2006ko Euskal Herriko Itzulia ere amaitu da

Tropela Elkarteak landutako webgune honetan, aurtengo Euskal Herriko Itzulia antolatzeko erabakia hartu genuen. Izan dugun partehartzaile kopurua kontutan izanda, esan beharra dago antolatzeaz ez garela damutzen.

Lehiaketa honetan zarauztarrak eta azkoitiar bat izan ditugu podiumean: garailea eneko, bigarren txarli1 eta hirugarren HARITZ. Gustatuko litzaiguke sariren bat ematea bai aurreko postuetan amaitu dutenei baita parte hartu duzuen guztioi ere. Ez da izan saiatu ez garelako, gure nahietan baitzegoen sariren bat edo beste eskuratzea, baina ez da posible izan. Beraz, besterik ezean, gure zorionik beroenak aurreko postuetan izan zareten eta parte hartu duzuen guztioi.

Txirrindulari denboraldia aurrera doa eta berarekin tropela.eus ere bai. Hau hasi besterik ez da egin. Aurrera begira Italiako Giroa eta Frantziako Tourra ere antolatzekotan gara. Okerrik ezean, hobekuntzak burutu eta sariren bat edo beste inguratzekotan gara. Hala espero dugu behintzat.

Izan dezagun, beraz, aurtengoan ere txirrindularitzaz euskaraz gozatzeko parada! Noski, zuek guztiokin eta tropela.eus webgunean.

Zorionak Tropela!

Gaur urte bat bete da tropela.eus webgunea martxan jarri genuenetik. Teknologia berrietan euskarak duen presentzia bultzatu nahiak eta txirrindularitzaren munduarekiko dugun zaletasunak proiektu hau burutzera animatu gintuen, eta gure aurreikuspen guztien gainetik, bizi-bizi gabiltza oraindik.

Azken urte hontan antolatu ditugun ekintzek izan duten babesa eta partaidetza ikusita, bigarren urte honetan indar berriturik gatoz, euskarazko edukiak sendotu asmoz eta txirrindularitzaz eta teknologia berrietaz goza dezazuen bilatuz. Adi egon gure lehiaketei eta bestelako ekintzei, aurten ere sari mamitsuak eta sorpresa ugari izango baititugu (Euskal Herriko Itzulirako sariak eskuratzerako orduan nahikoa larri bagabiltza ere).

Zorionak Tropela! Eta, batez ere, zorionak gure proiektuan sinistu duzuen guztioi, eta hau irakurtzen ari zaren horri!