2010eko taldeen analisia (X): Quick Step, Tom Boonen erraldoiaren berpiztean fedea duen taldea

boonen-merckx1Talde belgikarrei bost axola izan zaizkie itzuli handietako sailkapen orokorrak. Halaxe ondoriozta daiteke aurtengo Quick Step taldearen txirrindulari zerrendari erreparatuta ere. Zenbait sasoitan saiatu dira horretarako liderrak fitxatzen, baina inoiz arrakasta gehiegi gabe, eta hori ikusirik, klasikoetan eta etapetan indar guztiak jartzea onetsi dute. Aurten bada, udaberriko klasikoetarako edo edozein itzuli handitan etapak irabazteko talde sendoa dute. Aldaketa gutxi iazko taldearekin alderatuz (nagusiena agian bizikleta aldaketa, Eddy Merckx handiaren izena duten bizikletak eramango baitituzte). Kirolariei dagokionez, izen handirik gabeko hiru txirrindulariren etorrera aurkeztu dute berrikuntza gisa: Iljo Keisse, Nikolas Maes eta Andreas Stauff .

Baina guztien gainetik, bi izen nagusi aipatuko nituzke talde honetan: Tom Boonen eta Sylvain Chavanel. Lehenengoa urte aldrebes baten ondoren oso indartsu hasi zaigu 2010an. Urte aldrebesa diogu, eta hala ere Paris Roubaix-en garaile eta Belgikako txapeldun izan genuen erraldoi hau. Handik aurrera baina, errepidetik kanpoko arazoek guztiz itzali zuten bere jarduera. Badirudi baina, aurreko urteko arazoak gainditu dituela, edo gutxienez, errepidean dituen emaitzei ez diela horrenbeste eragiten. Jadanik 3 garaipen pilatu ditu 2010an, Qatar eta Oman-en, eta aurten ere Paris-Roubaix zein udaberriko beste zenbait klasiko izango ditu egutegian gorriz markaturik.

Frantziarra aldiz, tropeleko txirrindularirik ikusgarrienetako bat dugu. Erasokorra, beti lehiakorra eta beti garaipenak lortzen dituena. Segur aski ez merezi bezainbeste, baina zaleok beti atsegin dugu duen jarrera, nahiz eta sarri ohorezko postuekin konformatu behar izan. Iaz 2 garaipen besterik ez zituen lortu baina zortea lagun badu, 2008ko emaitzetatik hurbilago behar luke (7 garaipen, tartean Frantziako Tourrean etapa bat).

Jerome Pineau, Stijn Devolder eta Carlos Barredo asturiarra lirateke talde honetako beste gizon aipagarriak. Edozein puntako lasterketetan aurrean mugitzeko gauza. Beste taldekide gehienak nahiko gazteak ditugu, Matteo Tosatto eta Marco Velo italiar txakur zaharrak salbu. Azken horzkadaren bat emateko gai izango ote dira 2010an? Ez badira, ederki dakiten ofizioa gazteagoei erakusteak behar luke beren zeregina taldean. Wouter Weylandt , Dryes Devenyns eta Kevin Seeldraeyers bezalako txirrindulariek eskertuko dute, ea aurreko denboraldiko detailetxoak konfirmatzen dituzten.

2010eko taldeen analisia (IX): Sky, Tourra irabaziko duen Ingalaterrako lehen taldea

Sky taldea

Ingalaterrak elite mailako talde indartsu bat sortu asmoa zuen aspaldian eta talde hau Sky Team izango da. Talde berria da dakizuen bezala eta helburu nagusia 5 urteren barruan Tourra irabaztea du. Babeslea Sky Sport telebista britainiarra izango da nagusiki eta 34 milioi euro inguruko aurrekontua du. Esan dutenaren arabera, 2013 arte ziurtatua izango dute babesgoa.

Tourra irabazteko asmo hori dela eta, aurtengo helburu nagusiena Tourrerako gonbidapena lortzea izango dute. Horretarako lehen pausua eman zuten Wiggins britainiarraren fitxaketa eztabaidatu harekin. Wigginsek 4. postu ikaragarria lortu zuen iazko Tourrean eta horrek gonbidapena lortzeko bidea erraztuko dutelakoan dira. Wiggins izango da taldeko txirrindularirik garrantzitsuenetakoa, baina aurtengoan, Tourrean parte hartzeko gonbidapena lortuko balute ere, ingelesak Giroa du helburu.

Baina esan bezala, talde bikaina osatu dute ingelesek. Beste fitxaketetako bat Boasson Hagen norvegiarra da. Txirrindulari honek erakustaldi bikainak eman zituen iaz eta aurtengo urteari ere bikain ekin dio: Omango Tourrean bi etapa garaipen eta Qatarrekoan beste bat, nahiz eta azken hau taldeko erlojupekoa izan.

Aurreko bi txirrindulariekin batera kontutan hartu beharreko beste txirrindulari garrantzitsuak aipatzearren, ezagunak zaizkigun Arvesen, Gerrans, Lövkvist eta Flecha aipatuko nituzke. Arvesen-ek iaz garaipenik lortu ez bazuen ere, Norvegiako txapelduna da eta langile bikaina. Gerrans-ek 2009 denboraldi bikaina burutu zuen, besteak beste Giroan eta Vueltan etapa garaipenak lortuaz. Klasikoetan ere lehen hamar postuetan sailkatzen ere ederki daki australiarrak eta aurten ere berdin arituko dela iruditzen zait. Tropeleko 2010eko egutegiko klasikoei dagokionez, kontutan hartu beharreko txirrindularia.

Lövkvist, Boasson Hagen bezala, Columbia-High Road taldetik etorri dira Sky taldera. Suediarrak ere maila duela ederki erakutsi zigun talde zuri-horian iazko Giroan, taldekako erlojupekoa irabazi eta 5 egunez lider izan zelarik.

Flechak iazko urtera arte Rabobanken aritu zen. Ez dakigu beragatik ala taldearengatik izan zen, baina egia esan iaz ez zuen garaipenik eskuratu. Izen handiko txirrindularia da eta ikusi beharko da talde aldaketa honek mesede egingo dion ala ez.

Bukatzeko, taldearen promesa izango dena aipatu nahiko nuke: Kennaugh. 20 urteko ingelesa pistan ere aritua da eta iaz maila bikaina erakutsi zuen. Aipagarriena 23 urtez azpiko munduko txapelketan lortutako 4. postua. Aurtengo urtean zail ikusten dut aurrealdean ikustea, baina neurria ondo hartzen badio elite mailari, kontutan hartu beharko genuke izen hau.

Talde ingelesa puntan ikusiko dugula iruditzen zait bere debut urtean, batez ere Giroan nire aburuz.

Tropela Egutegia 2010

Neguko entrenamenduen ondoren iritsi da berriz ere bakoitzaren jakituria, prestaketa, estrategia eta zoria jokoan jartzeko garaia. Urtero bezala berrikuntza dezente aurreikusten ditugu aurtengoan ere baina horietako askoren berri denboraldian zehar emango dizuegu. Orain, aurtengo Tropelako lehiaketen berri emateko ordua iritsi da, hor ere aldaketa esanguratsuak baitaude. Erabiltzaileon eskariak kontuan hartuz hiruzpalau lasterketa/lehiaketa berri gehitu ditugu eta horien artean lehena, Paris-Niza, hamabost egun barru hasiko da.

Tour2009_podiuma

Beraz, urteko sailkapena, Tropela 2010 Sailkapena, lehiatzeko asmotan zabiltzatenok hasi informazioa biltzen berehala izango baitugu lehen lehiaketarako gure kiniela egiteko aukera. Aurten, garrantzia handiagoa eman nahi diogu Tropela 2010 Sailkapenari eta ondorioz, behean dituzuen 9 lehiaketetako puntuak batuz aterako den sailkapenerako sariak ere bere neurrira egokitzea espero dugu.

Hauexek dira aurtengo Tropela Egutegian sartu ditugun 9 probak:

1. Paris-Niza (martxoaren 7tik 14ra)   berria!
2. Euskal Herriko Itzulia (apirilaren 5etik 10era)
3. Ardenetako Hirukoa (Amstel Gold Race, Fleche Wallonne, Lieja-Bastogne-Lieja) (apirilaren 18tik 25era)   berria!
4. Italiako Giroa (maiatzaren 8ti 30era)
5. Dauphiné Liberé (ekainaren 6tik 13ra)   berria!
6. Frantziako Tourra (uztailaren 3tik 25era)
7. Donostiako Klasikoa (uztailaren 31n)
8. Espainiako Vuelta (abuztuaren 28tik irailaren 19ra)
9. Munduko Txapelketa (Erlojupekoa + Errepidekoa) (irailaren 30etik urriaren 3ra)

Horrek zer esan nahi du? Datorren asteburuan, Paris-Niza lasterketaren lehiaketarako kiniela egiteko moduan izango zaretela!

Hau hastera doa. On egin!

2010eko taldeen analisia (VIII): Liquigas, Italiako “forza”!

LiquigasZalantzarik gabe Italiako talde nagusia Liquigas dugu. Taldekide ikaragarriz osatua dago eta iazkoa hobetzea erraza izango ez zaien arren, horretan saiatuko dira Amadioren txirrindulariak. Aldaketa gutxi izan dira taldean eta horrek aurtengo urterako on egingo diela esango nuke.

2009an Bassoren etorrira izan zen. Dopin auziagatik zigortua izan zen eta Liquigas taldeak egin zion lekua. Tourrean lehiatzen ez zioten utzi, baina denboraldi txukuna egin zuela esango nuke. Trentinoko Giroa irabazteaz gain, Giroan eta Vueltan 4. sailkatu zen. Ez dago aurtengoan Tourrean lehiatzerik izango duen, baina ala bada, ikuskina handiagotuko duen txirrindularia izango da.

Pellizotti. Iazko Giroan Bassoren aurretik sailkatu zen sailkapen nagusian. Maila bikaina eman zuen Giroan, eta gorputzaldiari eutsiz, Tourrean mendiko maillotaz jabetu zen. Askok espero genuena baino hobeto ibili zen. Aurtengoan gutxiago ez dela izango uste dut.

Ahaztu ezineko beste bi txirrindulari Nibali eta Kreuziger dira. Biak Tourrean lehen hamarretan sailkatu ziren, 7 eta 9. postuetan hain zuzen ere. Txekiar gazteak iazko Romandiako Tourra irabazi zuen bigarren aldiz eta gogoratuko zarete nola Donostiako Klasikoan bigarren helmugaratu zen. Aurten 24 urte beteko ditu eta ederki ari da progresioan.

Nibali ere, aipatu bezala, bikain ibili zen. Tourreko parte hartze bikainaz gain Italiako pare bat itzuli irabazi zituen. Aurtengo urteari ere garaipenekin ekin dio, San Louis-eko Tourrean hain justu ere.

Lau hauek osatuko dute Liquigasen bizkar hezurra. Berauekin batera Bennati esprinter ezaguna izango da taldean. Aurtengoan hobeto aritu beharko du garaipenak eskuratzeari berrekin nahi badio.

Ez nuke amaitu nahi bi txirrindulariren izenak aipatu gabe. Bata Finetto da. Navigare taldean aritu zen iaz eta Turkiako Tourrean bi etapa garaipen lortu zituen eta sailkapen nagusian 6. amaitu zuen. Bestea, berriz, Koren esloveniar gaztea da. Iazko gazteen Giroa irabazi zuen eta berarekin batera bi etapa.

Talde interesgarria Liquigas 2010ari dagokionez.

2010eko taldeen analisia (VII): Footon-Serveto, birziklapenari berriz ekiteko prest

Denboraldi berri baten hasiera, eta Josean Fernandez “Matxin”-ek talde berria dauka berriz ere eskuartean. Azkeneko urteotan asko ezegonkortu da lehen Saunier Duval zen proiektua, doping arazoak direla eta, ondorioa talde ia guztiz eraberritua delarik.

Pro Tour lizentzia edukia arren, ez dauka nazioarte mailan son handia duen txirrindularirik Footon-Servetto-k. Bat bera ere ez. Esan bezala, taldea ia hutsetik hasi beharko da, apustu nagusia gazteak direlarik. Baina noski, hau ez da garai batean zuzendari bizkaitarrak eduki zuen Mapei ahalguztidunaren harri bitxiz jositako semea. Oso bestelakoak dira kontuak oraingo honetan.

24 gizonek osatzen dute Footon-Servetto taldea, eta horien artean zazpik bakarrik izango dituzte aurten 28 urte edo gehiago. Euren ardura izango da beraz taldekide askoren esperientzi eza beren ezagupenez hornitzea. Beteranoen talde horretan bi euskal txirrindulari aurki ditzakegu: Aitor Perez Arrieta eta Iban Mayoz. Aurrenekoaren kasuan aukera polita izan daiteke oraindik astebeteko lasterketetan, denboraldiaren hastapenetan batez ere, maila polita eman dezakeela erakusteko. Bi gipuzkoarrekin batera Giampolo Cheula italiarrak izan behar luke errepidean kapitaina, une jakin batzuetan bere ezaugarriak (mendate txikietan ongi moldatzea eta abiadura puntua) baliatzeaz gain.

cardoso

Garaipenak kostata lortuko dituen taldea izango dela pentsatzea da normalena. Hala ere, denboraldi hasiera honetan jadanik bi lortu ditu. Batetik, taldeak izan dezakeen errematatzailerik handienetako batekin, Manuel Cardoso Portugalgo txapeldunarekin, Down Under-en goruntza egiten zuen helmuga batean gailenduta. Erdi mailako mendian ez da gaizki moldatzen, eta horri gizon azkarra dela gehituta, multzo txikietan garaipenen bat edo beste pilatzeko mutil aproposa da, bere herrialdean ongi zaildutakoa. Bestea Rafael Valls valentziarrak erdietsi zuen Argentinako San Luis Tourrean, ailegaera mendatean zuen etapa batean. Orain bi urte Espainiar Estatuko gazterik dohatsuenetakoa zela erakutsi zuen, eta honenbestez bere fruituak ematen has daitekeela ematen du. Bere herkide Pedro Merino ere antzeko sona lortuta pasa da profesionaletara, aurreneko urtea handienen artean honakoa izango badu ere.

Besoak altxatzea lor dezaketen txirrindulariak zeintzuk izango diren identifikatzea ordea ez da bat ere erraza. Martin Pedersen daniarra eta José Alberto Benítez eta Enrique Mata espainiarrak sprinter profila betetzen duten gizonak dira, baina maila txikiko probetan lortuko dute, izatekotan (eta ezustekorik ez dela, noski) halako emaitzarik. Michele Merlo italiarra ere tankera horretakoa da, baina bere garapenak gorakorragoa dirudi. David Vitoria suitzarra bera ere gizon azkarra da. Euren gainetik ordea, 2008an Euskal Bizikletan lortutako garaipenagatik batez ere, Eros Capecchi gaztea aipatu behar da hemen. Iazkoa ordea ez zen urtea oparoa izan beretzat; dena den, aurten maldan gora horren gazterik zela erakutsi izan zuen distira bereganatzea espero behar da.

eibegger_brandle

Capecchi-rekin batera itzuli txikietan onenengatik gertu egoteko moduan duten beste gizona Markus Eibegger austriarra izan daiteke. Azkeneko bizpahiru urtetan gora egitea kostatzen ari zaio, baina tarteka gauza politak erakutsi ditu, eta itxaropen horrekin fitxatuko zuen Matxin-ek seguru asko. Eta antzeko intentzioaz, baina epe luzegoan burua jarrita agian, Elk-Haus austriar harrobi oparoan taldekide zuen Matthias Brändle erraldoia. 20 urte bete berri dauzka, hortaz patxada izan beharko dute berarekin, baina bere herrialdeko harri bitxia dela baieztatzen dute askok. Orain arte erlojuaren aurkakoan eman du mailarik onena. Bi austriarrekin batera, eta aurrez aipatu direnez gain, Arkaitz Duran gasteiztarrak oraindik itxaropena sortzen jarraitzen du. Dena den, oraindik oso gaztea bada ere, urteak aurrera doaz, eta bere garaian espero zenik ez du inondik inora erakutsi. Iaz muturra apur bat azaldu zuen, eta bide horri eusten ahalegindu beharko da pixkanaka goruntza egiteko.

Izen handi gutxi beraz esan bezala Matxinek eskuartean duen proiektu berrian. Euren zoritxarrerako, eta urte hasiera polita izaten ari diren arren, zalantzak dexentez gehiago dira. Horien artean, zein lasterketa korritu ahal izango dituzten, taldearen iragan ilunaren ondorio. Edozein kasutan, taldearen osagaiak zeintzuk diren onartu eta horri etekinik handiena ateratzen ahalegindu beharko luke bizkaitarra buru duen zuzendaritzak (beste bizkaitar bat ere, Sabino Angoitia, bertan da), etorkizunari begira beren mutilei ofizioa erakutsi eta nola zaildu behar duten irakasteaz gain.