Gladiadoreak eta leoiak

bettiniphoto_0054879_1_full_600“Ave cesar, morituri te salutant” esan ei zieten gladiadoreek
enperadoreari, coliseumaren harera ateratzen zirenean, bai baitzekiten lehoien bazka bilakatuko zirela minutu gutxiren buruan. Coliseumean ez. Veronako anfiteatrora iritsi ziren txirrindulariak Giroko azken arnasean, igandean. Hala ere, aktoreak bezala baino gehiago, gladiadoreen pare aritu dira denak, Moltalcinoko lokatzean, L’Aquilan, Zoncolanen gora edo Gavian, elur horma artean. Enperadoreen sasoian gladiadoreek beso eta bular gihartsuak zituzten ezpatari eta abarri behar bezala eusteko. Gaur egungo gladiadoreek, ziklistek, hanketan dituzte giharrak. Haientzat leoiak bezain zitalak dira Mortirolo, Zoncolan edo Kronplatzeko malkarrak.
Basso izan da onena, bai,baina beste askoren joa gabe Giroa ez zen horren ikusgarria izango. Arroyok ahaleginak eta bi egin zituen maglia arrosari eusteko –zeinek esango zion pare bat aste lehenago horrela ibiliko zenik!-. Scarponi eta Nibali ere goi-goian ibili dira, eta horren goian izan ez badira ere, aipamen berezia merezi dute Evansek eta Vinokourovek. Haiek ere distira eman diote Giroari. Marco Pinotti ere borrokatu da. Baita John Gadret igotzaile frantziarra ere. Richie Portek zur eta lur utzi du bat baino gehiago. Australiarrak erakutsi du etorkizuneko txirrindularitzaren izen handietako bat izan daiteke, baina noski, hori erakutsi beharko du datozen urteetan. Eta ezin ahaztu euskal txirrindulariak, Xabier Zandio eta Iban Mayoz. Haiek ere beren alea utzi dute Giroan.
Egiari zor, lehenengo astea eta gero, Evans eta Vinokourov ikusten nituen nik beste guztien gainetik, baina azkenean ez bata ez bestea ez dira ezta podiumera igo.

Eta Giroa bukatuta, albistea beste nonbaitetik iritsi da: Alejandro Valverdek ezin izango du parte hartu inongo lasterketatan 2012ko urtarrila arte, Puerto auziarekin zerikusia izan zuelakoan zigortu baitute. Eta Giroan puri-purian zegoela, jakin genuen Mikel Astarloza sanpedrotarra ere ez dugula luzaroan lehiatzen ikusiko. Haien aurrean enperadoreek hatz potoloa beherantz jarri dute. Astarloza eta Valverde ere gladiadore peto-petoak dira, edozein lasterketatan onena emateko prest dauden horietakoak. Haien falta sumatuko dugu txirrindularitza zaleok, ziur.

Argazkia: www.cyclingnews.com