Tropela hautagai nagusirik gabe

Contador eta Froome Tourra utzi duten uneakEz dakit ze probabilitate dagoen hautagai nagusirik gabe geratzeko, baina aurtengo Tourrean hala geratu gara Tropelan behintzat. Marka da gero!!

Froome 4. eta 5. etapetan erori zen, behin baino gehiagotan lasterketa utzi zuen arte. Behin azterketa eginda jakin genuen eskumuturretako hezur bat baino gehiago hautsiak zituela. Nola jarraitu ba horrela? Etsipenak jota, autoan sartu eta etxera joan besterik ezin egin. Antzera jazo zaio gaur Contadorri. Helmugatik 90 kilometro inguru faltan, maldan behera eroriko larri bat izan, eta saiatu den arren, lasterketa utzi behar izan du. Ze erremedioa: tibia hautsita beste 18 kilometro egitea ere galanda da gero!

Honenbestez, Tropelaren 10. edizioa den Frantziako Tourreko Hautagai Nagusien multzoa txirrindulari gabe geratu da multzoko hautagaiak erretiratu egin direlako, lehen aldiz Tropelaren historia guztian. Baina puntuak eman eman dituzte:

2014_Tour_Froome_Contador_puntuak

Gaurko gertakariak, ordea, 2006an gertatu zena ekarri dit gogora. Urte hartan Tropelako 2. Frantziako Tourra antolatu genuen. Lehen multzoan bi hautagai nagusi genituen: Basso eta Ullrich. Puerto Operazioa tarteko, ordea, bi txirrindulari hauek – eta beste txirrindulari batzuk – Tour hura lehiatzetik kanpo utzi zituen UCIk. Beraz, Tropelan 2006ko Frantziako Tourreko kinielako hautagai nagusien multzoan parte hartuko ez zuten bi txirrindulari zeuden, berria jakin zenerako kiniela egiteko epea irekita baitzegoen.

Zorionez ez da urte hartako arrazoiengatik izan aurtengoa. Froome eta Contador abiatu abiatu ziren Yorkshiretik. Puntuak eman ere eman dituzte. Baina kitto, horraino.

Tamalgarria erorikoen ondorioz bi hauen arteko lehiak galdu baitugu, Cavendish erori zenean ere esprintekoa galdu genuen bezala. Eta hori, ibilbideari dagokionez behintzat, aspaldiko Tourrik erakargarrienaren aurrean izanda, nire aburuz behintzat. Vueltan izango al dugu Tourrean ikusi behar genuena?

Argazkiak: http://www.gannett-cdn.com eta @ruedalenticular

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.