Basque Country Challenge by Itzulia, emakumeei protagonismo gehiago emateko azken lasterketa berria [inozentada]

2019. urtean emakumeek aspaldi ez bezala protagonismo nabarmena izango dute euskal errepideetan. Aurtengo Donostiako Klasikoaren aurkezpenean jakin genuen nola Leire Olaberriak zuzenduta Emakumezkoen Donostiako Klasikoa ere izango dugula hurrengo urtean. Hori gutxi ez eta Itzuliarekin batera Basque Country Challenge by Itzulia egun bakarreko lasterketa ere antolatzea erabaki du OCETAk.

Leirerekin baba-jan otordu bat egiteko geratu ginen orain egun batzuk eta bertan Itzulian ere Klasikoan bezala zerbait egin beharko genukeela pentsatu genuen” adierazi digu Julian Eraso OCETAko presidenteak. “Gu beti izan gara emakumeen aldeko ekintzetan aitzindari. Adibidez, podiumeko azafatak kentzen aurrenetakoak izan ginen eta bide horretan jarraitu nahi dugu bai Emakumezkoen Donostiako Klasikoarekin baita orain ezagutzera ematen ari garen Basque Country Challenge by Itzulia”. Continue reading “Basque Country Challenge by Itzulia, emakumeei protagonismo gehiago emateko azken lasterketa berria [inozentada]”

#281 Tropela.eus podcastak: 2018ko Donostiako Klasikoa

2018ko Donostiako Klasikoa jokatu aurreko podcasta duzue hau. Imanol Llucia (@imanolllucia), Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) aritu dira solasean bai ibilbidearen inguruan eta bereziki Tropelako kinielaren inguruan. Lasterketa hasteko bi egun falta direnean grabatutako podcasta izanik oraindik ere zenbait taldek beren 7ko baieztatzeko dutela gogorarazten dute solaskideek.

#209 Tropela.eus podcastak: 2017ko Donostiako Klasikoa

Podcast hau Iban Hernandezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatu dute. Bertan aurtengo ibilbidea luzeagoa (231km) eta mendate puntuagarriago gehiago baditu ere, azken edizioetakoa bezalakoa dela diote. Kinielari ere errepasoa ematen diote, baina oraindik zerrenda behin-behinekoa denez, izen propioak baino kinielak egiteko irizpideak ematen dituzte.

Argazkia: Tim de Waele

Tropela Elkartearen eta Euskal Herriko Itzulia zein Donostiako Klasikoaren arteko elkarlana eten da

Duela 4 urte OCETA elkartearekin (Organizaciones Ciclistas Euskadi / Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak) hasitako elkarlanarekin ez dugula jarraituko jakinarazi nahi du Tropela Elkarteak.

Tropela Elkartea OCETArekin lanean hasi aurretik egoera hau zen:

*  Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak ez zuten webgune propiorik. Egunkari baten azpidomeinu bat erabiltzen zuten webgune ofizial gisa, komunikazioa batez ere gaztelera hutsean izanik eta apenas eguneratua

*  Lasterketek ez zituzten sare sozialik

 

Hori horrela, eta OCETArekin adostasunean, Itzulia zein Klasikoarentzat webgune propioak garatu zituen eta kudeatzen aritu da Tropela Elkartea ordutik, baita sare sozialak zabaldu ere. Gorabeherekin, tartean arlo digitalari ematen zaion garrantzi txikia eta aurrekontu eskasa (Tropela Elkarteak bere gain hartu ditu garapenaren eta kudeaketaren hainbat gastu), baina 4 urtez Itzuliaren eta 3 urtez Klasikoaren webgune zein sare sozialen atzean egon gara.

Gure kudeaketa digitalaren ezaugarri aipagarrienak honakoak izan dira:

* Eleaniztasuna. Euskara ardatz izan duen baina 3 hizkuntzetan eman den komunikazio digitala (euskara, gaztelania, ingelesa)

* Profesionaltasuna. Txirrindularitzaren eta teknologia berrien azken aurrerapenen jarraipena eta ahal zein heinean aplikazioa, World Tour mailako beste lasterketen pare

* “Itzulia” zein “Klasikoa” marka edo izenen erabilera, lasterketen identitate propioa indartu eta nazioarteko eragina handitzeko

 

Aurten baina, antolakuntza barruan izan den egitura aldaketarekin batera egoera guztiz aldatu da. Norberak bere irakurketak egingo ditu, baina gure ikuspuntutik ezin dugu esan onerako izan denik. Hasieratik konfiantza falta ikaragarria eta gure lanaren inguruko ezagutza falta handia sumatu genuen oraingo zuzendaritzaren aldetik.

Aurtengo Itzulian lanean aritu gara, OCETAk hala eskatuta, baina antolakuntzaren ikuspegia oso desberdina dela nabarmen ikusi dugu. Arestian aipatutako kontuez gain, biziki kezkatu gaitu antolakuntzak hizkuntza kudeaketaren inguruan azaltzen duen arduragabekeriak. Horren adibide argiak dira prentsa arduradun berriaren izendapena eta euskarazko domeinuen eta traolen erabileraren inguruan etengabe azaldu dizkiguten zalantzak.

Egoera deseroso honetan, Tropela Elkartearen eta OCETAren arteko lankidetza hemen amaitzen dela jakinarazi nahi dizuegu. Tropela Elkartea, beraz, ez da Euskal Herriko Itzuliko eta Donostiako Klasikoko webgune zein sare sozialen arduradun izango, nahiz eta guk horretarako gogoa adierazi eta proposamen sendo bat aurkeztu antolakuntzari.

Eta ezin uka kezkatuta gaudela. Azken urteetan egindako lana, eta euskarari, internazionalizazioari eta teknologia berriei dagokienez emandako urratsak ezerezean geratzeko arriskua hortxe baitago.

Tropelaren jarraitzaileei honen berri eman beharrean sentitu gara eta 4 urte hauetan proiektu honetan lagundu gaituzten kide, garatzaile, kazetari, argazkilari, txirrindulari, talde eta beste hainbat lagunei gure esker ona adierazteko ere aprobetxatu nahi genuke. Beraiek gabe ezinezkoa izango baitzen urte hauetan egindako lana burutzea.

Guk zabalduriko bide eta lan ildoak mantenduko diren esperoan, onena opa diegu Itzulia eta Klasikoari, gu guztion lasterketak baitira.

 

PDF Euskaraz

PDF Castellano

Valverdek hiru handiak lehiatuko ditu

Valverde 2012ko Vueltan podiumeanGutxik usteko genuen moduan, Valverdek aurtengo Espainiako Vueltan ere parte hartzea erabaki du. Zigorra bete eta berriro ere lehiara bueltatu zenetik ez dio hutsik egin denboraldiko azken itzuli handiari. Continue reading “Valverdek hiru handiak lehiatuko ditu”