Gogoratzen Folgaria?

evans1Web gune honetako zale gazteenek ez dute jakingo ziur asko zer den Folgaria. Zaharragoak direnentzat, agian, ezaguna izango da izena. Mendate baten izena da, eta bertan zerua ukitzetik gertu egon zen Cadel Evans 2001eko Giroan. Baina infernu bilakatu zitzaion igoera. Lehengo larunbatean lokatz artean igotakoarekin ez du zer ikusirik Folgariak. Errepidea dotorea da, batere zulorik gabekoa. Baina Folgariako aldapa amaiezina da. 20 kilometro dira guztira. 2001eko Giroko mendiko azken etapan igo zuten. Italiako itzulia gori-gorian zegoen, eta Cadel Evansek maglia arrosa zeraman soinean. Australiarrak baina, sekulako txakalaldia hartu zuen, Dario Frigorekin batera, eta biak ezinean ibili ziren malda madarikatu hartan. Savoldellik irabazi zuen Giroa.

Orduz geroztik, denbora asko pasatu da, eta azken urteetan Cadel Evansek batez ere Tourra izan du begiz jota. Hortaz, ez zirudien Giroa irabazteko edo behintzat irabazteko lehian aritzeko moduan ikusiko genuenik. Baina hara non australiarra sasoi betean iritsi da Italiara, ortzadar mailota jantzita. Beharbada larunbatean, lokatz artean hainbat kilometro egiteaz gain, Vinokourov ipurterrearen eraso guztiei erantzun ostean, eta Cunego azken zuzengunean atzean utzi zuenean ez zen Folgariarekin gogoratuko. Edo agian bai, txakalaldi hura egundokoa izan baitzen. Giroa irabaziko duen edo ez argitzeke dago, baina Folgariako arantza atera du Evansek, bederatzi urte eta gero. Mendate hura bezain luzeak.

Giroko lehen asteak agerian utzi du hamar txirrindulari nabarmendu direla. Vinokourov (Astana), Evans (BMC), Nibali eta Basso (Liquigas), Pinotti (Columbia), Porte (Saxo-Bank), Karpets (Katyusha), Garzelli (Acqua&Sapone), Cunego (Lampre) eta Scarponi (Androni). Gauzak ondo, hamar hauen arteko aldea bere horretan mantenduko da asteburura arte, mendate gogorrak iritsi arte –hiru minutu pasatxo Vinokourov eta Scarponi artean-. Vinokourovek du maglia arrosa, eta beraz, besteei dagokie erasotzea, baina aurkariak larri ikusiz gero, ez izan dudarik; Astanako txirrindulariak aldea handitzeko abagunea ez du alferrik pasatzen utziko.

Talde horretatik kanpo dago, ustekabean, Carlos Sastre; berari ondo datozkion mendateak iristen direnerako, Monte Zoncolan eta Mortirolo kasu, lekutan egongo da sailkapen nagusian. Ikusi beharko etxerako bidea hartuko duen edo etaparen bat ehizatzen ahaleginduko den. Eta bada gertutik jarraitu beharreko txirrindulari gazterik, Terminillon gora ihesean ibilitako Stortoni italiarra eta Jose Cayetano Sarmiento kolonbiarra, esate baterako. Eta hori beti pozgarria da.

Giroko ibilbidea ikusita, orain arte lehen platera baino ez dute zerbitzatu. Erne bigarren platerarekin, txirrindulariek sekulako betekada har baitezakete, zenbat mendate gogor geratzen diren ikusita.