Zahar hitz, zuhur hitz

CancellaraCancellara eta Armstrong. Bi txirrindulari beteranok jantzi dituzte urrezko dominak Olinpiar Jokoetako erlojupekoan. Castrovejo getxotarrak laugarren bukatu du gizonezkoen proban; lau segundogatik ez du domina eskuratu. Egia esan, Cancellara podiumean ikustea ezin da ustekabekotzat hartu (lau aldiz izan da munduko txapeldun erlojuz kontra), baina bere azken denboraldia den honetan emaitzak zertxobait apalagoak izaten ari zirela aintzat hartuta (Tourreko erlojupeko luzean ez zen lehen postuetan agertu), ausarta behar zen gero, sosak haren alde jartzeko urrea irabazteko borrokan. Usteak erdi ustel. Cancellarak, 35 urterekin, ginga ezinhobea jarri dio bere kirol ibilbideari. Pekinen duela zortzi urte bezala, onena izan da erlojuaren aurkako borrokan.

Zirkuitua (54 kilometro) gogorra zen gero, bereziki lanerditako aldapa gaiztoagatik. Hara iritsi aurretik, bigarren erreferentzia gunean, Dennis australiarra izan da onena, Dumolinen aurretik. Cancellara haien atzetik zihoan. Baita Froome ere. Hurrengo erreferentzia puntuan, baina, burua hartu du suitzarrak eta handik helmugara bitartean aldea handitu du. Bere egun handienetan bezala, dotore eragin die pedalei, ikusgarri. Sekula ez dugu jakingo zer gertatuko zatekeen Dumolinek min hartu izan ez balu eskumuturrean Tourra bukatu bezperan… Herbeheretarrak irabazi zuen Tourreko erlojupeko luzea, baina Rion zilarrarekin konformatu behar izan du (47 segundora)…urrearekin amesten bazuen ere. Edozein modutan, bera da etorkizuna erlojuz kontrako lehian. Froomek, bere aldetik, hirugarren bukatu du (minutu eta bi segundora)… Jonathan Castroviejoren zoritxarrerako, getxotarra, lau segundo eskasengatik geratu baita podiumetik kanpo. Ikustekoa izan da zer nolako urduritasunarekin ari zen errepideari begira Froome helmugaratu denean. Ion Izagirre, Tourreko bi erlojupekotan bezala, lehen hamarren artean amaitu du: Rion zortzigarren bukatu du. Harrigarria, beharbada, Tony Martin eta Kiryienka -Munduko txapelduna- lehen hamarren artean ez sailkatu izana.

Emkumezkoetan (30 kilometro), Armstrongek irabazi du, 43 urte bete bezperan. Hori da hori balentria, hirugarrenez jarraian irabazi duelako urrezko domina Olinpiar Jokoetako erlojupekoan. Hori bai, ondo zaindu beharko du bizikleta; duela lau urte Londresen erabilitako bizikleta lapurtu ziotelako domina lortu eta egun gutxira… Emakumezkoen proban oso tarte txikiak izan dira podiumera igo diren ziklisten artean. Hala, Zabelinskaya errusiarrak sei segundo gehiago behar izan ditu eta Van der Breggen herbeheretarrak, 11. Ez ahaztu Van den Breggenek urrezko dominak irabazi zuela errepideko proban igandean. Hortaz, bera da bi domina eskuratu dituen bakarra. Bejondeiola!

Eta zorionak, era berean, Imonreals eta makinistari, haiek irabazi dutelako Tropelako kinielan gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren.