Txirrindulari bat hil da Mungian

Inoiz aipatu nahiko ez nukeen gertakari bat. Atzo Mungian, 50 urteko txirrindulari bat hil zen kamioi batek zapalduta. Ez BERRIAn (labur-labur eta egunkari erdialdean ezkutatuta) idatzi duten bezala “kamioiaren azpian geratu zen”, bera han pausatu balitz bezala.

IstripuaNon eta Bizkaiko Aldundiak asteburuetan txirrindularioi erabiltzeko gomendatzen digun ingurune batean. Errepide “ghettoak” nahi dituzte, gainerako errepide guztiak autoentzat gordez eta haietatik abiatzen garen “ausartok” arduragabe batzuk garen irudia jendartean zabalduz. Eta noski zerbait gertatuz gero, erantzuleak bizikleta erabiltzaileak ginateke, “babesturiko” errepideetan ez gabiltzalako. Ba Mungian zerraldo geratu zenak “babes” gutxi izan zuen. Asteburua ez zelako agian? Badakizue bada agintari zenbaitek zer pentsatzen duten: bizikletak astebururako eta autoak oztopatzen ez ditugun errepideetarako direla.

Noiz gertatuko eta Ertzaintzak bizikleta eta moto gidarien arau hausteak zaintzeko kanpaina bat martxan jarri eta gutxira. Ezagunak ditut semaforoak gorrian zeharkatzeagatik multaturiko txirrindulariak. Azkenaldian entzun ditugu (Iruñean) alkoholemia tasa gainditzeagatik multaturiko bizikleta erabiltzaileak ere. Baina ez dut txirrindulariak arriskuan jartzeagatik zigorturiko auto edo kamioi gidaririk ezagutzen. Bi kasuak berdin zigortuko balira ere ez nengoke ados. Txirrindulari baten arau hauste batek nekez sor baitezake hildakorik. Auto edo kamioi batek txirrindulariren bat hurbil duela egindako arau hausteek ordea, bizitza asko jartzen dituzte arriskuan. Herrizaingo sailak badirudi ez duela hain argi eta kezkatzen nau.

Ez delako kasu solte bat. Baina ez gara zenbatzeaz ere arduratzen ia. Pasa den astean, argitu gabeko arrazoiengatik beste txirrindulari bat ere hil zen Euskal Herrian. Euskal gatazkaren biktima balitz, lehen orrietan genuke. Genero indarkeriaren biktima balitz erakunde publiko denek omenduko zuten. Lanean hil balitz sindikatuek euren estatistiketan sartu eta hilketa salatuko zuten. Baina bere hurbilekoetatik at, inori ez zaio axola txirrindulari gajo bat. Txirrinduzale eta txirrindularioi ere badirudi ezetz. Noiz egingo dugu planto?

Bihoakio bada hemendik, nire dolumina atzo hildako txirrindulariaren sendiari. Eta Euskal Herriko Itzulia, bera eta errepidean hildako gainontzeko txirrindulariak omentzeko ekitaldi bat izan dadila.

Argazkia: El Correo Digital

Gerizpeko sprinterra

Mattia GavazziBada tropelean garaipen ugari lortzen ari den txirrindulari italiar bat, baina eginak egin, inor gutxik hitz egiten du berataz. Mattia Gavazzi sprinter italiarrari buruz ari naiz.

Denboraldi hasiera oparoa darama Iseon jaiotako txirrindulari txiki (1,70m, sprinterra izateko gutxi) baina ausart honek. Argentinako San Luiseko Tourrean ireki zuen garaipenen kutxa, Haedo anaiak gaindituz, eta Langkawiko Tour exotikoan lehen 3 etapak irabazi ostean, dagoeneko garaipen pokerra darama. Egia da ez dagoela inondik inora konparatzerik lasterketa horietako bat Europako ia edozein lasterketarekin, baina kontuak kontu, talde batentzat, eta Pro Tourrekoa ez bada are gehiago oraindik, garaipenak pilatzea ezinbestekoa da, han edo hemen, handiagoak edo xumeagoak.

Diquigiovanni-Androni ez da dagoen talderik xumeena, bere lerroetan Gilberto Simoni bezalako izen handi bat ezagutu izan baitu, nahiz eta baldintza batzuk medio iritsi zen talde honetara. Baina, Mattia Gavazziren txirrindulari bizitzan pausu handi bat izan da, inolako zalantzarik gabe, Italiako Giroan parte hartzeko parada izango baitu. Italiarra izaki, eta gainera sprinterra, Corsa Rosako “volatta” handietan Benatti, Petacchi eta McEwen bezalako izen handiekin lehiatzea egi bihurtutako amets izango da ia-ia.

Continue reading “Gerizpeko sprinterra”

Tropelako kamisetak moda-modan

Urretxu-Zumarragako koadrilaArgazki honetan ikusi dezakezuen bezala Tropelako kamisetak modan daude. Emakume “martxosa” hauek beraien herriko jaietan modelo lanetan ibili dira eta izugarrizko arrakasta izan dute. Bai beraiek eta baita kamisetek ere. Beraien aurpegietan bazkari luze baten ondorenak igartzen diren arren, denak parrandarako prest! Argazkia beraiek bidali digute eta portadarako aproposa iruditu zaigu. Zuk ere badaukazula bat? Ba bidali eta publikatuko dugu!

Pixkanaka argazki guztiak bildu eta publikatuz joango gara, beraz, txirrindularitza edota Tropelarekin zerikusia duen argazkiren bat bidali nahi izanez gero, oso gustura jarriko dugu. Tropela Elkarteko argazki bilduman orain arteko argazkiak ikus ditzakezue. Uda honetan ez ahaztu oporretara Tropelako kamiseta eramatea eta munduko edozein txokotan ateratako argazkiak pilatzen saiatuko gara. Zuek non, Tropela han. Zuen herrian ateratako argazkiak, Frantziako Tourrean Pirinioetan ateratakoak… Zuei otutzen zaizuena. Denboraldiko argazkirik gustukoenarentzat (orijinalena, bitxiena…) ere saritxo bat izango da. Animatu eta bidali zure argazkia!

Bide batez, tartetxo hau aprobetxatu nahiko genuke Tropelako moda-modako kamiseta bat erosteko aukera daukazuela gogoratzeko eta bide batez, Tropela.net proiektuari bultzadatxo bat emateko. Kamisetak zuzenean Zarauzko Lizardi arropa dendan edota emailez eskaria eginez lor dezakezue.

Erantzungailu halakoa!

Porra, kiniela, apustua… izen asko du sari baten truke norbaiten edo norbaitzuen alde jokatzearen ekintzak.

“Egin” egunkarian osatzen genituen porrak ditut nik gogoan; telefonoa hartu eta belarriaren begiradapean erantzungailuak banan-banan eta poliki-poliki hautatutako txirrindulariak errepikatzen zizkiguneko garai hura. Famili guztiaren kiniela, erantzungailuaren besapean edo sakelean uzten genueneko hura. Azkenerako, erantzungailu robotikoaren egilearen helbidea lortzeko desio larria jartzen zigun hura (badakizue, aurrez aurre jarri eta telefonoan gastaturiko dirua denboran irabazteko beharraren plazerra). Hautaturiko txirrindulari errusiar ezezagunak euskaldunari irabazteak pozten gintuen egoera berezi hura. Txirrindulari guztiak neurri batean ezagutzea, jarraitzea ekartzen zigun hura. Jakintza eta abantaila eskutik helduta ez zihoazela ikusarazten zigun hura.

Nire Kiniela (txuri beltzean)Egun, interneta da erosotasunaren erantzule behinetako bat eta telefonoa ordenagailuarengatik ordezkatu izanak ez ditu garai hartako eta egungo apustuek dakartzaten sentsazio eta sentimenduak aldatzen; zeureetako batek lasterketari agur esatearena, denbora asko galtzearena, sailkapenean lehena doan partaidearen txirrindulari nabarmenduak ez edukitzearena� Izan ere, beti egongo baita zure kinielak jasoko duen erantzuna aldatuko duen erantzungailuren bat.

Jens Voigt: ecce hommo

Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.

Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.

Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.

Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!