Zehaztasunik gabeko ondorioak Valverde auziaz

Valverde eseritaArazo konplexuak aztertzeko, errealitatea sinplifikatzera jo ohi da hainbatetan, arazoen handitasunak eta datuen ugaritasunak analisia erraztu ordez arazoaren muina ikustea zailtzen baitute. Valverde auziak ere, horrenbeste luzatu eta korapilatu denez, kirol arloan espezializaturiko abokatuek soilik esplikatu dezaketen gaia dela dirudi. Baina nahiko ondorio sinpleak atera daitezkeelakoan nago.

Ausardia handiz bada, sententzia gehienak irakurri ere ez ditudala egin onartuaz, kasu honetatik atera ditzakedan ondorio batzuk aipatuko ditut, arazoaren muina azaldu dezaketelakoan. Batzuk itxaropentsuak dira; beste zenbait oso kezkagarriak:

1. Frogatua geratu da Valverde-ren odol lagin batean EPO zantzuak zeudela (leku askotan txirrindulari honek ez duela positibo eman irakurri badugu ere eta hori argudio bezala erabili)

2. Hori frogatzeko erabili den bidea ez da kirol arauek ezartzen dutena.

• Beraz argi dago kirol arauak mugatuak daudela doping kasu denak topatzeko orduan.

• Onargarria da beste bide batetik frogatu dena zigortzeko erabiltzea?. Nire ustez, kasu honetan bai.

3. Kirol arautegien eta estatuetako arautegien arteko sinkronia falta. Arlo batek bestean lagungarri izan beharko luke, ez 2 mundu guztiz banatuak. CONI (Italiako Komite Olinpikoa) bi arautegien artean dagoen erakunde arraro bat denez, zirrikitu hori izan da kasu hau Espainiako epaitegi arruntetatik kirol arlora eramateko zirrikitu bakarra.

4. Txirrindulariak zigortzeko ardura estatuetako federazioek dute. Kasu honetan, Espainiako Federazioak ez du arduraz jokatu. Are gehiago, bai Espainiako Federazioak, bai CSD-ek (baita Espainiako hainbat medio etabarrek) txirrindulari honen errugabetasunaren defentsa sutsua egin dute. Gogoratu Sttutgart-eko mundialaren bezpera 2007an. Honek 2 datu kezkagarri uzten ditu bistan:

a. Espainiako lizentziapean dauden txirrindularien arteko berdintasun eza. Zergatik babestu da horrenbeste txirrindulari hau eta ez antzeko kasuetan agertu diren beste hainbat kirolari?

b. Erratu zirela frogatu arren, inork ez du dimititu, inori ez zaizkio ardurak eskatzen, hemen ezer pasa ez balitz bezala…

5. Bidezko sententzia batek sortu dezakeen bidegabekeria. Zer gertatzen da gainontzeko 200 laginekin? Gehienak desagertu(arazi)ko zituzten, baina CONIk bere baitan zituela esan zituen 42 laginekin zer gertatzen da? Zergatik zigortzen da Valverde eta ez gainontzekoak? Nahikoa da ehizatutako animalia baten burua erakustea (handiena bada ere) doping-aren aurka lan sendoa egiten dela erakusteko? Zergatik ez jarraitu?

6. Nazioarteko erakundeek erakutsi duten Valverde zigortzeko nahia. Espainiako federazioarekin zituzten desadostasunengatik, Valverde-rekiko itsukeriagatik ala beste arrazoi hainbategatik, baina bai UCI, CONI eta TAS-ek haseratik azaldu dute txirrindulari hau zigortzeko nahia. Zalantza asko sortzen zaizkit ea hau nola izan den: froga nahikoa eskutan izanik ala baita lehendik ere?

7. Nazioarteko kirol erakundeen gardentasun falta argi geratu da. Ez da kasualitatea sententzia Giroa amaitu ondoren, baina Tour-a hasi baino lehen iristea. Badirudi “timing” hau antolatzaile handien, TAS-en eta UCIren artean hitzartuta zegoela. Epe motzera, halako erabakiak txirrindularitzaren irudia babesteko onak izan badaitezke ere, lasterketa handiak ospatzen ari diren bitartean gai ilunak ezkutatuz, luzera oso kaltegarriak dira. Beste behin ere, doping-aren aurkako borroka zein txirrindularitza gardentasunik gabeko 4 lagunen arteko kontua dela frogatzen baita.

Amaitzeko, politikoki zuzena ez den zerbait esatera ere ausartuko naiz: ni poztu egin naiz azkenean Valverde zigortzeaz. Badirudi beti penaz eta tristuraz hartu behar ditugula horrelakoak. Badakit ez dela justizia osoa egin kasu honekin. Badakit honekin ez dela ezer aldatuko. Badakit txirrindulari batentzat zein gogorra den. Baina pauso txiki bat izan daiteke.

2010eko taldeen analisia (XIII): Omega Pharma-Lotto, Philippe Gilbert-en zerbitzura atonduriko taldea

gilbertAzken urteetan, Cadel Evans buru, talde honek itzuli handiak ere izan ditu begi puntuan. Frantziako Tour-a batik bat. Dena dela, australiarrak taldea uztea erabaki zuen eta sorpresaz harrapatu zituen zaleak. Utzi zuen taldean harritu ez dakit, baina ez dut uste gehiegi ere larrituko zirenik. Urteetan, klasikoetan, udaberrian gehienbat, izan ditu talde honek bere helburu nagusiak.

Udaberriko klasikoetan paper polita eginez gero, urtea justifika dezake edozein talde belgikarrek eta azken urtean txirrindulari batek erakutsi badu klasikomano bikaina dela, Philippe Gilbert da hori. Gizon hori taldean izanik, ez zuten larritzeko arrazoi gehiegi.

Gilbert iaz lehertu zen. Profesionaletan hasi zenetik, beti izan ditu emaitza onak. Baina gehienetan gertatzen ez den bezala, Philippe Gilbert hasieratik bere inguruan sortutako aurre ikuspen guztiak betetzen ari da. Txirrindulari ausart eta ikusgarria da gainera, zaleoi gustatzen zaigun txirrindulari saiatua.Eta Omega Pharma-Lotto taldea Gilbert da. Edo alderantziz, taldea ezerezean geratzen da Gilbert gabe.

Hurbiletik jarraitzeko beste izenen bat aipatzekotan Jurgen Roelandts gaztea litzateke. 24 urteko txirrindulari honek oso denboraldi polita burutu zuen 2009an, garaipenik lortu ez arren, eta Australiako Tour Down Under-en gogoz hasi du denboraldia, 2 etapa eta sailkapen orokorrean top 10an kokatuaz bere burua.

Gainontzean, klasikoetan aurrean behar lukete Van Avermaert, Leif Hoste eta Van der Broek-ek. Lehenengoak segur aski klasikoetarako Gilbert-en ordezkoa behar luke edo hala behar balu taldekiderik indartsuena. Aukerak izan ditzake Gilbert sasoi betean iristen ez den edo gustuko ez dituen lasterketetan. Leif Hostek ere aukerak izan ditzake Paris Roubaix-en adibidez. Bigarrena aldiz Frantziako Tourrean izango da eta Dani Morenorekin batera taldeko erreferentzia izan daiteke sailkapen nagusira begira.

Itzuli handietarako Dani Moreno espainiarra fitxatu dute, baina ez dut uste Espainiako Itzulian 10 lehenengoetan sartzen saiatu eta Tour edo Vueltako mendiko etaparen batean aurrean ibiltzeaz aparte gehiegi ikusiko dugunik. Van Goolen da egin duten beste fitxaketa, kasu honetan Saxo Bank-etik. Wegelius aldiz, izan daiteke taldearen Girorako gizona.

2010eko taldeen analisia (XI): Rabobank, finantza krisiak ere hondora ezin dezakeen talde klasikoa

freireAldaketa gutxirekin dator aurten Rabobank talde herbeheretarra. Steven Kruijswijk eta Dennis Van Winden igo dituzte talde filial kontinentaletik. Eta fitxaketen faltan, Pedro Horrillo izan da aurre denboraldian zeresana eman duen txirrindularia. Jarraitzeko eskaintza mahai gainean zuen, baina profesionaletan aritzeko maila berreskuratu ezingo duela jabeturik, lasterketak albo batera uztea erabaki zuen ermuarrak. Ez du baina bizikleta zintzilikatzeko asmorik erakutsi eta ziur inoiz ez bezala gozatuko dituela hemendik aurrera patxadaz eta lasterketen presio barik egiten dituen km horiek.

Gainontzean, Menchov eta Gesink ditugu taldeko liderrak itzuli handietarako. Menchov-ek erregulartasun handia erakutsi du beti eta iaz Giroan nagusitu arren, badirudi aurten Frantziako Tourrean egingo duela saialdia. Robert Gesink gaztea, aldiz, Herbehereetako zaleen esperantza berria da. Urteak dira herrialde horretako txirrindularirik ez dugula ikusten itzuli handietan eta erorketa eta lesioekin zortea badu, 2010 erreleboaren urtea izan daiteke taldearen buruzagitzan.

Etapa ehiztarien artean, Oscar Freire aipatu beharra dago. Azken denboraldia izango zuela zirudien, baina oraindik beste urtebete jarraituko duela adierazi zuen denboraldi hasieran. Eta jadanik besoak jaso ditu Mallorcako etapa batean eta Andaluziako beste bitan. Abiadura agian pixka bat galduko zuen urteekin, baina kantabriarrak duen etapa ehiztari senak hor darrai. Magia duen txirrindulari bat dugu, berezia, bakarra. Eta nola, ez munduko txapelketa du buruan. Bestela erretiratua legoke. Aurtengo mundiala, gainera, egokia izan daiteke bere ezaugarrientzat, diotenez ez baita gogorregia, eta 4 aldiz munduko txapela irabazten duen lehen txirrindularia bilakatu nahi du.

Talde honetan jarraitzen du Juanma Garate euskaldunak ere. Irundar beteranoak ederki daki zein den bere papera taldean eta horregatik da hain baloratua. 3 asteko lasterketetan duen eskarmentua edozein liderri eskaintzeko prest, dela Gesink dela Menchov, eta era berean etaparen bat irabazteko gai. Eta ez edonolakoa gainera, iazko Tourrean Mont Ventoux gainean lortu zuena bezalakoa.

Flecha-ren hutsunea betetzeko, aldiz, ez dute kanpora jo. Etxean dituztenengan konfiantza osoa dute. Batik bat ondorengo izenengan: lehenik eta behin, Lars Boom konfirmazioaren urtea izan baitaiteke aurtengo urtea berarentzat. Iaz polito ibili zen (etapa bana Espainiako eta Belgikako itzulietan) eta ziklo-krosa 2. planoan utzi duenetik oso goian ibil daitekeela erakutsi du. Nick Nuyens-ek espero baino denboraldi eskasagoa egin zuen iaz (garaipen bakarra), baina belgikarrak goian behar luke. Stef Clement, Posthuma eta Pieter Weening hirukotea ere izan daiteke edozein lasterketetan holandarren garaipen zakua betetzeko gai.

2010eko taldeen analisia (X): Quick Step, Tom Boonen erraldoiaren berpiztean fedea duen taldea

boonen-merckx1Talde belgikarrei bost axola izan zaizkie itzuli handietako sailkapen orokorrak. Halaxe ondoriozta daiteke aurtengo Quick Step taldearen txirrindulari zerrendari erreparatuta ere. Zenbait sasoitan saiatu dira horretarako liderrak fitxatzen, baina inoiz arrakasta gehiegi gabe, eta hori ikusirik, klasikoetan eta etapetan indar guztiak jartzea onetsi dute. Aurten bada, udaberriko klasikoetarako edo edozein itzuli handitan etapak irabazteko talde sendoa dute. Aldaketa gutxi iazko taldearekin alderatuz (nagusiena agian bizikleta aldaketa, Eddy Merckx handiaren izena duten bizikletak eramango baitituzte). Kirolariei dagokionez, izen handirik gabeko hiru txirrindulariren etorrera aurkeztu dute berrikuntza gisa: Iljo Keisse, Nikolas Maes eta Andreas Stauff .

Baina guztien gainetik, bi izen nagusi aipatuko nituzke talde honetan: Tom Boonen eta Sylvain Chavanel. Lehenengoa urte aldrebes baten ondoren oso indartsu hasi zaigu 2010an. Urte aldrebesa diogu, eta hala ere Paris Roubaix-en garaile eta Belgikako txapeldun izan genuen erraldoi hau. Handik aurrera baina, errepidetik kanpoko arazoek guztiz itzali zuten bere jarduera. Badirudi baina, aurreko urteko arazoak gainditu dituela, edo gutxienez, errepidean dituen emaitzei ez diela horrenbeste eragiten. Jadanik 3 garaipen pilatu ditu 2010an, Qatar eta Oman-en, eta aurten ere Paris-Roubaix zein udaberriko beste zenbait klasiko izango ditu egutegian gorriz markaturik.

Frantziarra aldiz, tropeleko txirrindularirik ikusgarrienetako bat dugu. Erasokorra, beti lehiakorra eta beti garaipenak lortzen dituena. Segur aski ez merezi bezainbeste, baina zaleok beti atsegin dugu duen jarrera, nahiz eta sarri ohorezko postuekin konformatu behar izan. Iaz 2 garaipen besterik ez zituen lortu baina zortea lagun badu, 2008ko emaitzetatik hurbilago behar luke (7 garaipen, tartean Frantziako Tourrean etapa bat).

Jerome Pineau, Stijn Devolder eta Carlos Barredo asturiarra lirateke talde honetako beste gizon aipagarriak. Edozein puntako lasterketetan aurrean mugitzeko gauza. Beste taldekide gehienak nahiko gazteak ditugu, Matteo Tosatto eta Marco Velo italiar txakur zaharrak salbu. Azken horzkadaren bat emateko gai izango ote dira 2010an? Ez badira, ederki dakiten ofizioa gazteagoei erakusteak behar luke beren zeregina taldean. Wouter Weylandt , Dryes Devenyns eta Kevin Seeldraeyers bezalako txirrindulariek eskertuko dute, ea aurreko denboraldiko detailetxoak konfirmatzen dituzten.

Belaunaldi aldaketa amaitzear dagoen ziklokros denboraldian

Igandean ospatuko da Tabor (Txekian) 2010ko Munduko Ziklokros Txapelketa eta bertako herritar bat, Zdenek Stybar, izango da irabazteko hautagai nagusietako bat. Niels Albert flandriarra izango da bere aurkari handiena. Biak izan dira azken egunerarte Munduko Kopan lehian ibili direnak. Azken froga Albert-ek irabazi zuen baina ez zuen nahikoa izan sailkapen orokorra irabazteko. Stybarrek 2. postuarekin eutsi zion Munduko Kopako lidergoari. Igorren irabazle ikusi genuen Stybar abenduan eta irabazle izan zen Tabor bertan ospatu zen Txekiako txapelketan ere. Ongi ezagutzen du bada ibilbidea eta herritarren babesean, faborito nagusitzat joko nuke.

larri1Gazteak dira biak (1986koa flandriarra eta 1985koa txekiarra), baina jada nagusi dira txirrindularitzaren neguko diziplinan. Sven Nys, azken urteetan ziklokrosean goitik behera nagusitu den gizona, aurrean izan dute denboraldi osoan eta halaxe izango dute igandean. Munduko txapelketak ez dira baina bere froga kuttuna izan eta 2005an soilik jantzi zuen ortzadar maillota. Aurten izan dezake azken aukera eta argi ibili daitezela gazteak, oraindik sua baitauka 33 urteko Nysek zangoetan.

Gure artean ere, belaunaldi aldaketa ematen ari da. David Seco guztiz desagertu da aurreko postuetatik eta baita bizpahiru urtetan aurrean ibili zen Unai Yus ere. Javier Ruiz de Ruiz de Larrinaga Amezagako mutilak iazko nagusitasuna sendotu du, nahiz eta tituluei erreparatuta iaztik pixka bat jaitsi dela dirudien. Euskadiko Txapelketan huts egin zuen, gehien kostatzen zaion zirkuitu mota lokaztu eta gogor batean. Dena dela, bigarren urtez jarraian irabazi ditu Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa eta denboraldiko lasterketa garrantzitsuetan karrera ikusteko eta planteatzeko erakutsi duen gaitasunak gainontzeko txirrindulariak baino puntu bat goraxeago ibili dela erakusten du. Aurtengo sorpresa Egoitz Murgoitio izan da, Larrinagari aurrea hartuz Euskadiko Txapelketa irabazi zuena Iraetan.

Biak izango dira igandean Tabor-ko irteeran. Ez daukate lan erraza, baina 30 lehenengoetan sartzea emaitza ona litzateke bientzat. Aurreikuspenen arabera hotz egingo du eta ibilbide izoztu eta azkar bat topa dezakete bertan.

Argazkia: http://ruizdelarrinaga.com/