Tourreko multzoen azterketa: euskaldunak (VI)

euskaldunakSailkapen nagusia lehiatzeko euskal txirrindularirik ez dago, baina etapa gehienetako ihesaldietan etxeko ziklistaren bat ikusiko dugu ziur aski. Batzuentzat lehenengo Tourra izango da. Goza eta era berean asko ikas dezatela opa diegu!

Juanma Garate
Rabobankeko igotzaileak galtzak bete lan izango ditu, bai Menchovek bai Gesinkek sailkapen nagusia izango dutelako begiz jota. Hala ere, irundarra etapa ehiztari aparta da; Vueltan eta Giroan etapak irabazi eta gero, oso handia egin zuen iaz, Mont Ventouxen nagusitu baitzen. Mendiko etapetan ihesaldietan sartuko da ziurrenik eta beraz, puntuak eman eman ditzake.

Amets Txurruka
Adorea barra barra du txirrindulari bizkaitarrak. 2007an oso-oso gertu izan zuen etapa garaipena Tourrean eta iaz, Bartzelonan bukatu zen etapan ere jo eta ke ibili zen. Tropelean ez da geldirik egongo, eta gauzak ondo, egun batean baino gehiagotan iritsiko da tropel nagusiaren aurretik. Aurrena iristea beste kontu bat da. Ametsen ametsa.

Egoi Martinez
Joan den urteko Tourrean mendiko maillota eskuratzeko borrokan ibili zen Franco Pellizotti italiarrarekin, eta Juanma Garateren adina eskarmentu du. Garate eta Txurruka bezala, Etaparen bat irabazteko borrokan egongo da, ziur.

Iban Mayoz
Donostiarra Giro bikaina egina iritsiko da Frantziara. 27 urteko txirrindularia eztitan dagoela ematen du. Tourrean baina, ez du esperientziarik, eta hori eta Italian pilatutako nekea izan ditzake oztopo nahi bezain gerlari aritzeko.

Aitor Perez Arrieta
Caisse d’Epargne, Extremadura, Contempolis… Talde askotan egona da zegamarra. Aurten Footon-Serveton dago, Matxinen esanetara, eta azken orduko aldaketa bati esker debuta egingo du Tourrean.

Arkaitz Duran
Aitor Perezen taldekideak ere aurreneko Tourra du. 24 urteko gasteiztarrak ikastea izango du egiteko nagusia.

Imanol Erviti
Caisse d’Epargneko 26 urteko iruindarra ere lehenengo aldiz izango da Tourrean. Giroa eta Espainiako Itzuli, aldiz, ezagutzen ditu.

Gorka Verdugo
Etxarri Aranatzeko ziklistak 31 urte ditu eta Samuel Sanchezen mesedetan lan garrantzitsua egin dezake, esperientzia bai baitu: azken lau Tourretan parte hartu du eta laurak bukatu ditu.

Iñaki Isasi
33 urteko arabarrak, Gorka Verdugok bezala, eskarmentua badu itzuli handietan. Euskalteleko ziklistak lau aldiz bukatu du Tourra eta hiru Espainiako Vuelta. 2006ko Tourreko etapa batean bosgarren sailkatu zen.

Juanjo Oroz
Nafarrak iaz lehen aldiz parte hartu zuen Tourrean. Hortaz, aurten joan den urtekoan ikasitakoa langungarri izatea espero du Euskalteko txirrindulariak.

Ruben Perez
Zaldibiko 28 urteko ziklistak zenbait Tour ditu zakuan, eta 2007an bestei nork baino kilometro gehiago eman zituen ihesean. Borrokarako grina eramango du Euskaltelekoak, ziur.

Ivan Velasco
Euskalteleko 30 urteko arrasatearrarentzat Tourrean egotea bada garaipen handia, estreinako aldiz ariko baita proban.

Alan Perez

28 urteko nafarrari buruz beste horrenbeste esan daiteke. Irteeran egotea ametsa betetzea izango da berarentzat, aurreneko aldiz lehiatuko baita. Honek ere mailot laranja eramango du soinean.

Zeinen alde egin? Nik Juanma Garate eta Amets Txurruka aukeratuko nituzte.