Dopin mekanikoa: Cancellara hurakanaren begian

Azken egunotako albiste polemikoa da. Batzuek sinesgarritasuna ematen diote, besteek ezinezkoa edo oso nekez sinestekoa dela diote, baina kontua da denon ahotan dabilen gaila dela. Noski, Fabian Cancellara eta motordun bizikletaren inguruan mintzo naiz. Polemika bideo honek sortu du:

Txirrindulari bat motoa bezala dioala esaten denean… bizikleta trukatua existitzen al da? Gaur, froga bat egingo dugu” – Hitz hauekin hasten da RAI telebista kate italiarrak argitaratu duen bideo bat. Bertan, Davide Cassani txirrindulari ohiak frogatzen du motorra inkorporatutako bizikletak existitzen direla. Horrez gain, horrelako bizikleta batekin gaur egun Giroan etapa bat irabazteko gai izango litzatekeela gehitzen du, nahiz eta ia 50 urteko adina izan. Mekanismoak nola funtzionatzen duen azaldu ostean, galdera airean gelditzen da.

Orain aste batzuk irten zen Gruber izeneko etxeak nola garatua zuen motortxo bat eta mountain bike batean agertzen zen martxan, sekulako zaratarekin, eskulekuaren botoitxo gorri narras batekin… Horren ildotik, handik egun batzuetara Cassani agertu zen RAIn karrerako bizikleta bat eskuan zuela eta han askoz gutxiago entzuten zen. Gainera, bere hitzetan, bizikleta hori eman zionak baieztatu zion tropelean ibili izan dela, datu gehiagorik eman gabe. Kuriositate bezala, Davide Cassani izan zen Michael Rasmussen Dolomitetan entrenatzen ikusi zuela esan zuen gizona, danimarkarrak Mexikon zegoela ziurtatu zuenean, kontrol bat ekidin ostean. Albiste hau jakin bezain laster, Tourrak sekulako presioa jarri zuen Rabobanken gainean eta azkenean talde holandarrak Rasmussen lasterketatik eta taldetik egotzi zuen. Kasu honetan, Cassanik ez du Cancellarak tranpa egiten duela esan, ezta RAI-ko inortxok ere, baina zale italiar batek bere kontura bideo-muntai bat egin du non bertan Cancellararen mugimendu susmagarri batzuk ikusten diren, motorra aktibatzeko botoia sakatuko balu bezala. Eta Cancellarak Paris-Roubaix, eta batez ere Flandriako Tourrean jo zituen eraso kolpe bortitzak dudan jarri dituzte irudi hauek. Goian jarritako bideoaren bigarren atala da mugimendu hauek biltzen dituena, hain zuzen ere.

Kontua da susmagarritasunaren geriza Fabian Cancellararen gainera erori dela. Suitzarrak salakuntza horiek barregarritzat jo ditu, eta Tourrerako prestakuntzan buru belarri darrai. Baina jendea galdera asko egiten hasi da bere buruari. Jakin izan denez, Cancellarak bai Flandriako Tourrean hala Paris-Roubaixen bizikleta aldatu egin zuen, eta badaude horren lekuko diren bideoak. Lehenengoan, Flandriako Itzulian bizikleta nola aldatu zuen ikus daiteke, eta bigarrenean, hirugarren minututik aurrera, gauza bera:

Polemika hain da handia ze, UCIk ere muturra sartu du eta kasua aztertzen hasi da, inbestigazio bat irekita. Bi erakustaldi handi izan zirenak dudan jarri dituzte orain, eta latza litzateke Cancellarak tranpa eginda irabazi zuela jakitea.

Gauzak honela, zein puntutaraino daude sendo oinarrituta Cancellarari egindako akusazioak eta bere inguruan sortutako dudak? Argi gelditu da, bideoetan ikusi izan den bezala, teknikoki posible dela bizikletari motortxo bat txertatzea. Argi dagoena baita, zera da, motortxo horrek, bateria kontuak direla medio, ezin duela jarraian funtzionatu. Horrez gain, dudatuko nuke 150 edo 200 W-ko potentzia maximoa duen motortxo batek Cancellara bezalako 85 kg-ko zezen bat mugitzeko gaitasuna izatea. Noski, motorraren funtsa ez da txirrindularia aurrera eramatea paisaiari begira doan bitartean, aurrera joate hori erraztea baizik, baina hala eta guztiz ere, zaila dela deritzot.

Beste puntu bat pisu estrarena da. Demagun motorra bizikletan jartzearen helburua 20 minutu konkretutan (lasterketako zati jakin batean, esate baterako) txirrindularian errendimendua handitzea dela. Kontua da, txirrindulariak gainontzeko kilometro guztietan pisu estra bat eraman behar duela, 1kg, 1.5 kg, edo dena delakoa. Ezin ahaztu bestalde motorra puntu hilean dagoenean engranajeak mugitzean sortutako marruskadura eta galerak gainditu beharra dagoela. Azken puntua, zarata. Nola tapatzen da zarata hori, eztula eginda? Grammont-en, jendearen oihuekin, posible da, baina, Paris-Roubaixen erasoa jo zuen lekuan?

Nik uste Paris-Roubaixen jo zuen erasoan, gainontzekoak “geldik” egoteak eman zuela Cancellarak hain azkar aldegitearen efektua, baina Flandriako Grammont-eko harpidean nola joan zen, eta batez ere Boonen nola utzi zuen ikusteak dudak sortaraztea ez zait hain arraroa iruditzen. Dirudienez, harpide hartako zati txiki batean orain arteko errekorra 23 segundotan zegoen, eta Cancellarak aurten 19 segundo egin ditu. Horrek esan nahi du ibilbide motzean ia %17.5 denbora gutxiago behar izan zuela aurreko errekorrarekiko. Konparatiboki, orain Contador Alpe D’Huezera joan eta Pantaniren 36 minutu eta 40 segundoak 30 minutu pasatxotan uztea bezala izango litzateke. Ez da proportzionala konparaketa hori, noski, baina hobekuntzaren magnitudea ikusteko balio du.

Gauzak honela, nik neuk ez dakit zer pentsatu. Zaila eta nekez sinesten dut kontu guzti hau. Eta hau gutxi balitz, zelula fotovoltaikoak dituzten bizikletak garatzen hasi omen dira, eguzki energia aprobetxatzen dutenak. Lehen lan gutxi dopin tradizionalarekin, eta orain UCIk galtzak bete lan dopin mekaniko-fotovoltaiko kontu hauekin…