Gizonezkoetan, Martin alemaniarra izan da bigarren eta Froome hirugarren. Nabarmentzekoa da, letra larriz gainera, Jonathan Castroviejo getxoztarra bederatzigarren sailkatu dela. Emakumezkoetan, Arndt alemaniarra sailkatu da bigarren postuan eta Zabeliskaya errusiarra izan da hirugarren.
Zer dauka txarretik Wigginsek denboraldi honetan egindakoak? Gauza gutxi, benetan. Baina bat bai. Gailurra jo duela kasik. Alegia, ia ezinezkoa da aurtengoa errepikatzea: Paris-Niza, Romandia, Dauphine Libere, Tourra eta Olinpiar Jokoak. Orain argitu beharreko zalantza hauxe da: Herebeheretan jokatuko diren Munduko Txapelketa lehiatuko duen. Continue reading “Wigginsek eta Armstrongek irabazi dute urrea erlojupekoan”

Joaquim Agostinhoren izena ezezaguna izango da guztiz tropelzale gehienentzat, 70eko hamarkadako ziklista baten izen-abizenak dira eta. Portugalek emandako ziklistarik onena inondik ere. Tourrean bost etapa irabazi zituen, tartean L’Alpe d’Huezekoa. 42 urterekin hil zen, Portugalgo Itzulian izandako eroriko baten ondorioz. Rui Costak ez zuen ezagutu, Agostinho hil eta bi urtera jaio baitzen. Dena dela, haren bidetik ari da Movistar taldekoa. Urtez urte, urratsez urrats. Iaz, Tourreko etapa eta aurten, etapa Romandiako sailkapen nagusian hirugarren eta Suitzan etapa eta sailkapen nagusia. Eta 25 urte besterik ez ditu…
Joan den urtean bezala, Wigginsek irabazi du Dauphine. Denboraldi honetan, Paris-Nizan eta Romandiako Tourrean ere nagusitu da ingelesa.
Kirol kazetari batek lelo bihurtu zuen honako esaldia duela urte batzuk : “Bizitza zoragarria izan daiteke”. Ezin aproposagoak dira hitzok Giroko gaurko etapa deskribatzeko. Balentria handia egin du Rabottinik. Ehun bat kilometro bakar-bakarrik egin ditu eta azkenean, etapa garaipena lortu du. Faboritoen artean, Rodríguez izan da onena eta maglia arrosa jantzi du berriro. Basso, Scarponi eta Kreuziger orpoz orpo sartu dira -14 segundoren bueltan da hirukotea-. Mikel Nieve eta Beñat Intxausti onenengandik oso hurbil helmugaratu dira. Pozzovivok, Uranek eta Rujanok, ordea, kale egin dute Pian dei Resinellin bukatutako etapan. Euria izan dute bidelagun ziklistek, eta oso ibilbide gorabeheratsua.