Ez da ustekaberik izan eta azkenean, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak kendu egin dizkio zazpi Tourrak Armstrongi. Ez da nire asmoa erabakiaz eztabaidatzea, baizik eta nabarmentzea 1999ra arte lortutako garaipenei eutsi diela txirrindulari estatubatuarrak. Hortaz, 1995eko Donostiako Klasikoa da bere garaipen zerrenda ‘berrituan’ dir-dir gehien egiten duen lasterketetako bat. Gogoratzen?
1995era atzera egin dugunez, 20 urteren bueltan edo are gazteagoak zareten tropelzaleoi bereziki zuzendutakoa da kontakizun labur hau. Urte berezia izan zen 1995 Armstrongentzat eta bere taldearentzat, Motorolarentzat. Izan ere, Tourrean, mendate bat jaisten ari zirela Casartelli italiar gaztea erori eta hil egin zen. Hurrengo egunean tropelak etapa ez lehiatzea erabaki zuen. Bi egun geroago, Bordelera bidean, Armstrongek berak irabazi zuen etapa, azken kilometroetan iheskideak atzean utzita. Besoak eta begiak zerura zuzenduta zeharkatu zuen helmuga. Une hunkigarria, benetan, telebistaz etapa amaiera ikusi genuen guztiontzat. Continue reading “Gurean lortutakoari eutsi dio”