Riok, orain arte, erakutsi diguna

Anna-van-der-BreggenKolkoratu zuen domina bezain borobila izaten ari da udara Van Avermaetentzat. Tourrean etapa irabazi zuen era ikusgarrian eta maillot horia jantzi zuen zenbait egunez. Jakina, haren parekoa da Rioko garaipena. Gauzak ondo, berak izan behar du klasikomano nagusienetakoa, nagusia ez bada, datozen bost urteotan. Hedabide askotan nabarmendu dute Greg izena jarri ziotela jaio zenean Lemondi keinua egitearren. Komunikabide gutxiagok azpimarratu dute, ordea, ‘van’ abizenaren hasierak tradizio handia duela txirrindularitzan. Van Stenbeergen eta Van Loy, duela mendi erdi, klasikoetako erregeak izan ziren eta Coppi eta Anquetil bezalako txapeldun handiak oso estu hartu zituzten.
Bere onena erakutsi digu, era berean, Fuglsang danimarkarrak. Zenbat lan ez ote duen egin bere ibilbidean, beti ere taldeburuen mesedetan! Rion, bera izanik Danimarkako selekzioko hautagaia, ziurrenik bere kirol ibilbideko probarik biribilena burutu zuen, eta zilarrezko domina etxeratu. Majkak gutxi du erakusteko, egia esan. Borrokalari petoa da; Tourrean tropela apenas ez zuen ezagutu etapa askotan, mendiko guztietan kasi, ihesean ibili zelako. Urrezko dominak hatz artean ihes egin zion, bai, baina poloniarrak erakutsi digu txirrindulari puska dela. Aitortu behar dut duela pare bat urte, Tourrean, kamerari keinuka agertu zenean etapa irabaztear zela, ipurtarinegia zela pentsatu nuela, baina egiten ari den denboraldia ikusirik -ez ahaztu Giroko sailkapen nagusia lehiatu zuela duela bi hilabete, Tourrera joan aurretik- txapela kendu behar dut haren aurrean.

Podiuma alde batera utzi, beste zenbait izen aipatu behar. Froome, nola ez. Olinpiar Jokoetako probak erakutsi digu talde indartsua alboan eduki ezean, Froome ez dela otsoa. Ez dut, hori bai, iradoki nahi, bigarren mailako txirrindularia denik, horixe ezetz, baina Sky menderakaitzaren laguntzarik gabe gizatiagoa da Froome. Eta Meintjes? Hegoafrikarrak ere txalo sorta merezi duelakoan nago. Tourra lehen hamarren artean bukatu zuen Lampre apalean eta Rion ere lehen hamarren artean, oilarrekin buruz buru aritu ostean. Meintjesek erakutsi digu etorkizun oparoa duela.

Zorte txarrak kolpatutakoak ezin ahaztu. Nibali lepauztaia hautsita etxeratu da, baina beste behin bere klasea lau haizetara erakutsi du. Italiak txapeldun handia du eta oraindik hiruzpalau urtez harekin gozatzea espero dugu. Henaorentzat ere animoak. Hirutan izan da Euskal Herriko Itzulia irabazteko zorian kolonbiarra, baina azken erlojupekoan bera baino indartsuagorik izan da eta ametsa zapuztu diote -Quintanak, Rodriguezek eta Contadorrek-. Rioko proban domina galdu zuen azken aldapan izandako erorikoan. Garaipenen bat lortzen duenean bereziki poztuko naiz.

Emakumezkoetan, Van der Breggen herbeheretarrak irabazi du esprintean -Van abizena hemen ere!-. 26 urteko txirrindulariak 2015ean Italiako Giroa irabazi zuen eta Munduko txapeldunorde izan zen, nola errepidean ala erlojupekoan. Aurten Fleche-Wallonen nagusitu da. Haren atzetik Johansson suediarra eta Longo-Borghini italiarra sailkatu dira. Abott estatubatuarrak laugarren amaitu du, helmuga marra ia-ia ikusten zuela harrapatu duelako haren atzetik zetorren hirukoteak. Bestalde, Vos handiak 10. postuan bukatu du. Nibaliri, Henao edota Porteri gertatu bezala, emakumezkoen lasterketan egon da eroriko lazgarririk. Van Vleutenena, nagusiki. Zoritxarrez proba utzi behar izan du lasterketaren buruan zihoala, baina, zorionez, onik eraman omen dute ospitalera. Ane Santesteban errenteriarrak 47. postuan amaitu du. Bera izan da errepideko proba amaitu duen euskal herritar bakarra, izan ere, Ion Izagirrek, Imanol Erviti eta Jonathan Castroviejok ez zuten gizonezkoen proba amaitzerik izan.

Belgikar batek -gizonezkoetan- eta herbeheretar batek -emakumezkoetan- irabazi dituzte urrezko dominak. Txirrindularitza bereziki maite duten bi herrialdeak izanik, Van Avermaet eta Van der Breggenen balentriak ez dira oharkabean pasako. Hori ziur.

Zirkuituari buruz, bi hitz: ikusgarria izan da, baina zoritxarrez, litekeena da erorikoengatik gogoratzea ikusgarritasunagatik baino. Ea erlojupekoan zer gertatzen den…

Argazkia: Gettyimages