Txirrindulari bat hil da Mungian

Inoiz aipatu nahiko ez nukeen gertakari bat. Atzo Mungian, 50 urteko txirrindulari bat hil zen kamioi batek zapalduta. Ez BERRIAn (labur-labur eta egunkari erdialdean ezkutatuta) idatzi duten bezala “kamioiaren azpian geratu zen”, bera han pausatu balitz bezala.

IstripuaNon eta Bizkaiko Aldundiak asteburuetan txirrindularioi erabiltzeko gomendatzen digun ingurune batean. Errepide “ghettoak” nahi dituzte, gainerako errepide guztiak autoentzat gordez eta haietatik abiatzen garen “ausartok” arduragabe batzuk garen irudia jendartean zabalduz. Eta noski zerbait gertatuz gero, erantzuleak bizikleta erabiltzaileak ginateke, “babesturiko” errepideetan ez gabiltzalako. Ba Mungian zerraldo geratu zenak “babes” gutxi izan zuen. Asteburua ez zelako agian? Badakizue bada agintari zenbaitek zer pentsatzen duten: bizikletak astebururako eta autoak oztopatzen ez ditugun errepideetarako direla.

Noiz gertatuko eta Ertzaintzak bizikleta eta moto gidarien arau hausteak zaintzeko kanpaina bat martxan jarri eta gutxira. Ezagunak ditut semaforoak gorrian zeharkatzeagatik multaturiko txirrindulariak. Azkenaldian entzun ditugu (Iruñean) alkoholemia tasa gainditzeagatik multaturiko bizikleta erabiltzaileak ere. Baina ez dut txirrindulariak arriskuan jartzeagatik zigorturiko auto edo kamioi gidaririk ezagutzen. Bi kasuak berdin zigortuko balira ere ez nengoke ados. Txirrindulari baten arau hauste batek nekez sor baitezake hildakorik. Auto edo kamioi batek txirrindulariren bat hurbil duela egindako arau hausteek ordea, bizitza asko jartzen dituzte arriskuan. Herrizaingo sailak badirudi ez duela hain argi eta kezkatzen nau.

Ez delako kasu solte bat. Baina ez gara zenbatzeaz ere arduratzen ia. Pasa den astean, argitu gabeko arrazoiengatik beste txirrindulari bat ere hil zen Euskal Herrian. Euskal gatazkaren biktima balitz, lehen orrietan genuke. Genero indarkeriaren biktima balitz erakunde publiko denek omenduko zuten. Lanean hil balitz sindikatuek euren estatistiketan sartu eta hilketa salatuko zuten. Baina bere hurbilekoetatik at, inori ez zaio axola txirrindulari gajo bat. Txirrinduzale eta txirrindularioi ere badirudi ezetz. Noiz egingo dugu planto?

Bihoakio bada hemendik, nire dolumina atzo hildako txirrindulariaren sendiari. Eta Euskal Herriko Itzulia, bera eta errepidean hildako gainontzeko txirrindulariak omentzeko ekitaldi bat izan dadila.

Argazkia: El Correo Digital