
Cancellara eta Armstrong. Bi txirrindulari beteranok jantzi dituzte urrezko dominak Olinpiar Jokoetako erlojupekoan. Castrovejo getxotarrak laugarren bukatu du gizonezkoen proban; lau segundogatik ez du domina eskuratu. Egia esan, Cancellara podiumean ikustea ezin da ustekabekotzat hartu (lau aldiz izan da munduko txapeldun erlojuz kontra), baina bere azken denboraldia den honetan emaitzak zertxobait apalagoak izaten ari zirela aintzat hartuta (Tourreko erlojupeko luzean ez zen lehen postuetan agertu), ausarta behar zen gero, sosak haren alde jartzeko urrea irabazteko borrokan. Usteak erdi ustel. Cancellarak, 35 urterekin, ginga ezinhobea jarri dio bere kirol ibilbideari. Pekinen duela zortzi urte bezala, onena izan da erlojuaren aurkako borrokan.
Continue reading “Zahar hitz, zuhur hitz”
Kolkoratu zuen domina bezain borobila izaten ari da udara Van Avermaetentzat. Tourrean etapa irabazi zuen era ikusgarrian eta maillot horia jantzi zuen zenbait egunez. Jakina, haren parekoa da Rioko garaipena. Gauzak ondo, berak izan behar du klasikomano nagusienetakoa, nagusia ez bada, datozen bost urteotan. Hedabide askotan nabarmendu dute Greg izena jarri ziotela jaio zenean Lemondi keinua egitearren. Komunikabide gutxiagok azpimarratu dute, ordea, ‘van’ abizenaren hasierak tradizio handia duela txirrindularitzan. Van Stenbeergen eta Van Loy, duela mendi erdi, klasikoetako erregeak izan ziren eta Coppi eta Anquetil bezalako txapeldun handiak oso estu hartu zituzten.