Valverdek hiru handiak lehiatuko ditu

Valverde 2012ko Vueltan podiumeanGutxik usteko genuen moduan, Valverdek aurtengo Espainiako Vueltan ere parte hartzea erabaki du. Zigorra bete eta berriro ere lehiara bueltatu zenetik ez dio hutsik egin denboraldiko azken itzuli handiari.

Aurten, ordea, desberdintasun nabarmen bat dago. Izan ere lehenengoz Italiako Giroan izan da murtziarra eta a ze maila eman zuen! Podiumeko hirugarren koxkan amaitu zuen Movistarreko txirrindulariak Nibali (AST) eta Chaves (OBE) txirrindularien atzetik. Hori gutxi ez eta Tourrean izan dugu Quintanari itzuli handia irabazten laguntzeko lanetan. Helburu hori ez zuten bete, baina Ion Izagirrek (MOV) lortutako etapa garaipen bikaina eta taldekako sailkapenean garaipena lortuta ez ziren hain disgustura Unzueren mutilak. Guzti horretan jarri zuen bai bere harritxoa Valverdek, izan ere lasterketa 6. postuan amaitu zuen.

Donostiara ere etorri zen taldeburu moduan. Bi itzuli handiak lehiatuta oraindik ere indarrez zela erakutsi zigun Klasikoaren lehian izan baikenuen. Azkenean hirugarren hemen ere, Mollema (TFS) eta Gallopinen (LTS) atzetik.

Ez zuen, ordea, atsedenik hartzeko tarte asko hurrengo hitzordua Rion baitzuen. Espainiako taldean bera eta erretiratu berri den Joaquim Rodriguez ziren taldeburu. Hori bai, luxuzko gregarioez lagunduta, Ion Izagirre, Jonathan Castroviejo eta Imanol Erviti bere Movistar taldeko kideak. Indarrik gabe azken kilometroetan, Joaquimi pasa zion testigua azken igoerara iritsi aurretik lan eginda. Ez zen dominen lehian izan baina ahal zuena eman zuen.

Astebete pasa da Rioko errepideko lasterketa jokatu zela eta sei egun besterik ez zaizkio geratzen Ourensetik abiatuko den Vueltarako prest izateko. Atzo jakin genuen azkenean bertan izango dela. Errekuperazioa ondo joan zaion seinale izango da. Horrenbestez Quintana eta bera izango ditu Movistarrek lider.

Gure kinielari begira jarrita Valverdek gauzak zaildu ditu. Izan ere lehen multzoan genuen gorriz jarrita albistea jakin genuen arte, ez baikenuen espero hiru itzuli handi lehiatzeko izango zenik. Oker ginen agerian geratu den moduan.

Lau txirrindulari lehen multzoan eta bat aukeratu behar: Contador (TNK), Froome (SKY), Quintana (MOV) eta Valverde bera. A ze txirrindulariak!

Oraingoz faborito gure artean Contador agertzen da, baina Valverde dagoeneko C letraz ageri da. Gai izango ote da Valverde azken Vueltetan erakutsi duen maila ematen aurten daraman denboraldia ikusita? Aurten dagoeneko egin duena txapela kentzeko modukoa delakoan naiz. Ez dakit zer kendu beharko dudan Vueltako podiumeko argazkian ateratzen bada. Eta hori Valverde zalea ez naizela.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.