2019. urtean emakumeek aspaldi ez bezala protagonismo nabarmena izango dute euskal errepideetan. Aurtengo Donostiako Klasikoaren aurkezpenean jakin genuen nola Leire Olaberriak zuzenduta Emakumezkoen Donostiako Klasikoa ere izango dugula hurrengo urtean. Hori gutxi ez eta Itzuliarekin batera Basque Country Challenge by Itzulia egun bakarreko lasterketa ere antolatzea erabaki du OCETAk.

Leirerekin baba-jan otordu bat egiteko geratu ginen orain egun batzuk eta bertan Itzulian ere Klasikoan bezala zerbait egin beharko genukeela pentsatu genuen” adierazi digu Julian Eraso OCETAko presidenteak. “Gu beti izan gara emakumeen aldeko ekintzetan aitzindari. Adibidez, podiumeko azafatak kentzen aurrenetakoak izan ginen eta bide horretan jarraitu nahi dugu bai Emakumezkoen Donostiako Klasikoarekin baita orain ezagutzera ematen ari garen Basque Country Challenge by Itzulia”.

Horrenbestez, Leire Olaberria arduratuko da bi lasterketa hauen antolaketaz OCETAren antolakuntza barruan. “Erronka handia da bi lasterketa hauek antolatzea baina garbi nuen hasiera hasieratik hau eta gehiago egin beharra dagoela emakumeon presentzia indartu nahi bada eliteko txirrindularitzan.”

Izenaz ere galdegin diegu arduradunei, zergatik ‘Basque Country Challenge by Itzulia’ eta ez ‘Euskal Herriko Erronka Itzulia bidez’ esaterako. “Interneteko SEO kontuengatik hartu dugu erabakia” azaltzen zigun Erasok. “Jendeari zail egiten baitzaio euskaraz ‘Itzulia’ eta antzerakoak bilatzea, dezentez errazago egiten zaie ‘Basque Country’ edo ‘Vuelta al Pais Vasco’ bezalako terminoak erabiltzea bilaketak burutzerakoan. Kanpora (mundu mailara) heldu nahi bada horrelakoak egin beharrean aurkitzen gara nahiz eta guri ez gustatu”.

Kirol arlora bueltatuz, ez dezagun ahaztu euskal taldeetan ere mugimendu ugari izaten ari garela azken boladan. Esaterako atzo jakin berri genuen nola Euskadi-Murias taldeak emakumezkoen harrobia indartzeko martxan jarri duen proiektu berria, nahiz eta orain aste batzuk jakin Bizkaia-Durango taldearekin harremana eten duela Muriasek.

Egutegiari begira jarrita, Basque Country Challenge by Itzulia 2019ko apirilaren 11ean jokatuko da, Arraten amaitzen den etapa indartzeko asmoz. “Etaparen bat aukeratzekotan garbi zegoen Arratekoak izan behar zuela hau baita jende gehien erakartzen duen etapa” aipatzen zuen Erasok. Ordu batzuk lehenago, beraz, oraindik GPS bidez ibilbidea eta ordutegiak zehazteko badituzte ere, abiatuko dira emakumezkoak lehen Basque Country Challenge by Itzulia honetan.

“Eta hau guztia nola lotzen da Emakumeen Birarekin?” galdetu genion OCETAko arduradun nagusiari. “Saiatu gara Agustinekin harremanetan jartzen, Facebook bidez ere mezuak bidali dizkiogu, baina oraindik ez digu erantzun. Edonola ere ekitaldi guztiak bateragarriak dira eta zalantzarik ez dugu nahikoa diru publiko izango dela 2019rako aurre ikusten ditugun ekitaldi hauek antolatzeko”.

Hiru dira, beraz, hurrengo urteko egutegian markatu beharreko datak: apirilaren 11a Basque Country Challenge by Itzulia, maiatzaren 22tik 25era Emakumeen Bira eta abuztuaren 3a Emakumezkoen Donostiako Klasikoa.