13. etapa: Saint-Étienne > Chamrousse (197,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa13

IBILBIDEA

Alpeak iritsi dira. Hau da Tour honetako benetako lehen etapa menditsua, beraz, goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko etapa aproposa izango da. Aipatu beharra dago, Alpeetako bi etapa hauek oso garrantzitsuak izango direla mendiko sailkapenari begira beraz sailkapen hori helburu dutenek hutsik ez egitea hobe lukete. Hasierako lehen mendatean ihesaldia antolatuko da, honen ondoren ordea 100 km lau egin beharko dituzte. Hemendik aurrera sekulako bi portu geratuko zaizkie; 1. mailako Col de Palaquit  (14,1 km/% 6,1) eta HC mailako Chamrousse (18,2 km/% 7,3). Chamrousseko lehen zatia gogorrena da, hasierako 7 km-ak % 10etik gorako aldapekin. Zorionez, sailkapen nagusiko txirrindularien arteko lehen mokokadak zati honetan ikusi beharko genituzke. Hurrengo 10 km-ak % 7ko aldapak izango ditu eta azken kilometroa oso leuna da % 3ko aldapekin besterik ez. Benetan min egin nahi duen txirrindulariak Col de Palaquit edo Chamrousseko lehen aldapetan jo beharko luke. Kontuz beroak ere bere garrantzia izan dezake eta.

FABORITOAK

Ihesaldiak bere protagonismoa izan dezake etapa honetan, ez dut uste Astanak sekulako esfortzua egingo duenik ihesaldia zapuzteko eta. Beste talde batzuen jarrera ikusi beharko dugu ihesaldiak arrakasta izango duen edo ez jakiteko. Zalantza honekin, faboritoa tropeleko txirrindularirik indartsuena izan beharko litzateke eta orain arte ikusitakoa kontuan izanda Siziliako marrazoa da hori, Nibali (AST, %43,9). Hemendik aurrera aukera zabala dago egiteko, baina nire ustez italiarraren mehatxurik handiena Porte (SKY, %12,3) izango da. Ez ninduke harrituko SKY-k etapako protagonismoa hartuko balu. Beste aukera interesgarri batzuk Purito (KAT, %8,4) edo Horner (LAM, %5,3) izan daitezke, sailkapen nagusiko txirrindularien askatasun puntu hori aprobetxatuz. Hona izarrak:

*** Nibali (AST, %43,9)

** Porte (SKY, %12,3) / Rodriguez (KAT, %8,4) / Horner (LAM, %5,3)

* Bardet (ALM, %54,8)/Pinot (FDJ, %13,4)/Valverde (MOV, %47,5)/Mikel Nieve (SKY, %57,9)

12. etapa: Bourg-en-Bresse > Saint-Étienne (185,5 km). Profila eta aurre analisia.

etapa12

IBILBIDEA

12. etapa honek atzokoaren tankera oso berdintsua dauka. 185,5 km izango dira guztira ibilbide gorabeheratsu batean (3º mailako bi mendate eta 4º mailako beste bi). Bigarren astea gogorra egiten hasi da jada eta beroak ere bere zeresana emango du hemendik aurrera, beraz kontuz edozein etapa arriskutsu izan daiteke eta. 65 km-ren faltan mendate luzeena igoko dute (15,3 km/3.3%) baina aparteko aldapa gogor gabekoa. Pelotoi handi xamarra ikusiko dugu helmugan.

FABORITOAK

Atzoko jarrera ikusirik, esprintaren alde egingo dut gaurkoan. Esan beharra dago azken zatiko bi mendate horiek seguruenik etapa animatuko dutela eta ihesaldi batek bere aukerak izango dituela, baina gogortasun faltagatik pelotoiak abantaila izan dezake. Gainera, atzo ez bezela, gaurkoan Giant-Shimanoko txirrindulariak ere lanean ikusiko ditugulakoan nago, Degenkolb (GIA, %23,3) esprinter indartsua gogoekin dagoela dirudi eta. Honekin, atzoko protagonista berberak ikusten ditut gaurkoan ere. Hona hemen izarrak:

*** Degenkolb (GIA, %23,3)

** Sagan (CAN, %50,5) / Trentin (OPQ, %0,7) / Gerrans (OGE, %25,6)

* Van Avermaert (BMC, %7,8)/Rojas (MOV, %61)/Chavanel (IAM, %28,4)

Etapa 11: Besancon > Oyonnax (187,5km). Profila eta aurre analisia.

etapa11

IBILBIDEA

Lehen deskantsu egunaren ostean, egun gorabeheratsua izango dute txirrindulariek. Guztira 187,5 km egin beharko dituzte, azken zatian 4 portu tartekatuko dutelarik; 3º mailako 3 portu eta 4º mailako bat. Profilean ikus daitekeenez azken jaitsierak bere garrantzia izan dezake, jaitsi eta gutxira helmuga harrapatuko baitute. Itxuraz ihesaldiak arrakasta lortu beharko luke.

FABORITOAK

Ustez, Astana taldeak etapa kontrolpean edukiko du eta ihesaldiari askatasuna utziko dio, beti ere sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo dauden txirrindulariak sartzen badira. Etapa oso aproposa da ihesaldia helmugara heltzeko, beraz, lehen ordubetea su bizian egingo dute ihesaldia antolatu eta bermatu arte. Ihesaldi oso jendetsua espero dut, 10-20 txirrindularik osatua, beraz etapa garaipena aurren egongo dela uste dut. Ihesaldian sartu daitezkeen txirrindularien inguruan aipatu beharra dago Saxo-Tinkoffko txirrindulariak kontuan hartu beharko ditugula hemendik aurrera, bere liderra galdu ostean etaparen lehian murgilduko baitira bete-betean eta horretarako txirrindulari indartsuak dituzte,  Rogers (TCS, %21,5) edo Roche (TCS , %7,6) esaterako. Nere gaurko faborito nagusia aldiz Spilak (KAT, %14) izango da beste behin, Martinek (OPQ, %70,4) irabazi zuen egunean ihesaldian ibili arren ez zuen indarrik izan etapa lehiatzeko, Bosgoetako etapa erreginean ordea sentsazio hobeagoak eduki zituela dirudi Nibaligandik (AST) 1:26ra iritsita. Oso zaila izan arren, hona hemen nire ustez ihesaldian garaipena lortu dezaketen txirrindulariak;

*** Spilak (KAT, %14)

** Voeckler (EUC, %52,5) / Rogers (TCS, %21,5) / Roche (TCS, %7,6)

Bakelants (OPQ, %46,4) / Albasini (OGE, %8,5) / Slagter (GRS, %5,8)

Tropela hautagai nagusirik gabe

Contador eta Froome Tourra utzi duten uneakEz dakit ze probabilitate dagoen hautagai nagusirik gabe geratzeko, baina aurtengo Tourrean hala geratu gara Tropelan behintzat. Marka da gero!!

Froome 4. eta 5. etapetan erori zen, behin baino gehiagotan lasterketa utzi zuen arte. Behin azterketa eginda jakin genuen eskumuturretako hezur bat baino gehiago hautsiak zituela. Nola jarraitu ba horrela? Etsipenak jota, autoan sartu eta etxera joan besterik ezin egin. Antzera jazo zaio gaur Contadorri. Helmugatik 90 kilometro inguru faltan, maldan behera eroriko larri bat izan, eta saiatu den arren, lasterketa utzi behar izan du. Ze erremedioa: tibia hautsita beste 18 kilometro egitea ere galanda da gero! Continue reading “Tropela hautagai nagusirik gabe”

10. etapa. Mulhouse > La Planche Des Belles Filles (161km). Profila eta aurre analisia

Tour_10etapa_profila

IBILBIDEA
Lehen goi mendiko etapatzat jo daiteke. Izan ere, lehen mailako lau mendate igo beharko dituzte txirridulariek. Ez hori bakarrik; bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako bat aurkituko dituzte ibilbidean. Hori guztia 161 kilometroetan. Kasik ez da kilometro bakar bat bera ere egongo ordekan. Ziklistak gora eta behera ariko dira etapa guztian.

Azken mendateak, La Planche des Belles Filles-ek sei kilometro ditu, batez besteko penditza %8 da eta %14ko zatiren bat ere badauka. 2012an deskubritu zuen Tourrak igoera hau eta Froome nagusitu zen.

FABORITOAK
Harbidean atzean geratu eta gero, Contadorrek (TCS, %62,3) erasora jo behar du nahitaez. Espainiarra erasokor dabil denboraldi honetan, erakustaldiak eman baititu, batez ere Euskal Herriko Itzulian eta Tirreno-Adriatico lasterketan, eta izaera hori erakutsi beharko du sailkapen nagusian haren aurretik daudenengana hurbiltzeko. Contadorrekin batera, besteak beste, Van Den Broeck (LTB, %46,8) kate motzean lotu beharko du liderraren taldeak, belgikarra igotzaile polita delako eta lehen postuetan da eta harbidea hainbestean igaro zuen. Etaparen ibilbidea ikusita, ez litzateke harritzekoa izango ihesaldia helmugaraino iristea. Hala balitz, erne, besteak beste,  Bardet (ALM, %54,8), Peraud (ALM, %4,7) eta Pinot (FDJ, %13,4) eta Rolland (EUC, %61,7) igotzaile frantziarrekin. Eta baita Mikel Nieve (SKY, %57,9) nafarrarekin ere, noski. Dauphineko etapa irabazi baitu aurten eta agian Froome gabe mugitzeko aukera izango du.

*** Contador (TCS, %62,3)
** Van Den Broeck (LTB, %46,8) / Bardet (ALM, %54,8)
* Peraud (ALM, %4,7) / Pinot (FDJ, %13,4) / Rolland (EUC, %61,7) / Mikel Nieve (SKY, %57,9)