Contadorren auziak 2007ko Tourra ekarri dit gogora bat-batean. Gogora dezagun zer gertatu zen urte hartako Tourrean. Lurrikara izan zen proba bukatu baino egun batzuk lehenago, Rasmussen liderra kaleratu zutelako; itzulia bukatuta Iban Mayo ere zigortu zuten. Lasterketa benetan ikusgarria ikusiko genuela ematen zuen; faborito argirik ez eta hautagai asko. Ezin ahaztu aurreko urtekoa Pereirok irabazi zuela ustekabean, Landisi, positibo emateagatik, maillot horia kendu baitzioten. Alpeetako lehen etapa handiak, Tignesen bukatu zenak, erakutsi zuen oso Tour interesgarria eta irekia ikusiko genuela; Rasmussenek azken bururaino eraman zuen ihesaldi luzea eta etapa eskuratzeaz gain, maillot horia jantzi zuen. Iban Mayo bigarren sailkatu zen eta Contador gaztea ez zen aparte ibili. Continue reading “Iraganeko mamuak”
Kategoria Artxiboak:Txirrindularitza
Leipheimer, Duracell taldekoa
Duracell pila etxe ezagunak txirrindularitza taldea osatuko balu, Leipheimerrek tokia izango luke bai ala bai. Kaliforniarrak 38 urte ditu eta sasoi batean jarraitzen duela erakutsi berri du, Argentinan jokatutako San Luiseko Tourra eskuratuta.
2001ean egin zen ezagun Leipheimer, Espainiako Vuelta hirugarren postuan bukatu baitzuen -1o urte pasatu dira, alajaina!-. Handik hona, oso ibilbide oparoa osatu du; urte batzuetan Armstrong eta Bryuneelen altzoan eta beste urte batzuetan, taldeburu gisa. Emaitza onenak Bruyneelen ondoan lortu ditu.2001ean Us Postalen zebilen. 2007an, Tourreko podiuma zapaldu zuen Contador eta Evansen atzetik Discovery Chanel taldean zebilela –Us Postalen segida- eta urtebete geroago, 2008an, -Bruyneelek gidatutako Astana taldean- Contador irabazlearen atzetik bukatu zuen Espainiako Vuelta; batek baino gehiagok gainsariekin lotzen du Vuelta hura, izan ere, gainsaririk gabe Leipheimerrek Contador garaituko zukeen. Continue reading “Leipheimer, Duracell taldekoa”
Australiatik Argentinara
Greipel, Gerrans, Valverde… Txirrindulari horiek nabarmendu dira, beste batzuen artean, Australiako Tour Down Under lasterketan. Haiek denboraldia abian dela ohartarazi gaituzte egunotan. Aste honetan, San Luiseko Tourraren txanda da, Argentinan -hilaren 23tik 29ra-. Txirrindulari ezagun batzuk bertan zailduko dira, eta itzuli interesgarria ikusteko aukera ere ematen du ibilbide gorabeheratsuak, mendiko etapak ez direlako falta, ezta erlojuz kontrako saiorik ere -15 kilometrokoa-. Txirrindularitza zaleon urte hasierako gosea apaltzeko aukera polita. Continue reading “Australiatik Argentinara”
Zuekin guztiekin, Daniel Teklehaymanot
Alain Laiseka kazetariak Noticias de Gipuzkoa kazetan kaleratutako erreportajeak jarri gaitu ziklista honen peskizan. Nor da Daniel Teklehaymanot? Bada Afrikako Eritrea herrialdekoa da eta aurten Australiako Green Edge talde indartsuan ariko da. Kate motzean lotu beharrekoa…
Eritrea Afrikako, eta munduko, nazio gazteenetakoa da; 1993an eskuratu zuen burujabetza. Lau milioi biztanle inguru ditu eta atleta handiak eman ditu, Afrikako beste herrialde batzuek bezala. Eta ziklistarik ere eman du. Daniel Teklehaymanot da horren adibide. 1988an jaioa, 2008an egin zuen debuta Amore&Vita taldean, 20 urterekin beraz. Europan baina, ez zuen lasterketarik lehiatu; hortaz, oharkabean pasatu zen. Norbaitek, ordea, begiz jo zuen eta Suitzako Aiglen txirrindulari gazteak trebatzeko dagoen gunera eraman zuen eritrear gaztea. Continue reading “Zuekin guztiekin, Daniel Teklehaymanot”
Sarea botata, albisteen peskizan
Negu gorria Euskal Herrira iritsi dela-eta, etxean geratzea kalera ateratzea baino aukera hobea da batzuontzat. Hori baliatuta, komunikabideetan arrantzan ibili gara, han eta hemen, batez ere sarean, txirrindularitzarekin lotutako albisteak bilatu nahian. Ea ba…
Apurka apurka taldeak 2012ko plangintza zehazten ari dira. Badira aste batzuk Euskaltelen planaren berri dugula. Okerrik ez bada, Mikel Nieve izango da talde burua Giroan, Sanchez Tourrean eta Igor Anton Vueltan. Beharbada, Andy Schleck -argazkian- duda mudatan ikusteak harritu du bat baino gehiago. Giroari ez dio atea guztiz itxi. Ez da harritzekoa, Tourra ez baita oso egokia berarentzat. Izan ere, erlojuz kontrako kilometro asko izango baititu Frantziako Itzuliak 2012an. Rodriguez kataluniarrak zalantza gutxiago ditu, eta ia ziurtzat jo daiteke Giroa eta Vuelta lehiatuko dituela, aurten bezala. Basso Girora itzuliko da, aurten kale egin eta gero. Italiarra gogotsu dago eta Giroa eta Tourra lehiatu nahi ditu. Hori bai, gauza bat nahia da eta bestea ahalmena; errealistagoa edo egingarriagoa dirudi Giroan goiko postuetan egoteak, Tourrean gandorra erakustea baino. Kreuziger ere Italiara arrimatuko da udaberrian; Tourraren ibilbideak ez du gatibatu, eta txekiarra Giroko podiumera igo nahi duela esan du. Laburbilduz, Mikel Nieve, Rodriguez, Basso eta Kreuziger ziurtzat jo ditzakegu Giroan. Continue reading “Sarea botata, albisteen peskizan”