Tourreko multzoen azterketa: azkarrak (IV)

Aurtengoan ez ditugu aukera asko. Eta inor ere ez da orain arte besteen oso gainetik azaldu 2010an.

Tyler Farrar

FarrarIazko denboraldian lehertu zen esprinter estatubatuarra. Tourrean garaipenik lortu ez bazuen ere, oso hurbil ibili zen eta martxoan hasi eta urrian ere garaipenak lortu zituen, oso erregularra dela erakutsiz. Horren ondoren, 2010 bere urtea izan zitekeela uste genuen askok. Dena dela, maila altuan ibili bada ere, agian ez da esprintetan dominatzaile izatera pasatzeko saltoa emateko gai izan. 4 garaipen on lortu ditu halere dagoeneko, tartean Giroko 2 etapa. Aurten bada, iaz hain hurbil izan zituen garaipenen bila joango da Frantziara, baita maillot berdeagatik borrokatzera ere. Oso erregularra izanik, ziur aurreko postuetan ikusiko dugula

CavendishMark Cavendish

Iazko dominatzailea izan genuen etapa lauetan. Sasoiko dagoenean etsairik ez duela erakutsi zuen iaz harroxko britainiarrak. Aurten baina, makal dabil eta hein batean, ez dirudi oso zentratua. Denboraldi hasieran beharrezko prestakuntza gabe aritu zen eta poliki-poliki forman jartzen joan bada ere, 3 garaipen lortuz Kalifornia, Romandia eta Kataluniako itzulietan (iaz 14 Tour aurretik), urduri ikusi dugu azkenaldian, iazko pedal kolpea berreskuratu ezinik. Suitzan Haussler-en aurka kolpatuz erorketa larria eragin zuen eta fisikoki kaltetuegia atera ez bazen ere, burutik ez zuen lasaitu handirik hartuko. Dena den, sasoian iristen bada eta duen taldearekin aurten ere Tourreko azkarrena izan daiteke.

Oscar Freire

FreireTxirrindulari handia dugu kantabriarra. Nire ustetan, Armstrong-ekin batera oraindik lehiatzen dabilen ziklistarik handiena. Gauzarik zailenak erraz egiteko gaitasuna du Rabobank-eko harribitxiak. Beharbada horregatik, maillot berdeak edo Tourreko etapa bat gehiagok ez du besteak bezainbat motibatuko Freire. Denboraldi hasera paregabea izan zuen, beste behin ere Milano-San Remo maisuki irabaziz baina ondoren ez du hain emaitza onik lortu. Hala ere, esprinterren artean bera da garaipen gehienekin aurkezten dena Tourreko irteeran. Aukera txikiena ikusten badu ez du alferrik galduko eta bizpahiru etapa irabazteko ez du gehiegi behar. Dena dela, bere aurtengo helburu handia mundiala izango da beste behin ere, eta hori buruan, ez ditu beste esprinterrek hartuko dituzten arriskuak hartuko.

Alessandro Petacchi

PetacchiBerak ere ba ote daki zenbat garaipen eskuratu dituen profesionaletan dabilen 12 urteotan? Asko, bai itzuli txikietan, bai handietan ere. Baina gainbehera ere iritsi zaio eta aurten nabarmena izaten ari da. Lehen hamarnaka lortzen bazituen garaipenak, aurten Italiako 2. mailako lasterketa batzuetan besterik ez du lortu besoak altxatzea. Etapa lortu zuen Suitzako Itzulian ere, baina azken hau Cavendishek esprinta jokatzen ari ziren gizon erdiak lurrera bota ondoren….Kostako zaio bada Tourrean irabaztea, baina ziur aurreko postutan ikusiko dugula besteek noiz huts egin zain.

Thor Hushovd

HushovdNorvegiarra, 2004an bezala, bere herrialdeko txapelketa irabazita dator Tourrera. Hori du aurtengo bere garaipen bakarra. Dena den, inoiz ez da izan oso txirrindulari garailea (ez behintzat esprinterra dela kontutan izanik). Erregulartasuna du bere dohaina eta iazko Tourrean bera izan zen maillot berdea jantzi zuena Parisen. Etapa bakarra irabaziz, Cavendishen 6 garaipenetatik urrun, bera izan zen puntukako sailkapenean nagusi. Aurten ere asmo horrekin joango da Rotterdam-era eta Parisen berriro podiumera igotzeko esprint guztietan aurrean sartzen saiatuko da.

Gauzak horrela, kinielan Cavendish eta Hushovd hartuko nituzke, aurten oso fin ez badabiltza ere, ematekotan beren onena orain emango baitut.