetik, ukaezina da Tropelak euskara bultzatzeko eginiko apustua, baina bestetik, ez da ahaztu behar txirrindularitza lasterketen artean lehia gogorra dagoen honetan, guztiak ari direla nazioarteko jarraitzaileen arreta piztu nahian. Horretarako estrategia bat ari da nagusitzen. Proba hori egutegian “bakarra” dela azpimarratzea, ez dagoela horrelako besterik. Horretarako ibilbideen berezitasunak, zaleenak, lasterketen historia eta aintzinekotasuna etab. azpimarratzen dira, baina baita izen propio bat erabili ere. Nolabait esateko, lasterketa guztiek saldu nahi dute identitate edo nortasun propioa dutela, batik bat historia luzea edo ezaugarri oso bereziak dituztenek. Continue reading “4 urtetako lanaren fruituak”

Tropela Elkartearen eta Euskal Herriko Itzulia zein Donostiako Klasikoaren arteko elkarlana eten da

Duela 4 urte OCETA elkartearekin (Organizaciones Ciclistas Euskadi / Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak) hasitako elkarlanarekin ez dugula jarraituko jakinarazi nahi du Tropela Elkarteak.

Tropela Elkartea OCETArekin lanean hasi aurretik egoera hau zen:

*  Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak ez zuten webgune propiorik. Egunkari baten azpidomeinu bat erabiltzen zuten webgune ofizial gisa, komunikazioa batez ere gaztelera hutsean izanik eta apenas eguneratua

*  Lasterketek ez zituzten sare sozialik

 

Hori horrela, eta OCETArekin adostasunean, Itzulia zein Klasikoarentzat webgune propioak garatu zituen eta kudeatzen aritu da Tropela Elkartea ordutik, baita sare sozialak zabaldu ere. Gorabeherekin, tartean arlo digitalari ematen zaion garrantzi txikia eta aurrekontu eskasa (Tropela Elkarteak bere gain hartu ditu garapenaren eta kudeaketaren hainbat gastu), baina 4 urtez Itzuliaren eta 3 urtez Klasikoaren webgune zein sare sozialen atzean egon gara.

Gure kudeaketa digitalaren ezaugarri aipagarrienak honakoak izan dira:

* Eleaniztasuna. Euskara ardatz izan duen baina 3 hizkuntzetan eman den komunikazio digitala (euskara, gaztelania, ingelesa)

* Profesionaltasuna. Txirrindularitzaren eta teknologia berrien azken aurrerapenen jarraipena eta ahal zein heinean aplikazioa, World Tour mailako beste lasterketen pare

* “Itzulia” zein “Klasikoa” marka edo izenen erabilera, lasterketen identitate propioa indartu eta nazioarteko eragina handitzeko

 

Aurten baina, antolakuntza barruan izan den egitura aldaketarekin batera egoera guztiz aldatu da. Norberak bere irakurketak egingo ditu, baina gure ikuspuntutik ezin dugu esan onerako izan denik. Hasieratik konfiantza falta ikaragarria eta gure lanaren inguruko ezagutza falta handia sumatu genuen oraingo zuzendaritzaren aldetik.

Aurtengo Itzulian lanean aritu gara, OCETAk hala eskatuta, baina antolakuntzaren ikuspegia oso desberdina dela nabarmen ikusi dugu. Arestian aipatutako kontuez gain, biziki kezkatu gaitu antolakuntzak hizkuntza kudeaketaren inguruan azaltzen duen arduragabekeriak. Horren adibide argiak dira prentsa arduradun berriaren izendapena eta euskarazko domeinuen eta traolen erabileraren inguruan etengabe azaldu dizkiguten zalantzak.

Egoera deseroso honetan, Tropela Elkartearen eta OCETAren arteko lankidetza hemen amaitzen dela jakinarazi nahi dizuegu. Tropela Elkartea, beraz, ez da Euskal Herriko Itzuliko eta Donostiako Klasikoko webgune zein sare sozialen arduradun izango, nahiz eta guk horretarako gogoa adierazi eta proposamen sendo bat aurkeztu antolakuntzari.

Eta ezin uka kezkatuta gaudela. Azken urteetan egindako lana, eta euskarari, internazionalizazioari eta teknologia berriei dagokienez emandako urratsak ezerezean geratzeko arriskua hortxe baitago.

Tropelaren jarraitzaileei honen berri eman beharrean sentitu gara eta 4 urte hauetan proiektu honetan lagundu gaituzten kide, garatzaile, kazetari, argazkilari, txirrindulari, talde eta beste hainbat lagunei gure esker ona adierazteko ere aprobetxatu nahi genuke. Beraiek gabe ezinezkoa izango baitzen urte hauetan egindako lana burutzea.

Guk zabalduriko bide eta lan ildoak mantenduko diren esperoan, onena opa diegu Itzulia eta Klasikoari, gu guztion lasterketak baitira.

 

PDF Euskaraz

PDF Castellano

Tropelako lehiaketak 2017an

2017ko lehiaketak Tropelan

 

Hitz eman genizuen moduan, 2017ko denboraldian Tropelan izango dugun egutegia publiko egiteko ordua iritsia da!

Aurtengoan 23 lehiaketa izango dira martxoa hasieratik abiatu eta urrira bitartean. Ohi bezala Paris-Niza lasterketarekin hasiko gara eta amaiera Lombardiak emango dio aurtengo denboraldiari.

Lehiaketa berriak eta moldaketa bat izango dira aurtengo berrikuntzak. Egin genuen galdeketa kontutan hartuta – ezin ahaztu ia 700 erantzun jaso genituela! -, Romandia (apirilean) eta Eneco Tour (abuztuan) gehitu ditugu.

Emakumezkoei dagokionez Ardenetako Hirukoa izango dugu aurtengoan gizonezkoenarekin batera. Hau da, emakumezkoen Ardenetako Hirukoa eta gizonezkoena. Gizonezkoen formatua orain arte izan den bezala izango da, hau da, kiniela batekin Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lehiatuko ditugu. Aurten emakumezkoen klasikoak ere izango direnez, berdin izango da emakumezkoen lehiaketa, kiniela bat hiru klasikoetarako.

Egutegiari dagokionez aipatu aurtengoan Emakumeen Bira maiatzean jokatuko dela – iaz apirilean izan zen.

Espero dugu aurtengorako prestatu dugun denboraldiaren egutegia gustukoa izatea nahiz eta galdeketan denetariko erantzunak jaso ditugun. Uste dugu egutegi hau neurrikoa dela eta guztion gustukoa izateko modukoa.

Edonolako iruzkin edo aipamenik baduzue, gehitu post honen ondoren. Izan ere gustura hartzen ditugu zuen iritziak eta orain arte moduan egin bezala etorkizuneko erabakietan ere kontutan hartuko ditugu.

Eskerrik asko guztioi eta ea denboraldi borobil batez gozatzeko aukera dugu Tropelaren 13. denboraldi honetan!

Laster emango dugu ezagutzera 2017ko lasterketen egutegia

Ikusiko zenuten moduan, galdeketa bat jarri genuen martxan 2017ko denboraldiko lasterketen egutegia zehazteko zuen iritzia galdetuz. Lau galderez osatutako galdeketa izan da eta zuen erantzun bikainarekin pozik gaude, izan ere ia 700 lagunek erantzun baituzue. Eskerrik asko!

Orain galdeketaren emaitzak aztertzeko tartea hartuko dugu eta laster emango ditugu ezagutzera bai aurtengo lasterketen egutegia eta baita galdeketaren inguruko analisia, izan ere erantzun interesgarri batzuk jaso baititugu.

Adi, beraz, hurrengo egunei 2017ko Tropelaren egutegia plazaratuko baitugu!

Zer nolako egutegia nahiko zenuke 2017rako?

Urte bukaera eta berriaren hasiera honetan lanean gabiltza 2017ko denboraldia prestatzen. Prestaketa horretan, ordea, zuen iritzia jakin nahi dugu eta horretarako ondorenko galdeketa hau prestatu dugu. Lasai, minutu bateko kontua izango da.

Screen Shot 2016-12-31 at 18.30.50

Eskerrik asko aldez aurretik eta urte berri on guztioi!!!!