Basso, amorruak bultzatuta

fulonbasso_6001Lau urte dira jada Ivan Bassok erakustaldi apartak eskaini zituela Giroan: Passo Lancianon, Passo Furcian, Mortirolon… Joan den urtean itzuli zen Girora zigorra bete ostean, eta ondo ibili arren, ezin izan zien Menchovi edota Sastreri eutsi aldapa gogorrenetan. Pasa den igandean, ordea, Zoncolanen gora, denbora makinan sartu izan bagina bezala ikusi genuen askok etapa. 2006ra jauzi egin izan bagenu legez ostera ere. Basso ez da eraso bortitzak jotzen dituen horietakoa, baina erritmo gogorra jarrita gainerakoak uzteko gai zen eta gai da. Giroko mendaterik gogorrena ederki probestu du Liquigaseko igotzaileak. Amorruak bultzatuta egiten ari zela gora zirudien. Evansek eutsi zion, harik eta lau kilometroren faltan amore eman behar izan zuen arte. Ezin zuen gehiago. Bassok ito egin zuen.

Astearteko kronoigoeraren atarian, Basso jo daiteke orain itzulia irabazteko faboritotzat, Sastre (Cervelo), Evans (BMC), Vinokourov (Astana), Scarponi (Androni), Nibali taldekidea (Liquigas) eta Cunego (Lampre) atzetik baititu, eta oraindik gelditzen da aldaparik. Bassoren aurretik Arroyo (Caisse d’Epargne) eta Porte (Saxo Bank) baino ez daude, eta hasiera batean behintzat, ez dirudi Plan de Corones-Mortirolo-Gavia hirokote beldurgarrian Bassorekiko duten aldeari eutsi ahalko diotenik (hiru minutu eta erdi Arroyok eta minutu eskasa, Portek).

Plan de Coronesen gora bakarkako lana egin beharko dute ziklista guztiek, baina Zoncolanek horren antza izan zuen, igoeraren zatirik handienean, banan bana igo baitziren txirrindulari asko. Ikusteke dago nola errekuperatuko diren batzuk eta besteak. Basso izan daiteke faborito, baina erne. Lehen astean, Vinokourovek eta Evansek ziruditen indartsuenak; bigarren astea eta gero Liquigasek hartu du lasterketaren lema. Hirugarren astean, beste oilar batzuek egin nahi izango dute kikiriki.
Argazkia: www.cyclingnews.com