Etorkizuna ikusten ari gara

MajkaMajkak erakustaldia eman du Poloniako itzulian; bi etapa eta sailkapen nagusia irabazi ditu, Ion Izagirre eta Beñat Intxaustiren aurretik. Poloniarrak sekulakoa lortu du pare bat hilabeteren buruan: Italiako Giroa seigarren postuan amaitzea, Tourrean bi etapa eta mendiko sailkapena eta bere herrialdeko itzulian nagusitu da. Hori guztia 24 urterekin. Bera da biharko txirrindularitzako kimu bat, baina ez bakarra.

Majkaren koadrila berean sar genitzake Pinot -24 urte- eta Bardet -23 urte- frantziarrak. Pinotek Tourrean gazteen sailkapena eskuratu du, hain justu ere lehia estua eduki eta gero Bardet herrikidearekin. Italiako Giroak Aru ‘deskubritu’ zigun -24 urte hark ere-; etapa garaipena eta sailkapen nagusiko hirugarren postua. Baita Kelderman ere: herbeheretarra zazpigarren bukatu zuen aurtengo Italiako Itzulia. Are gazteagoa da Adam Yates ingelesa -22 urte- , baina kate motzean lotu behar dugu hura ere; Turkiako itzulian mendiko etapa irabazi zuen eta Donostiako Klasikoan onenekin helmugaratzear zenean lurrera erori zen Igeldoko jaitsieran.
Gazte guztien buru Nairo Quintana eta Kwiatkowski jarri behar ditugu. Izan ere, 24 urte besterik ez dituzte eta dagoeneko oilarrak mendean hartu dituzte han eta hemen. Kolonbiarrak aurtengo Italiako Giroa irabazteaz gain, joan den urtean Tourrean bigarren bukatu zuen eta etapa, mendiko sailkapena eta gazte onenaren saria etxeratu zituen. Word Tourreko beste hainbat lasterketa ere irabazi ditu dagoeneko igotzaile kolonbiarrak. Eta Kwiatkowskiri buruz zer esan! Tourrean indarrik gabe ikusi genuen, baina denboraldi hasieran zur eta lur utzi gintuen; besteak beste, Sagan gainditu zuen Strade Bianche.

Etorkizuneko txirrindularien taldetxo horretan Ion Izagirre ere sar daiteke; 25 urte ditu ormaiztegiarrak eta itzuli handietako sailkapen nagusiak lehiatzea zaila izango badu ere -taldekideen mesedetan lan egitea tokatzen ari zaio Izagirreri- ezin ahaztu Giroan etapa irabazi zuela 2012an eta aurten Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazteaz gain, Tourrean hainbat ihesalditan ikusi genuela eta Poloniako itzulian soilik Majkak gainditu duela.

Ia-ia konturatu gabe, oharkabean bezala, txirrindularitzaren geroa etorkizuna ikusten ari gara.

Argazkia: steephill.tv