Ordu gutxi falta dira Xerez-en Vueltako edizio berri bati hasiera emateko. Teorian irteera lerroan kalitate handiko txirrindulariak ikusiko dira. Batzuek diote hasierako izen horien taldea Tourrean zegoena baino hobeago dela. Hiru asteetan zehar ikusiko da zer gertatzen den eta nork jantziko duen maillot gorria irailaren 14ean Santiagoko erlojuz kontrako 10 kilometroko etaparen ondoren.
Gure kinielako lehen multzoan bost hautagai nagusi azaltzen dira: Contador (Tinkoff-Saxo), Froome (SKY), Quintana (Movistar), Joaquim Rodriguez (Katusha) eta Valverde (Movistar). Gauzak normal badoaz boskote horretatik atera beharko litzateke sailkapen nagusiko garailea. Horregatik ikus dezagun bakoitza nola heltzen den urteko azken itzuli handira.
Tropela.net-eko Vueltako kiniela egitear bazabiltzate, hementxe dituzue ibilbideari buruzko zenbait ohartxo, lagungarriak izango zaizkizuelakoan. Hitz gutxitan, aurreko urteetan baino lasaixeago abiatuko da lasterketa. Izan ere, duela pare bat urte hasi eta gutxira Arrate eta Valdezcarayko etapak jokatu ziren eta joan den urtean, bigarren egunerako mendate batean bukatu zen lasterketa. Aurten, gauzak ondo, esprinterrek beren burua erakutsi ahal izango dute lehen etapetan. 

