Tropela Elkartea duela 4 urte hasi zen Euskal Herriko Itzuliaren webgunea garatu eta sare sozialak kudeatzen. Kudeaketa honen ezaugarrietako bat Itzulia marka edo izenaren zentralitatea izan da.

Horren arrazoia ez da bakarra izan. Alde batetik, ukaezina da Tropelak euskara bultzatzeko eginiko apustua, baina bestetik, ez da ahaztu behar txirrindularitza lasterketen artean lehia gogorra dagoen honetan, guztiak ari direla nazioarteko jarraitzaileen arreta piztu nahian. Horretarako estrategia bat ari da nagusitzen. Proba hori egutegian “bakarra” dela azpimarratzea, ez dagoela horrelako besterik. Horretarako ibilbideen berezitasunak, zaleenak, lasterketen historia eta aintzinekotasuna etab. azpimarratzen dira, baina baita izen propio bat erabili ere. Nolabait esateko, lasterketa guztiek saldu nahi dute identitate edo nortasun propioa dutela, batik bat historia luzea edo ezaugarri oso bereziak dituztenek.

Adibideak ugariak dira. Hiru handiek argi dute euren hizkuntzetan itzulia esateko hitza dela hitz gakoa: Tour, Giro, Vuelta. Azkena norabide hau hartzen Espainiako itzulia izan da, eta bere identitate grafikoaren azken eguneraketan “La Vuelta” hartu du izen ofizialtzat, Frantziakoak “Le Tour” zuen bezala.

Beste era bateko lasterketetan, hain ezaguna den Flandriako Itzuliak ere aspaldi egin zuen bere hautua, eta gaur egun, gero eta gehiago dira itzuli hau “De Ronde” bezala edo RVV bezala ezagutzen dutenak. Eta flandriera ezagutzen ez duten askok ere ederki dakite RVV horren atzean Ronde van Vlaanderen izen ofiziala ezkutatzen dela. Historiarik gabeko lasterketak ere badira antzerako bidea jarraitzen. Strade Bianche da adibide onena. Ibilbidearen berezitasuna du ezaugarri bat, baina hasiera-hasieratik saldu dizkigute nazioarteko zaleoi natural-natural geureganatu ditugun “sterrato” edo “Strade Bianche” hitzak.

Tropelak eginiko hautua, beraz, ez zen erabaki zaila izan eta guztiz logikoa testuinguru honetan. Webgunea garatzen hasi eta sare sozialak zabaldu zituen lehen momentutik argi zuen Tropelak Itzulia izango zela domeinu izena eta sare sozialetan erabiliko zen hitz gakoa bai lasterketa hau izendatzeko eta baita hashtag bezala. Motza, erabilerraza eta bakarra. Dena zuen alde.

Ordutik, naturalki sartu da Itzulia hitza nazioarteko zale eta txirrindularien artean eta bere erabilera asko handitu da. Gero eta gehiago dira beste hizkuntzetan ari direla ere Euskal Herriko lasterketa honi Itzulia deitzen diotenak. Irudian ikus daiteke, adibide gisa, Googleko bilaketetan hitz honek azken 5 urteetan izan duen bilakaera, mundu mailan, gazteleraz lasterketak erabiltzen zuen hitzarekin alderatuz.

Eta hau, Tropela elkarteak azken 4 urteetan egindako lanaren eta estrategiaren ondorioa da, hemendik aurrera arriskuan dagoena.