#172 Tropela.eus podcastak: 2017ko Italiako Giroa errepasoak – 9. etapa

Iban (@piban) arduratu da 2017ko Italiako Giroko 9. etapa honen mini podcast hau grabatzeaz. Bertan nola Quintana (MOV) nagusitu den kontatzen digu eta nola ez, SKY taldeak eta batez ere Mikel Landak izan duten ezbeharra.

#31 Tropela.net podcastak: Tourreko 9. etaparen kronika

Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 9. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa honetan eroriko bat izan da tropel nagusian eta Vinokourov eta Van den Broeckek besteak beste etxerako bidea hartu behar izan dute. Tropelean geldialdia izan da hori dela eta, eta hori probestuz, iheslariek tartea ateratzeari ekin diote. Baina larriena jazo zela uste genuenean, auto batek Flecha eta Hoogerland errepidetik kanpora bidali ditu bideoan ikusten duzuen bezala.

Amets Txurrukak ere erorikoa izan du etapa hasieran eta etxerako bidea hartu beharrean aurkitu da ustez lepauztaia hautsita. Hemendik gure animorik handiena Amets!!

Etapa garaipena Luis Leon Sanchezek eraman du gaurkoan eta lider berria Voeckler da.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

Oraindik ere errepideak txirrindulariak eramaten ditu

Orsani. 2009an italiako erlojupeko junior txapelduna

Gaur Anthony Orsani txirrindulari italiar gaztearen heriotzaren berri izan dugu. Orsanik 18 urte bete berri zituen eta erlojuaren kontrako egungo Italiako txapelduna zen. Baina askori gertatu bezala, atzokoan kotxe batek aurretik eraman eta heriotza eragin zion kolpea jaso zuen. Emandako argibideen arabera, harrapatu zuen kotxeak kontrako norabidean zetorrela bete betean jo omen zuen. Oraindik bizirik zela ospitalera eraman zuten baina bertan egoerari aurre ezinda izan ziren medikuak eta istripua jasan eta ordubetera hil zen gazte italiarra.

XXI. mendean gaude eta horrelakoak oraindik gertatzen dira. Bai eliteko txirrindularien artean, baita asteburuetan txirrinduan ibiltzen diren zale guzti horien artean. Garbi dago errepidera bizikletaz ateratzea bizi arriskuan jartzea dela eta horren aurrean erreflexionatu beharra dagoela dela iruditzen zait, bai administrazio publikoak baita gidariok ere.

Argazkia: www.bikenews.it

Txirrindulari bat hil da Mungian

Inoiz aipatu nahiko ez nukeen gertakari bat. Atzo Mungian, 50 urteko txirrindulari bat hil zen kamioi batek zapalduta. Ez BERRIAn (labur-labur eta egunkari erdialdean ezkutatuta) idatzi duten bezala “kamioiaren azpian geratu zen”, bera han pausatu balitz bezala.

IstripuaNon eta Bizkaiko Aldundiak asteburuetan txirrindularioi erabiltzeko gomendatzen digun ingurune batean. Errepide “ghettoak” nahi dituzte, gainerako errepide guztiak autoentzat gordez eta haietatik abiatzen garen “ausartok” arduragabe batzuk garen irudia jendartean zabalduz. Eta noski zerbait gertatuz gero, erantzuleak bizikleta erabiltzaileak ginateke, “babesturiko” errepideetan ez gabiltzalako. Ba Mungian zerraldo geratu zenak “babes” gutxi izan zuen. Asteburua ez zelako agian? Badakizue bada agintari zenbaitek zer pentsatzen duten: bizikletak astebururako eta autoak oztopatzen ez ditugun errepideetarako direla.

Noiz gertatuko eta Ertzaintzak bizikleta eta moto gidarien arau hausteak zaintzeko kanpaina bat martxan jarri eta gutxira. Ezagunak ditut semaforoak gorrian zeharkatzeagatik multaturiko txirrindulariak. Azkenaldian entzun ditugu (Iruñean) alkoholemia tasa gainditzeagatik multaturiko bizikleta erabiltzaileak ere. Baina ez dut txirrindulariak arriskuan jartzeagatik zigorturiko auto edo kamioi gidaririk ezagutzen. Bi kasuak berdin zigortuko balira ere ez nengoke ados. Txirrindulari baten arau hauste batek nekez sor baitezake hildakorik. Auto edo kamioi batek txirrindulariren bat hurbil duela egindako arau hausteek ordea, bizitza asko jartzen dituzte arriskuan. Herrizaingo sailak badirudi ez duela hain argi eta kezkatzen nau.

Ez delako kasu solte bat. Baina ez gara zenbatzeaz ere arduratzen ia. Pasa den astean, argitu gabeko arrazoiengatik beste txirrindulari bat ere hil zen Euskal Herrian. Euskal gatazkaren biktima balitz, lehen orrietan genuke. Genero indarkeriaren biktima balitz erakunde publiko denek omenduko zuten. Lanean hil balitz sindikatuek euren estatistiketan sartu eta hilketa salatuko zuten. Baina bere hurbilekoetatik at, inori ez zaio axola txirrindulari gajo bat. Txirrinduzale eta txirrindularioi ere badirudi ezetz. Noiz egingo dugu planto?

Bihoakio bada hemendik, nire dolumina atzo hildako txirrindulariaren sendiari. Eta Euskal Herriko Itzulia, bera eta errepidean hildako gainontzeko txirrindulariak omentzeko ekitaldi bat izan dadila.

Argazkia: El Correo Digital