Sailkapen nagusia lehiatzeko euskal txirrindularirik ez dago, baina etapa gehienetako ihesaldietan etxeko ziklistaren bat ikusiko dugu ziur aski. Batzuentzat lehenengo Tourra izango da. Goza eta era berean asko ikas dezatela opa diegu!
Juanma Garate
Rabobankeko igotzaileak galtzak bete lan izango ditu, bai Menchovek bai Gesinkek sailkapen nagusia izango dutelako begiz jota. Hala ere, irundarra etapa ehiztari aparta da; Vueltan eta Giroan etapak irabazi eta gero, oso handia egin zuen iaz, Mont Ventouxen nagusitu baitzen. Mendiko etapetan ihesaldietan sartuko da ziurrenik eta beraz, puntuak eman eman ditzake.
Amets Txurruka
Adorea barra barra du txirrindulari bizkaitarrak. 2007an oso-oso gertu izan zuen etapa garaipena Tourrean eta iaz, Bartzelonan bukatu zen etapan ere jo eta ke ibili zen. Tropelean ez da geldirik egongo, eta gauzak ondo, egun batean baino gehiagotan iritsiko da tropel nagusiaren aurretik. Aurrena iristea beste kontu bat da. Ametsen ametsa.
Egoi Martinez
Joan den urteko Tourrean mendiko maillota eskuratzeko borrokan ibili zen Franco Pellizotti italiarrarekin, eta Juanma Garateren adina eskarmentu du. Garate eta Txurruka bezala, Etaparen bat irabazteko borrokan egongo da, ziur.
Iban Mayoz
Donostiarra Giro bikaina egina iritsiko da Frantziara. 27 urteko txirrindularia eztitan dagoela ematen du. Tourrean baina, ez du esperientziarik, eta hori eta Italian pilatutako nekea izan ditzake oztopo nahi bezain gerlari aritzeko.
Aitor Perez Arrieta
Caisse d’Epargne, Extremadura, Contempolis… Talde askotan egona da zegamarra. Aurten Footon-Serveton dago, Matxinen esanetara, eta azken orduko aldaketa bati esker debuta egingo du Tourrean.
Arkaitz Duran
Aitor Perezen taldekideak ere aurreneko Tourra du. 24 urteko gasteiztarrak ikastea izango du egiteko nagusia.
Imanol Erviti
Caisse d’Epargneko 26 urteko iruindarra ere lehenengo aldiz izango da Tourrean. Giroa eta Espainiako Itzuli, aldiz, ezagutzen ditu.
Gorka Verdugo
Etxarri Aranatzeko ziklistak 31 urte ditu eta Samuel Sanchezen mesedetan lan garrantzitsua egin dezake, esperientzia bai baitu: azken lau Tourretan parte hartu du eta laurak bukatu ditu.
Iñaki Isasi
33 urteko arabarrak, Gorka Verdugok bezala, eskarmentua badu itzuli handietan. Euskalteleko ziklistak lau aldiz bukatu du Tourra eta hiru Espainiako Vuelta. 2006ko Tourreko etapa batean bosgarren sailkatu zen.
Juanjo Oroz
Nafarrak iaz lehen aldiz parte hartu zuen Tourrean. Hortaz, aurten joan den urtekoan ikasitakoa langungarri izatea espero du Euskalteko txirrindulariak.
Ruben Perez
Zaldibiko 28 urteko ziklistak zenbait Tour ditu zakuan, eta 2007an bestei nork baino kilometro gehiago eman zituen ihesean. Borrokarako grina eramango du Euskaltelekoak, ziur.
Ivan Velasco
Euskalteleko 30 urteko arrasatearrarentzat Tourrean egotea bada garaipen handia, estreinako aldiz ariko baita proban.
Alan Perez
28 urteko nafarrari buruz beste horrenbeste esan daiteke. Irteeran egotea ametsa betetzea izango da berarentzat, aurreneko aldiz lehiatuko baita. Honek ere mailot laranja eramango du soinean.
Zeinen alde egin? Nik Juanma Garate eta Amets Txurruka aukeratuko nituzte.
Nabarmen aukeratu dituzuenak Brajkovic (%43,3, Radioshack) , Van den Broeck (% 39,1, Silence-Lotto) , Luis Leon Sanchez (% 54,6, Caisse D’Epargne) eta Joaquim Rodriguez (% 43,8, Katusha) izan dira. Brajkovic Dauphinen Contadorri gailendu ostean dator Tourra lehiatzera. Oker ez banaiz Haimar Zubeldiaren ordez sartu dute taldean (animo Haimar!) eta, noski, helburua Armstrongi 8. Tourra irabazten laguntzea izango da. Ez zait iruditzen etapa garaipenen bat baino gehiago lortuko duenik; beharbada lehen prologoan erlojuaren aurka ondo moldatzen baita. 3 asteko lasterketa da eta beharbada luzeegia beretzako. Hala era aukeratzen duzuen taldearen arabera txirrindulari interesgarria izan dakizueke.

Ciolek (MILRAM). Multzo honetako izarra dela esan genezake. Azken bi urteotako Tourretan garaipenetik gertu egon da lauzpabost aldiz, eta aurten jauzi kualitatiboa emateko gertu dago. Cavendish, Farrar eta haiengandik gertu egongo da, edo aurretik.
Bole (LAMPRE), Gavazzi (LAMPRE), Hondo (LAMPRE) eta Lorenzettto (LAMPRE) talde berekoak dira. Harrigarria da, baina Lamprek bost gizon azkar izango ditu Tourrean. Berez, Petacchirendako lan egin beharko dute, batez ere, Lorenzettok eta Hondok, azken kilometroan. Eta Bole eta Gavazzi ihesaldietan sartzeko moduko ziklistak dira, oso denboraldi ona egiten ari dira-eta.
Rojas (CAISSE). Murtziarra da taldeko gizon indartsuena, Suitzan erakutsi zuen moduan. Iaz ere izan zen Tourrean eta lehen hamarren artean sailkatu zen hainbat aldiz. Ondo daki lekua hartzen eta ez dio beldurrik kapoekin esprintak lehiatzeari.
Iazko denboraldian lehertu zen esprinter estatubatuarra. Tourrean garaipenik lortu ez bazuen ere, oso hurbil ibili zen eta martxoan hasi eta urrian ere garaipenak lortu zituen, oso erregularra dela erakutsiz. Horren ondoren, 2010 bere urtea izan zitekeela uste genuen askok. Dena dela, maila altuan ibili bada ere, agian ez da esprintetan dominatzaile izatera pasatzeko saltoa emateko gai izan. 4 garaipen on lortu ditu halere dagoeneko, tartean Giroko 2 etapa. Aurten bada, iaz hain hurbil izan zituen garaipenen bila joango da Frantziara, baita maillot berdeagatik borrokatzera ere. Oso erregularra izanik, ziur aurreko postuetan ikusiko dugula
Mark Cavendish
Txirrindulari handia dugu kantabriarra. Nire ustetan, Armstrong-ekin batera oraindik lehiatzen dabilen ziklistarik handiena. Gauzarik zailenak erraz egiteko gaitasuna du Rabobank-eko harribitxiak. Beharbada horregatik, maillot berdeak edo Tourreko etapa bat gehiagok ez du besteak bezainbat motibatuko Freire. Denboraldi hasera paregabea izan zuen, beste behin ere Milano-San Remo maisuki irabaziz baina ondoren ez du hain emaitza onik lortu. Hala ere, esprinterren artean bera da garaipen gehienekin aurkezten dena Tourreko irteeran. Aukera txikiena ikusten badu ez du alferrik galduko eta bizpahiru etapa irabazteko ez du gehiegi behar. Dena dela, bere aurtengo helburu handia mundiala izango da beste behin ere, eta hori buruan, ez ditu beste esprinterrek hartuko dituzten arriskuak hartuko.
Berak ere ba ote daki zenbat garaipen eskuratu dituen profesionaletan dabilen 12 urteotan? Asko, bai itzuli txikietan, bai handietan ere. Baina gainbehera ere iritsi zaio eta aurten nabarmena izaten ari da. Lehen hamarnaka lortzen bazituen garaipenak, aurten Italiako 2. mailako lasterketa batzuetan besterik ez du lortu besoak altxatzea. Etapa lortu zuen Suitzako Itzulian ere, baina azken hau Cavendishek esprinta jokatzen ari ziren gizon erdiak lurrera bota ondoren….Kostako zaio bada Tourrean irabaztea, baina ziur aurreko postutan ikusiko dugula besteek noiz huts egin zain.
Norvegiarra, 2004an bezala, bere herrialdeko txapelketa irabazita dator Tourrera. Hori du aurtengo bere garaipen bakarra. Dena den, inoiz ez da izan oso txirrindulari garailea (ez behintzat esprinterra dela kontutan izanik). Erregulartasuna du bere dohaina eta iazko Tourrean bera izan zen maillot berdea jantzi zuena Parisen. Etapa bakarra irabaziz, Cavendishen 6 garaipenetatik urrun, bera izan zen puntukako sailkapenean nagusi. Aurten ere asmo horrekin joango da Rotterdam-era eta Parisen berriro podiumera igotzeko esprint guztietan aurrean sartzen saiatuko da.