Vuelta hasteko bezperan ibilbideari begira

2009ko Espainiako Vuelta24 ordu eskas falta da 2009ko Espainiako Vuelta hasteko. Badirudi dagoeneko txirrindulariak prest daudela Holandako parajeetan edizio berri honi ekiteko.

Abraham Olano eta bere lankideek aurtengo Vuelta Holanda, Belgika eta Espainiako errepideetan jokatzea erabaki dute. Biharko hasiera Assenen jokatuko den erlojupeko motza izango da (4,8km) ingurukoa, esprinterrentzat egokia urrezko maillota janzteko. Erlojupekoa arratsaldeko 15:30ak aldera hasiko da eta azken txirrindulariaren helmugaratzea arratsaldeko 19:00etarako aurre ikusten da.

Holandan 2. eta 3. etapak jokatuko dira, lehena Assen eta Emmen artean, eta bigarrena Zuphen eta Venlo artean. Etapa hauek ia laua dira eta esprinterrentzako egokiak dirudite. 4. etapa Holandako Venlo eta Belgikako Liège herri ezagunean amaituko da. Etapa honetan 4. mailako mendate batzuk sartu dituzte, beraz, pentsa daiteke klasikoetan bezala ihesaldiren batek erabakiko duela etapa honetako garailea.

Asteazkenez atseden eguna izango dute txirrindulariek, Belgikatik Espainiara egin behar baitute “salto”. Garbi dago ibilbideak eskatuta hartu dutela egun hau atseden egun gisa eta zalantzarik gabe txirrindularientzat goizegi izan daiteke.

5. eta 6. etapak mediterraneo kostaldean jokatuko diren bi etapa  izango dira, bata Tarragona eta Vinaròs artean eta bestea Xàtiva inguruan.  Vinaròsen amaituko den etapan 2. mailako mendate bat igo beharko dute, baina etapa hasieran denez, ez zait iruditzen esprinterren taldeek etapa hau ihesaldiren bati oparitzeko izango direnik. Xàtivan jokatuko denak, berriz, 3. mailako hiru mendate izanik, ihesaldientzako aproposa dela deritzot. Ikusi beharko da.

7. etapan beste erlojupeko bat jokatuko da. Oraingo hau Valentzian izango da eta 30km distantzia izango duena. Erabat laua izaki, Cancellara bezalako espezialistentzat egokia ikusten dut.

Irailak 6 igandez hasiko dira mendiko etapak. Bigarren aste honetan 2009ko Vueltako mendiko etapa garrantzitsuenak pilatu dituzte eta badirudi Vueltaren garailea aste honetan bertan erabakiko dela. Alicanteko probintzian aurkitzen den Alto de Aitana izango da sailkapen nagusian eragiten hasiko den lehen igoera. 8. etapa amaiera bertan izango da 3. mailako 4 eta 2. mailako 3 mendate igo eta gero. 18 km inguruko igoera izango eta etapa amaieran bertan izaki, faboritoek beren indarrak erakutsi beharko dituztelakoan naiz.

9. etapak Alicanten bertan jarraituko du. Etapa hau ere menditsua da eta helmuga baino lehenago 1. mailako mendate bat igo beharko dute, Xorret de Cati gaina. Hau sailkapen nagusiko txirrindularientzat baino ihesaldi edota mendiko maillotaren lehian arituko direnen artean izango da interesgarri.

10. etapa trantsiziozko etapa bat izan daiteke. Ez dauka berezitasun gehiegirik Alicante eta Murtzia batuko dituen etapa honek ez bada azken kilometroetan dagoen 2. mailako mendatea. Mendate hau helmugatik 12 km ingurura dago eta kalte egingo die esprinterrei etaparen garaipenaren lehian zalantzarik gabe.

11. etapa azken atseden egunaren aurretik jokatuko da Murtzia eta Caravaca de la Cruz artean. Irteeratik 50 km-tara 1. mailako mendate bat aurkitzen da eta honek ihesaldiak sortzen lagunduko duela uste dut. Eguneko ihesaldia ondo antolatzen bada etapa garaipenaren lehian izan daitezkeela deritzot.

Ostegunean atseden hartuko dute txirrindulariek, beharko duten atsedena. Lasterketa lider denak hurrengo hiru egunetan jasan beharko dituen erasoetarako indarrak errekuperatzeko beharrezko izango du, eta berdin urrezko maillot horren atzetik dabiltzanek, indar guztiak beharko baitituzte hiru etapa horiei etekina ateratzeko. Hiru etapa hauek amaierak goian izango dituzte: lehena Velefiqueren gainean erabakiko da, bigarrena Sierra Nevada gainean eta hirugarrena Sierra de la Pandera gainean. Lehen bi etapak 170 km ingurukoak dira eta azken hau (beharbada txirrindulariek pilatuta izango duten nekea kontutan hartuta edo) 152 km-takoa. Abraham Olano eta bere taldeak, beraz, Almeria, Granada eta Jaenen jokatuko diren hiru etapa hauetan sailkapena erabakitzeko moduko etapak prestatu dituzte. Iraileko bigarren asteburua gorriz markatu beharrean izango gara ibilbide hau ikusita.

Vueltak izango dituen bi atseden egunak agortuta, astelehenean ere aurrera jarraitu beharko du tropelak. Esan bezala, nire ustez ordurako sailkapen nagusiko posturik garrantzitsuenak erabakita izan daitezke. 3. asteko lehen etapatan esprinterrak eta oraindik garaipenik eskuratu ez duten taldeetako iheslariak izango dira.

Oraindik sailkapen nagusian postuak aurreratu nahi dituztenek ostegun eta ostiralean jokatuko diren 18 eta 19. etapak erabil ditzakete horretarako, baina etekina atera nahi badute lasterketa asko gogortu beharko dutela iruditzen zait eta hori, itzuliko azken egunak direla kontutan izanda eta indarrak sobran izango ez direnez, zail iruditzen zait. Hori bai, mendiko maillotaren lehian dihardutenek ezin dituzte bi etapa hauek alferrik galdu.

Madrila iritsi bezperan, Vueltako hirugarren eta azken erlojupekoa jokatuko da. 27,8 km-tako neurketa izango da Toledon. Distantzia motz xamarra sailkapen nagusiari begira zerbait egin nahi bada, baina hori denbora tarteen araberakoa izango da. Lasterketaren nondik norakoaren arabera, erlojupeko hau zirraragarria ala tramite hutsa izan daiteke, eta zoritxarrez, interes gehiegirik piztuko ez duelakoan nago.

Igandean, irailak 20ean iritsiko da Vuelta Madrileko kaleetara. Itzuli handietan egin ohi den bezala, hiriburuan sei itzuli eman beharreko zirkuitu bat prestatu dute. Zalantzarik gabe esprinterrek beraien gaitasunak erakusteko azken etapa izango da. Lasterketako liderrak, berriz, ospakizunez eta podiumean jartzen dioten ereserkia egokia den ala ez ziurtatzeaz besterik ez du arduratu beharko.

Ikuskizuna hastear dago. Kinielak prest? Ba zorte on guztioi!

Frantziako Tourra 2008: ibilbidearen azterketa

Tourreko LogoaUztailaren 5a. Aste bi baino ez urteko txirrindularitza ikuskizun nagusia has dadin, dena kendu eta dena ematen duen lasterketa has dadin. Hiru astetan zehar txirrindulariek Frantziako errepideetan zehar izerdi eskerga bota beharko dute, bakoitzak aldez aurretik finkatutako helburuak bete ditzan. Batek baino gehiagok birplanteatu beharko ditu bereak lasterketak egunak kontsumitu ahala.

Aurtengo ekitaldian antolakuntzak neurri harrigarri bi hartu ditu: alde batetik, aitzin etapa ezabatu egin du, eta bestetik, taldekako erlojupekoa ere bai. Neurri hauek, noski, igotzaileek gustura asko ikusiko dituzte; beste faborito batzuek ez, ordea. Argi dago denei gustua egitea ez dela erreza.

Etapen azterketan buru belarri sartuta, eta aurretik esan bezala, aitzin etaparen hutsuneak atentzioa deitzen du. Aurten lehendabiziko etapa lineakoa izango da, eta ondobidean lehen lehoitxo horia, eta ondorioz liderraren lehen mailloa hartuko duen txirrindularia, sprinter bat izango da. 2. eta 3. etapa ere lehendabizikoaren antzekoak dira, muinotxoren bat edo besterekin, 4. mailakoak gehienbat, beraz, esprinterrak urduri ez jartzeko modukoak. Continue reading “Frantziako Tourra 2008: ibilbidearen azterketa”

Euskal Herriko Itzulia 2008. Ibilbideari gainbegiratua.

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaEuskal Herriko Itzulia hasteko aste bete falta denez gero, ibilibideari gainbegiratu bat ematea komeni da. Hartara gainera, Tropelak antolatutako jokoan parte hartzen dutenek erreferentzia baliagarri bat izango dute txirrindulariak hautatzerako garaian. Baina, gehiago luzatu gabe, has gaitezen etapak banan banan aztertzen:

1. Etapa: Legazpi-Legazpi (137 km.). Aurtengo edizioko etaparik laburrena (erlojupekoa salbu, noski). 3. mailako lau mendate eta 2.mailako beste hiru gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Lasterketa honetan izan ohi diren osagaiez osatutako ibilbidea, alegia. Azkeneko mendatea, Deskarga (motza baina malda gogorduna) helmugatik 6 kilometrotara kokatzen da. Hortaz, liderraren aurreneko maillota talde murriztu baten artean lehiatzea espero liteke. Hala ere, diferentziek ez lukete handiak izan behar.

2. Etapa: Legazpi-Erandio (153 km.). Continue reading “Euskal Herriko Itzulia 2008. Ibilbideari gainbegiratua.”

2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – III – . Espainiako Vuelta

2008ko Vueltako ibilbideaHemen dugu falta zitzaigun azkenengo “itzuli handiaren” aurkezpena, Espainiako Vuelta. Jadanik jakinaren gainean izango zarete proba honek ez didala beste lasterketa askok adinako irrikarik sortzen, agian korritzen den garaian korritzen delako, agian partehartzaileen mailagatik… hala ere, batez ere, bere ibilbideak proba ikusgarria izaten laguntzen ez duelako da, nire kasuan behintzat, proba hau ikusi “behar” hori ez izateko arrazoia.

Duela hilabete gutxi amaitu den Vueltak berriro ere garbi utzi zuen 3 itzuli handietatik eskasena, diferentziarekin gainea, Vuelta dela. Ibilbide negargarri hark ez zuen utzi borroka gehiegirik ikusten. Aurtengo aurkezpenaren, aurretik entzuten nituen zurrumurruen ondoren, berriro ere oso ezkor nengoen baina azkenean ez dute hain-hain ibilbide txarra aurkeztu. Egia da, hala ere, oraindik Giro eta Tourretik ikaragarri urrun dagoela. Continue reading “2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – III – . Espainiako Vuelta”

2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – II – . Italiako Giroa

2008ko Giroko ibilbideaIkaragarria. Zoragarria. Ikusgarria… Zeuek nahi duzuen adjektiboa ipini larunbatean aurkeztu zen Italiako Giroaren ibilbideari.

Ibilbideak ez digu sekulan probaren ikusgarritasuna ziurtatuko, hori bai, lagungarri izaten da, askotan derrigorrezko ere bai, txirrindularien gogoarekin batera, eta begien aurrean dudan ibilbideari begiradatxo bat botatzeak datorren urteko maiatzean lasterketa ikusgarri batean aurrean egon gaitezkeela esaten dit. Continue reading “2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – II – . Italiako Giroa”