Bapatean, Abramovich bezalako aberats batek sekulako diru sorta emango balit txirrindulari talde profesional bat sortzeko, ez nuke dudarik izango lehenengo fitxaketa egiteko orduan: Jens Voigt alemaniarra. Gero etorriko ziren punta-puntako esprinterrak, igotzaileak eta etapa ehiztariak, baina lehenengoa bera izango litzateke, nahiz eta 37 urtera bidean dihoan.
Zaila da tropelean horrelako txirrindulari puska bat aurkitzea. Txirrindulari puska, bai, 1,89 metroko gizasemea baita. Baina bizikleta gainean are eta handiago bilakatzen da, bere lorpenak direla medio. Ez da igotzailea, ez dauka abiadura puntarik, erlojupeko luzeak trabatu egiten zaizkio (laburretan ona da), baina hala eta guztiz ere, 1997 urrun batean ZVVZ talde xumean debutatu zuenetik 47 garaipen lortu ditu, Criterium Internazionalean atzo lortutako sailkapen orokorra azkena izanik. Hau guztia gutxi balitz, harrigarriena da profesionaletan emandako 12 urte hauetan, ez duela bat bera ere hutsean igaro. Beti ehizatzen du zerbait.
Izan ere, ehizarako sena dauka Jensek. Nola azal daiteke bestela 4 aldiz lasterketa bera (Criterium Internazionala) edo 3 aldiz etapa bera (Euskal Herriko Itzuliko azken etapako goizeko sektorea zena) irabazi izana? Lasterketaren bati “X” bat egiten badio gorriz gizon honek, izan seguru garaipenetik urruti ez dela ibiliko. Eta hori egiteko gai oso txirrindulari gutxi dira. Paolo Bettini handia eta beste pare bat akaso.
Ez dakit noiz erretiratuko den Jens Voigt, baina egun hori iristen denean, tropelean sekulako hutsa utziko du. A ze txirrindulari puska!!
Pello Ruiz Cabestany ez zen Marino Lejarreja bezain ona mendian gora, eta ezta Julian Gorospe bezain kontrarrelojista ona ere. Baina bera zen txikitan elkarrekin ibiltzen ginen hirukotean, hirugarrenak maiteen zuen ziklista. Egia esan, Pello Ruiz Cabestany ziklista “sinpatikoa” zen.
2002an joan ginen Jon Gonzalo lankidea eta biok Tour-era, irratiak bidalita. Pirinioetako etapa batera joan, eta zaletuekin egon behar genuen, bertako giroa jasoz.
Nire txirrindulari gogokoena Fignon da. Fignon gustatzen zait betaurrekoak dituelako, nik bezala. Nik betaurreko handiak ditut, Fignonek baino askoz handiagoak, eta futbolean jolasten garenean ez dut atezaina izan nahi, ze behin baloiarekin eman zidaten aurpegian eta muturrez atzera erori nintzen eta betaurrekoen kristala begian sartu zitzaidan ia-ia eta ospitalera eraman behar izan ninduten puntuak ematera. Nire amak esaten du milagroz ez nintzela itsu geratu, bastoiarekin joaten diren horietako bat bezala, eta nik uste dut bastoiarekin joatea eleganteen kontua dela, eta ez zitzaidala axolako bastoiarekin joatea, baina itsua izan gabe, noski, ze, nik txirrindulariak ikusi nahi ditut Tourmalet igotzen.
Aurrera Marino,