Nola kontatuko diezu gaurkoa seme-alabei eta bilobei, Rabottini?

Kirol kazetari batek lelo bihurtu zuen honako esaldia duela urte batzuk : “Bizitza zoragarria izan daiteke”. Ezin aproposagoak dira hitzok Giroko gaurko etapa deskribatzeko. Balentria handia egin du Rabottinik. Ehun bat kilometro bakar-bakarrik egin ditu eta azkenean, etapa garaipena lortu du. Faboritoen artean, Rodríguez izan da onena eta maglia arrosa jantzi du berriro. Basso, Scarponi eta Kreuziger orpoz orpo sartu dira -14 segundoren bueltan da hirukotea-. Mikel Nieve eta Beñat Intxausti onenengandik oso hurbil helmugaratu dira. Pozzovivok, Uranek eta Rujanok, ordea, kale egin dute Pian dei Resinellin bukatutako etapan. Euria izan dute bidelagun ziklistek, eta oso ibilbide gorabeheratsua.

Bizikleta zaleak zaretenok, edo hobe esanda, bizikletan, bakarrik, 100dik gora kilometro eginda zaretenok nik baino hobeto konta zenezaketen gaur Rabottinik, inor aldamenean ez zuela egindako bide luzean, izango zituen burutazioak. Tropelzale askok twitterren azaldu bezala, handia egin du, benetan 24 urteko italiarrak. Mendiak igo, jaitsi, berriz igo, berriz jaitsi… Dena egin du bakarrik Farnese taldeko txirrindulariak. Baita kolpeak jaso ere. Erori ere egin da azken mendateari ekin aurretik, baina ez zegoen amore emateko prest. Rodríguez ziztu bizian bere aldamenean ikusi duenean ere, azken kilometroan, eutsi dio, tinko, eta garaipenari kutsu epikoa eman dio. Aurrerantzean lortzen duena lortzen duela ez du gaurkoa gainditzerik izango Rabottini ausartak. Seme-alabek eta bilobek aho bete hortz begiratuko diote aitari eta aitonari, hurrenez hurren, Giroko etapa irabazi zuenekoa kontatzen dienean. Ziur.

Azken astearen esperoan, pil-pilean dago Giroa. Rodríguez lider, Hesjedal 22 segundora, eta BassoScarponiKreuziger hirukotea minutu eta erdira dago, Dolomiten esperoan. Beñat Intxaustik zazpigarren postuan jarraitzen du eta asteburu menditsua eta gero badu meritua. Eta Mikel Nieve ere ez dabil oso aparte sailkapen nagusian -18. postuan-. Iosu Garate adiskidearekin ados nago; Alpe di Pampeagoko etapan, ostiralean erabaki daiteke Giroa. Nik oraindik ere Giroa hasi aurreko podcastean botatakoari eusten diot; azken aurreko eguneko aldapetan, Mortirolo eta Stelvio tartean, ez dut uste ustekaberik –oilarren baten txakalaldirik- egongo denik. Hala eta guztiz ere, orain arteko parekotasun handia ikusirik beharbada nire hitzak jan beharko ditut.

Bide batez, zuetako askok jakingo duzuen bezala, Frank Schleck etxera joan da. RadioShacken Giroak ere merezi du luze eta zabal hitz egitea edo idaztea, baina hori beste egun baterako utziko dugu.

Argazkia: Sirotti